Juan Bautista Urdangarin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 15a, 12:54

Juan Bautista Urdangarin Esnal 1941ko abuztuaren 28an, San Agustin egunean jaio zen Goiburu auzoko Erdiko Inbutegi baserrian. Bertako Gabriel Urdangarin Garro eta auzo bereko Oiarbide baserriko Andresa Esnal Izagirreren zazpi seme-alabetatik seigarrena da. 28 urterekin, ezkontzearekin batera, Oztaran auzoko Garratza etxera joan zen eta geroztik bertan du bizilekua.

Esaguzu “Ezkerra” ezizena nondik datorkizun?
Juan Bautista Urdangarin: Ezkerra naizelako. Umetatik hasi ziren horrela deitzen eta betirako gelditu naiz ezizen horrekin.

Haurtzaroan etxean ardirik ba al zenuten?
J.B.U.: Gure baserrian ez zen ardirik, seguruenik denera ezin zirelako iritsi. Ama zenak bere gazte denboran Oiarbideren ardiak zituzten eta hark ardien mundua ezagutzen zuen, gaztak egiten ere bazekien. Gure jaiotetxea baserri koxkorra zen, lur sail gutxikoa, baso asko eta belaze gutxikoa. Gure aita ere lanera joaten zena zen, Manuel “Matxo” eta horiekin igeltsero moduan aritzen zen batean eta bestean. Etxean lauzpabost behi eta idi parea izaten genituen.

Zer egiten zenuten esnearekin?
J.B.U.: Ama Hernanira joaten zen astoarekin esnea saltzera. Eta gerora Goibidietara eramaten genuen. Goibidietakoak Donostian saltzen zuten esnea. Haiek bi astorekin jaisten ziren baserritik, gero trenean Donostiara joateko. Geltokitik bertan dagoen Agerre baserriaren inguruan, “astotegia” ere bazen. Horrela deitzen zitzaion, baserritarrek trenean joateko astoak uzten zituzten tokiari. Goizeko zazpi eta erdietako trena hartzen zuten.

Barazkirik saltzen al zenuten?
J.B.U.: Ez, gure etxeak ez zuen lursailik baratza askorik egiteko. Etxerako adina egiten zen. Lursail gehiago zutenek saltzeko postua izaten zuten Donostiako San Martin edo Bretxako merkatuetan.

Non ibili zinen eskolan?
J.B.U.: Gu herriko eskola publikora etortzen ginen. Gero, hamaika edo hamabi urterekin Galarraga baserrira morroi joan nintzen. Garai haietan ere sagardoa egiten zuten, baina etxerako adina. Orduan utzi nuen eskola, egia esan lehenago ere ez ginen askorik joaten. Aurrena etxeko lanak izaten ziren eta gero eskola. Galarragan nintzela gaueko eskola partikularrera joaten hasi nintzen Idiazabal kalean zegoen Lizardi baserrira.. Han, bertako alaba zen Anjelita Ugaldek ematen zituen klase partikularretara. 1956. urteko otsaileko izotzaldi handi hartan oraindik Galarragan nintzen, eta hurrengo urtean etxera bueltatzearekin batera klaseak ere bukatu ziren betirako.

Baina ez zinen baserriko lanetan hasi?
J.B.U.: Andoaingo Landart fabrikan hasi nintzen lanean. Orain Laburu fundizioa denean oraindik 15 urte nituela hasi nintzen. Han bi urtetan aritu nintzen lanean. Gero handik Hernaniko Papelera del Nortera joan nintzen. Eta han pasa nituen 17 urte. Gogoan dut kotxea ekarri berria nuela, parora bota gintuztela. Baina aukera eskaini zidaten beste lanpostu batera joateko. “Sorabillan hiretzako lan polita bazeukat parora joan nahi ez baldin baduk”, esan zidaten. Eta horrela berriro Andoainera bueltatu nintzen. Itasa enpresara. Laguntzaile moduan lan egiteko aukera eskaini zidaten, baina ordainsaria polita iruditu zitzaidanez harantz joan nintzen. Egun seinalatuan sartu nintzen han, Franco hil zela deklaratu zuten egunean hain justu. Paper fabrikatan egindako paperari produktu bat ematen diete han, eta nik esperientzia banuenez berehala aldatu ninduten postuz. Aurre-jubilatu arte bertan aritu nintzen.

Eta ardiekin noiz hasi zinen?
J.B.U.: Duela bost urte, eta geroztik Xabier Etxeberriaren ardiekin nabil. Ordu arte bi edo hiru behi edukitzen nituen larrean. Haiekin ernari gelditzeko eta arazoekin nenbilen eta Xabierrek esan zidan behiak berak erosiko zizkidala, ni beregana ardiak zaintzera joatekotan. Eta geroztik hemen nabil.

Bera artalde batekin eta zu bestearekin ibiltzen zarete?
J.B.U.: Bai, hark jeztekoak ibiltzen ditu eta nik antzuak eta umatu behar dutenekin.

Neguan herri inguruan ibiltzen zara artaldearekin eta uda partean?
J.B.U.: Udan Azkorte inguru horietan ibiltzen naiz. Bi urtetan joan ginen Urbasara baina nafar horiek dena beraiena dute, Donostiako hondartza ere ahal balute hartu eta eramango lukete -dio ironiaz-. Han Urbasan eduki genituen bi urte haietan, astean behin buelta bat egiten nuen ondo zeudela ikusteko. Toki oso ona da, baina begiratu txarrak izaten genituen, paperak ere besteren baten izenean egin behar izaten ziren, kamioarekin ere gastu handiak... Hango zaintzaileekin ere arazoak besterik ez genituen izaten eta joateari utzi egin genion. Udan ardia mendian hobeto egoten da, baina ilea ondo moztuz gero hemen ere ondo egoten dira.

Zakurrari bere lana erakustea zaila egiten al zaizu?
J.B.U.: Bai kosta egiten da, pazientzia handia izan eta egunero ibili behar da berarekin. Pertsonak bezalaxe zakur denak ere ez dira berdinak. Hemen daukaten hau “Beltza” neronek hezitakoa da.

Gaztak egiten ikasia zara?
J.B.U.: Ez, gazta egiteko denbora asko behar da. Dena esnetan saltzen dugu. Gainera gaur gauzak behar bezala egiteko, Arantzazun ibilia, patentea eta abar beharrezkoak dira.

Zer iruditzen zaizu Arantzazuko artzain eskola?
J.B.U.: Beharbada onerako izango da. Lehengo artzain zaharrak batere eskolarik gabe hortxe dabiltza. Mutil koxkorretan hasi eta hortxe jarraitzen dute. Nire ustez beste gauza askotarako bezala artzainak ere berezkoa behar du, eta txiki txikitatik hasitakoa izatea. Gazta egiten eta ikasiko dute baina horrekin ez da nahikoa izaten, eskua ere behar baita.

Ardiak ezagutzen al dituzu?
J.B.U.: Hauek denak ezagutzerik ez dago, gazte-gaztetatik hasi behar da horretarako. Lehengo artzain zaharrak bai, haiek, ez bakarrik ezagutu, ardi bakoitzari izena jarri ere egiten zioten. Orain belarrietan jarritako seinaletatik ezagutzen ditugu.

Eguna nola antolatzen duzu?
J.B.U.: Goizeko zortzietan etortzen naiz ardiengana. Buelta egin, ondo baldin badaude bere horretan utzi eta goiz erdian larrera eramango ditut belarra jan dezaten. Bertan bazkaltzen dut ogitartekoren bat edo, zahatotik ardo trago ederrak eginez, eta bostak aldean bildu eta hurrengo egunera arte.

Noiz arte jarraitzeko asmoa?
J.B.U.: Ezinduta gelditu arte. Ibiltzeko ondo nagoen arte lantegi honekin jarraituko
dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!