Lasartearren erromeria igandean Azkorten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 9a, 17:09

Ohiturazko meza, herri kirolak eta bertsolariak goiz paregabea igarotzeko aukera izango du maiatzaren 10ean Urnietako Azkortera igotzen denak. Honakoa izango da egitaraua:

Egitaraua

Erromeriari hasiera emateko, 11:00etan meza ospatuko da Azkorteko ermitan. Bertan, izango dira Alboka abesbatzako kideak eta Amalur eskolako trikitilariak meza kantuz laguntzen. Ondoren, festak ermita kanpoaldean jarraituko du. 12:30etik aurrera, herri kirolak ikusteko aukera izango da eta bikotekako lehia bizia ikusi ahal izango da. Aizkora lanetan, Mugertza aita-semearen arteko norgehiagoka egongo da eta harri-jasotzen bi gaztetxo izango ditugu, 16 urteko Idoia Etxeberria eta 13 urteko Beñat Telleria. Egin beharreko lanak enborrak aizkoraz moztu, harria jaso eta enborrak trontzatu. Lasarte-Patxi Etxeberria eta Unai Muñoa ere bertan izango dira bertso batzuek kantatu eta giroa alaitzeko. Honetaz gain, goiz guztian zehar, Amalur eskolako gaztetxoek beren doinuekin erromeria girotuko dute. Aterpean, gainera, tabernatxoa egongo da salda, pintxo eta edariekin erromeria nahi den adina luzatzeko. Azkorteko erromeria Lasarteko Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!