Beterriko Liburua Literatur Aipamena 2008, Anjel Lertxundiren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 8a, 10:53

Atzo iluntzean izan zen Beterriko Liburua Literatur Aipamenaren XIII. edizioko sari-emate ekitaldia Zizurkilgo Olentzo jatetxean. Anjel Lertxundi idazleak bigarrenez eskuratu zuen izendapena 'Zoaz infernura, laztana' liburuagatik, 111 Akademiako irakurleek hala erabakita.

Argazki gehiago ikusi

Anjel Lertxundiren hitzaldia, osorik

Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Estibalitz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako kultura saileko hizkuntza politikarako jarduneko sailburuorde Patxi Baztarrikak, 111 Akademiako behin-behineko akademiako buru Eloi Egibarrek eta Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek osatu zuten mahaiburua. Ekitaldia, 111 Akademiako koordinatzaile Amaia Goikoetxeak gidatu zuen.

Literaturzale ugari gerturatu zen atzo iluntzean Olentzo jatetxera. 111 Akademiako kideekin batera, eskualdeko herritar ugari bildu zen. Aurpegi ezagun ugari ere ikusi zen: Juan Kruz Igerabide idazlea, Inazio Mujika Iraola Alberdania argitaletxeko editorea eta idazlea, Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorea eta idazlea, edota Iñaki Eizmendi abeslaria, besteak beste. Kemen Lertxundi kantari ondarrutarraren kantu emanaldiarekin abiatu zen ekitaldia arratsaldeko 19:30ak pasatxo zirela.

Mahaiburukoen esanak
Estibalitz Alkortak Anjel Lertxundi zoriondu zuen bigarren aldiz Beterriko Liburua saria irabazteagatik. “Gizonaren botere itsuaren mende sufritzen duen emakumeari justizia literario pixka bat emateko ahalegina da. Horixe izan daiteke Zoaz ifernura, laztana eleberriaren definizio bat. Alde horretatik, uste dut legezkoa dela aitortzea Anjel Lertxundiren liburua ausarta dela”.
Jon Unanue Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariak eman zituen Zoaz infernura, laztana 2008ko Beterriko Liburu izendatzeko burutu den bozketa prozesuaren nondik norakoak. 111 Akademiako hainbat irakurlek Lertxundiren eleberriaren inguruan idatzitako hainbat iritzi irakurri zituen, eta eskerrak eman zizkien Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari urtez urte ekimen hau aurrera eramateko emandako laguntzagatik.
Patxi Baztarrikak adierazi zuen Beterriko Liburua idazleek oso maitea duten saria dela. “Izan ere, bada gauza bat orain hamahiru urte Larramendi Bazkunak Beterriko Liburua saria martxan jarri zuenez geroz, antolatzaileek behin eta berriz azpimarratu nahi izan dutena: irakurleak ez duela soilik hartzaile pasibo izan behar, eragile ere izan behar duela eta horretarako protagonismoa eman behar zaiola. Eta horretan dihardu Beterriko Liburuak sortu zenetik”.

Irakurleei aipamena egin zien Lertxundik
Anjel Lertxundik Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako jarduneko sailburuorde Patxi Baztarrikaren eskutik jaso zuen obra sarituaren larruz koadernaturiko alea, eta 111 Akademiako behin-behineko akademiaburuaren eskutik sariaren ziurtagiria. Irakurlea izan zuen ardatz oriotarrak bere hitzaldian, “Azken 30 urte hauetan asko jaso omen dugu literaturaren maila, eta hori esaten denean idazleak bakarrik aipatzen dira. Baina idazleok ez genukeen aurrera egingo zuek gabe. Literaturaren maila ez zitekeen jasoko zuek ere, irakurleek, maila jaso ez bazenute. Bada, gaur zuek ekarri nahi zaituztet gogora modu berezi batez. Nire liburua bozkatu duzuen eta bozkatu ez duzuen irakurleak, irakurle anonimoak, irakurle errealak, irakurle behar-beharrezkoak, askotan idazleok behar bezala zaintzen ez zaituztegunak. Ez nuke ahaztu nahi, eta ez dut ahaztu nahi, irakurleak eta idazleak elkarrekin gara literatura, elkarrenganako babesari esker egiten ari gara gure literatura”.

Pozik agertu zen Anjel Lertxundi Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena bigarren aldiz jasotzean. 2002an irabazi zuen lehen aldiz Zorion perfektua eleberriarekin.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!