Anjel Lertxundiren hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 8a, 15:05

Zoaz infernura, laztana eleberriagatik 2008ko Beterriko Liburua Literatur Aipamena jaso ostean, Anjel Lertxundi idazleak Zizurkilgo Olentzo jatetxean eskaini zuen hitzaldia, osorik:

Agintariok, adiskideok eta agintari adiskideok:

Jon Unanuek telefonoz deitu zidanean sariaren berri emanez eta lehendabiziko idazlea nintzela saria bi aldiz irabazten zuena, postariak beti deitzen du bi aldiz esan zidan umorez, Zoaz infernura, laztana-ren hasieran datorren aipuko liburua gogoraraziz. Eskerrik asko orduko sariarengatik, eskerrik asko gaurkoarengatik.

Baina idazle izateaz gainera, bai bainaiz irakurlea ere, ezagutzen ditut neuk ere nire liburuarekin lehian izan diren beste idazleen liburuak. Eta ezagutzen ditut halaber, lehian izan ez badira ere, niri asko gustatu zaizkidan beste liburu batzuk. Gogora ekarri nahi ditut hona, bat eta bi baino gehiago izan zitezkeen eta –merezimenduz izan ere–, Beterriko sari. Azken 30 urte hauetan asko jaso omen dugu literaturaren maila, eta hori esaten denean idazleak bakarrik aipatzen dira. Baina idazleok ez genukeen aurrera egingo zuek gabe. Literaturaren maila ez zitekeen jasoko zuek ere, irakurleek, maila jaso ez bazenute. Bada, gaur zuek ekarri nahi zaituztet gogora modu berezi batez. Nire liburua bozkatu duzuen eta bozkatu ez duzuen irakurleak, irakurle anonimoak, irakurle errealak, irakurle behar-beharrezkoak, askotan idazleok behar bezala zaintzen ez zaituztegunak. Ez nuke ahaztu nahi, eta ez dut ahaztu nahi: irakurleak eta idazleak elkarrekin gara literatura, elkarrenganako babesari esker egiten ari gara gure literatura.

Gogoan iltzatuta geratu zaidan ipuin labur bat irakurri nuen orain urte batzuk. Honela zioen gutxi gora-behera: Bi emakume erietxe bateko gela batean daude, ohe banatan. Oso daude gaixo eta ezin dira mugitu. Ezin dute ohetik jaiki. Leihotik hurbilen dagoen emakumeak leihoaz haratago gertatzen dena kontatzen dio egunero beste emakumeari. Gizon gabardinadun batek nola egiten dion gortea guardasol gorri bat daraman neska polit bati. Kontatzen dizkio leihotik ikusten dituen istorio tristeak ere. Eserleku batean negarrez ari den emakume batena, kalean galduta dabilen ume koskorrarena… Goxotasun handiz kontatzen ditu istorioak, errealismo izugarriz, pasio eta gozamen apartaz. Alboko ohean dagoen emakumeak inbidia sentitzen du. Inbidiak gero eta gehiago jaten dio barrena: ez dagoela leihoaren aurrean, ezin dituela halako istorioak ikusi eta kontatu. Leihoa nahi du, zuzenean ezagutu nahi ditu lagunak hain bizi ikusten eta kontatzen dituen istorioak. Amorraziozko kolpe batean, eskua zabaldu eta leiho ondoko emakumearen arnasgailua kentzen du eta laguna hil egiten da. Gorpua erretiratzen dutenean, ohez aldatzeko eskatzen die erizainei. Halaxe egiten dute. Emakumea begiak arranpalo gelditzen da. Leihoak barne patio zikin abandonatu batera ematen du.

Gure barne patio zikin abandonatuari begira egiten da literatura eta barne patio zikin hori abandonatzen dugu irakurleok liburu bat zabaltzen dugun momentuan. Mirari literarioa deitzen zaio. Garai guztietan eta gizarte guztietan kanon estetiko bat dago, garaiari eta tokiari dagokiona eta liburu klase batek kanon hori jarraitu, zaindu, gorde eta betikotu egiten du. Beste liburu klase batek, ordea, gizartearen balioak jartzen ditu zalantzan. Galderak egiten ditu hartaz, bide berriak eta begirada berriak proposatzen ditu. Ildo beretik, Paul Valéry-k bi klasetako irakurketak bereizten zituen: distraitzen dutenak, gugandik urrutiratzen gaituztenak eta gure bihotzetara begiratzen dutenak. Denetarik behar du gizarte baten literaturak, denetarik behar ditugu irakurleok eta denetarik behar ditugu irakurketak. Hautatzeko aukerak, eskaintzaren ugaritasunak aberasten du literatura. Kanon baten eta bestearen arteko dialektikari esker egiten dute aurrera estetikak, literaturak berak eta literaturaren historiak.

Juan Marse-ren Un día volveré nobelan irakurri nuen segidan datorren pasartetxo hau: Emakume batek gizonezko bat ikusi du liburu bat irakurtzen. Gaixoa, hori da hori bakardadea pentsaturik, irakurlearen ondoan eseri eta hizketan hasi zaio gizonaren bakardadea entretenitze aldera. Barkatu nire atrebentzia, jauna, baina oso aspergarria izan behar du bere burua liburu bat irakurtzera derrigortzen duen gizaki baten patuak. Eta hona oso gutxitan aipatzen dugun literaturaren egitate bat: ordu askotako bakardadean sortua da baina, irakurleok ere ordu askotako bakardadean jasotzen dugu. Prozesu sortzaile bat gertatzen da denbora dezente irauten duen bakardade horretan, mundu bat eraikitzen duen prozesu bat. Idazleak segitu zuen prozedura bera eskatzen dio testuak irakurleari: nobela batean ageri diren pertsonaiak, istorioak edo giroak ez dira deus irakurlearen prozesu sortzailerik gabe. Gainera, eta hauxe da mirari literarioaren alderdirik onenetakoa; idazleak imajinatu ere egin ez dituen irakurketak egin ditzake irakurleak, bere prozesu sortzailea ez baita idazlearena bera, ezta gainerako irakurleena bezalakoa ere.

Lehen mundu gerra da, Leo Perutz idazle pragatarra lubaki batean dago. Kanoikadak gero eta hurbilago entzuten dira. Arerioak laster ekingo dio erasoari. Perutz-ek, ordea, liburu bat dauka eskuetan, kontzentratuta dago, ez du ematen gerrak eragiten dioenik. Halako batean, liburua itxi eta koadernotxo bat atera du kapapetik. Lapitzaren punta ezpain artean busti eta idazten hasi da. Bizi ditugun egunak ilunak eta eramanezinak direnean, ez dago iraganeko kontakizuna irakurri eta gozatzea bezalakorik.

Norbaitek liburu bat azpimarratzen duenean, bere burua azpimarratzen ari dela zioen Julio Cortazarrek. Norbait liburu bat irakurtzen ari denean, bere burua irakurtzen ari da –esan dezakegu guk. Mila esker denoi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!