Elkarretaratzea osasun etxearen atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 8a, 18:16

Atzo iluntzean UEMAk Villabonako anbulatorio aurrean antolatutako jendaurreko agerraldian 40 lagun inguru bildu zen. Tartean EHEko kideak, LAB sindikatuko kideak, UEMAko udaletako hautetsiak, eskualdeko euskaltzale batzuk eta herritar soilak.
Marimi Ugalde Irurako Udaleko alkateak Udalek onartutako mozioa irakurri zuen; gero, Paul Bilbao Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak hitza hartu zuen eta, azkenik, Xabat Laborde EHEko kideak bere ekarpena egin zuen. 

Osakidetzaren lan deialdiaren aurkako dinamika ez da hemen amaitu. Aurrerantzean, herritarrei kexak eta erreklamazioak jartzeko deia egingo zaie.

MOZIOA, OSAKIDETZAREN AZKEN LAN DEIALDI PUBLIKOAREN AURKA

Tolosaldean, mozioa onartu duten UEMAko udalak: Aduna, Anoeta, Altzo, Alegia, Amezketa, Elduain, Irura, Orexa, Ikaztegieta, Gaztelu eta Baliarrain.

Tolosaldetik kanpo, UEMAko udalen artean: Usurbilen, Azpeitian eta Aulestin onartu dute. Gaur bertan, maiatzak 7, Azpeitiko Udalak mozioa tratatuko du osoko bilkuran. Beste askok maiatzean tratatuko dute.

UEMAtik kanpo baina eskualdean: Villabonako Udalak ere onartu du mozioa.

Bestelako atxikipenak: LAB, Euskal Herrian Euskaraz, Tolosaldeko AEK, Kontseilua, Villabonako Bai Euskal Herriari, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Txolarre Irratia.

TOLOSALDEKO UDALEK ONARTZEKO MOZIOA
UEMAren Zuzendaritza Batzordeak proposatuta


1.- Lehenik eta behin, Udalak kezka eta harridura adierazi nahi ditu Osakidetzak abian jarritako azken lanpostu publikoen deialdiaren harira. Deialdi horrek Tolosaldeko herri askotan eragiten du, hainbat anbulatoriotan (gutxienez, Ibarrakoan, Tolosakoan eta Villabonakoan). Zoritxarrez, azken deialdiaren ondorioz, anbulatorio horietan lanean hasiko diren langile batzuek ez dute euskararik jakin beharko. Horren ondorioz, orain arte bezala, erdaldun elebakarrek tokia izango dute anbulatorio horietan, eta horrek ez du bermatuko osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea. Atzerapauso handia da hori, bere garaian Osakidetzak onartutako plana ez baita beteko, eta euskaldunok bigarren mailako herritar gisa geratzen baikara. Berriro ere osasun zerbitzuak erdaraz jasotzera kondenaturik gaude, Osakidetzak ez baitigu ematen zerbitzua euskaraz jasotzeko bermerik.

2.- Bigarrenik, Udalak dei egin nahi die Osakidetzako buruei eta erantzule politikoei euskaldunen hizkuntz eskubideak kontuan har ditzaten, sindikatu korporatibista erdaltzaleen interesen aurrean. Izan ere, euskaldunon hizkuntz eskubideak eta CC.OO. eta SATSE sindikatuen interesak balantzan jartzean Osakidetzak azken horien alde egin du. Udalak argi eta garbi esan nahi du euskaldunak bagarela nor herri euskaldunetako osasungintzaren gainean iritzia emateko eta eskubideak aldarrikatzeko. Beraz, Udalak Osakidetzari eskatzen dio euskarak merezi duen tokia izan behar duela eskualdeko anbulategietan, eta euskara ezin dela geratu beste hizkuntza baten mende.

3.- Hirugarrenik, Udalak kezka adierazi nahi du deialdietan euskarak izan duen balorazio eskasarekin. Izan ere, euskararen balioa ez da administrazio elebidun batean izan beharko lukeena, ez barne promozioetan, ez lanpostu deialdietan. Horren ondorioz, bihar Villabonan, Ibarran, Tolosan eta gune euskaldunetako beste anbulatorio askotan langile erdaldunak has daitezke lanean. Kasurik onenean, 2010eko abenduan egiaztatu beharko dute euskara maila jakin bat; txarrenean, hori ere ez. Erdaldun etorri eta erdaldun jubilatu ahal izango dira, edo, kasurik onenean, diru publikoaren bizkar sartuko dira euskalduntze prozesuan. Osakidetzako arduradunek nahiago izan dute hori lanpostu horietan langile euskaldunak jarri baino, eta hori guztiz salagarria da Euskal Herrian eta, bereziki, udalerri euskaldunetan.

4.- Laugarrenik, Udalak ez du alde batera utzi nahi nazio mailako irakurketa. Izan ere, eskualdean gertatutakoa ez da kasu bakana, Hego Euskal Herriko udalerri euskaldun askotan gertatzen baita gauza bera. Euskararen gaineko betekizunik ez edukitzeak agerian uzten du urrun gaudela Euskararen Aholku Batzordeak “Euskara 21” txostenean adierazitako asmoetatik: “Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusia den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, eta ez beste inon, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak helduleku nahikorik, bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboei, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokienez. Arnasgune horiek zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan”. Errealitateak erakutsi digu hitzak hitz direla eta errealitatea oso bestelako kontua dela.

5.- Bosgarrenik, Udalak euskaraz bizitzeko nahia eta premia aldarrikatzen ditu berriro ere, eta, horren harira, eta, udalerri euskalduna izatearekin zintzo eta koherente jokatze aldera, Osakidetzari irmo eskatzen dio gure herritarrei osasun zerbitzua ematen dieten langile orok euskaldunak izan behar dutela eta hori betetzeko eskura dituen neurri guztiak har ditzala.

6.- Azkenik, Udalak dei egiten die eskualdeko euskaldunei Tolosaldeko anbulatorioetan eta gainerako osasun zentroetan zerbitzua euskaraz eskatzeko eta zerbitzua euskaraz jaso ezean erreklamazioak jartzeko, bai osasun zentroetan bertan (hango erreklamazio orrietan), bai bestelako erakundeetan ere (adibidez, Behatokian edo/eta UEMAN). Euskaldunok ez dugu zertan isilik geratu horrelako injustizia baten aurrean. Ezin gaituzte euskara baztertu eta gaztelaniaz hitz egitera behartu, beren gabeziengatik, interes korporatibo eta politikoengatik edota udalerri euskaldunetan euskara behar bezain tinko ez defendatzeagatik. Bide horretan, Udalak dei egiten die euskaldunei euskaldun koherente gisa jokatzera eta euskaldunen aurkako hizkuntz politika beren egunerokotasunean salatzera.

 

'Hizkuntza-Eskubideak Osasungintzan' idatzia plazaratu zuen Behatokiak:

Hizkuntza-eskubideen egoeraren lehen diagnosia aurkeztu genuenetik, 2001etik hain zuzen ere, osasungintzaren eremua beltzune izan da urtero. Ehunka eskubide-urraketaren berri helarazi zaio OSAKIDETZAri: zerbitzua euskaraz ezin jaso, informazioa gaztelania hutsean zabaldu… Eta kexa horiei konponbidea emateko urratsak eman beharrean, hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzeko politikari ekin diote behin eta berriro.

2002. urtean milaka lanpostu hornitzeko lan deialdian postu bati ere ez zitzaion euskararen derrigorrezko ezagutza ezarri (bai, ordea, gaztelaniarena), Euskara Normalizatzeko Dekretuak gabezia guztiak konponduko zituela aitzakiatzat jarrita. Ondoren, izan diren lan deialdietan ere euskararen derrigorrezko ezagutza sinbolikoa izan da. Are gehiago, euskararen derrigorrezko ezagutza zuten lanpostuetan langile elebakarrak kontratatzeko zirrikitu legalak zabaldu izan dituzte.

Euskaldunok, antza, ez dugu eskubiderik osasun-asistentzia duina jasotzeko. Garrantzitsuagoa ei da besteen interesak herritarren eskubideen aurrean jartzea. Hau da, euskaldunoi inolako tempus zehatzik ezarrita ez duen progresibotasunak edota arian-arian delakoak bermatuko dizkigu inoiz eskubideak.

Argi eta ozen esan behar dugu ez dagoela eskubiderik. Egoera hau, honez gero, jasangaitz bihurtu dela berezko hizkuntza baliatu nahi duten herritarrentzat, eta ondorioz, BEHATOKIAk bere atxikimendua agertu nahi dio Tolosaldeko hainbat udalek, beste hainbat eragilerekin batera ekin dioten kanpaina honi.

 

Amasa-Villabonako Euskal Herrian Euskaraz taldearen izenean, Xabat Labordek 'Osakidetzako oposaketak: Euskararen normalkuntzarako oztopo berri bat' idatzia irakurri zuen

Datozen hilabeteetan oposaketa bidez 2400dik gora lanpostu publiko berri eskainiko dira Osakidetzan. Lanpostu berriak eskaintzea eta ondorioz jende ugarik lan berri bat bilatzeko aukera izatea albiste pozgarria bada ere, kasu honetan ere euskararen ikuspegitik Jaurlaritzaren iruzur berri baten aurrean aurkitzen gara. Oposaketa hauen bitartez, Osakidetza bezalako oinarrizko zerbitzu publiko batean, euskaldunok pairatzen ditugun hizkuntza eskubideen urraketak orokortu besterik ez dira egingo.

Beraz, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako eraso larri baten aurrean gaudela ozen esan dezakegu. Osakidetzan euskaraz bizitzetik urruti, erdarari bidea irekitzen zaio. Medikura, osasun etxera edota ospitalera joan eta euskaraz artatuak ez izateko aukerak handiak dira, tamalez. Zerbitzua euskaraz eskatu, eta segituan asaltatzen denik ere badugu gure inguruan. Euskaldunok gure herriko zerbitzu publikoetan gure hizkuntzan artatuak izateko eskubide osoa dugu eta zoritxarrez oposaketa hauek eskubide honen bortxaketa sistematikoan sakontzea besterik ez dute ekarriko.
     
Datuek argi erakusketan dute gaur egungo administrazioetan indarrean dagoen hizkuntza politikak hutsune nabariak dituela. Zentzu horretan, aldaketaren premia inoiz baino ageriagoa da, erroko aldaketa. Sustraietatik eutsi eta euskarari lehentasuna emango dioten politikak behar ditugu. Euskara erdaren menpeko izaeratik atera eta lehenetsi egin behar dugu, euskaraz biziko den herri baten eraikuntzaren mesedetan. Euskal Herri euskalduna dugu helburu, euskaraz biziko den herria. Eta herritarrak izan behar gara horretan protagonista nagusi, gure esku baitago Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan adreiluak ipiniz joatea.
   
Azkenik, azpimarratu nahi dugu presio egiteko biderik eraginkorrena herritarren inplikazio zuzena dela. Beraz gure eskubideen kontrako eraso berri honen aurrean herritar guztiei dei egin nahi diegu Osakidetzaren anbulatorioetan euskaldunen eskubideak aldarrikatu ditzatela,  eskuragarri dauden erreklamazio orriak erabiliz.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!