Osasungintza eta euskara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 7a, 14:27

Aduna nahiz Villabonako Udalek, UEMAk hainbat Udaletan aurkeztutako ‘Osakidetzaren azken lan deialdi publikoaren aurka’ mozioarekin bat egin dute. Gaur, maiatzak 7, Euskal Herrian Euskaraz taldeak deituta, elkarretaratzea egingo da Villabonako osasun etxearen aurrean arratsaldeko 19:00etan, langileek euskara mendera dezaten eskatuz.

Hauxe onartutako mozioa:

1.- Udalak kezka eta harridura adierazi nahi ditu Osakidetzak abian jarritako azken lanpostu publikoen deialdiaren harira. Zoritxarrez, azken deialdiaren ondorioz, lanean hasiko diren langile batzuek ez dute euskararik jakin beharko. Horren ondorioz, orain arte bezala, erdaldun elebakarrek tokia izango dute anbulatorio horietan, eta horrek ez du bermatuko osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea. Atzerapauso handia da hori, bere garaian Osakidetzak onartutako plana ez baita beteko, eta euskaldunok bigarren mailako herritar gisa geratzen baikara. Berriro ere osasun zerbitzuak erdaraz jasotzera kondenaturik gaude, Osakidetzak ez baitigu ematen zerbitzua euskaraz jasotzeko bermerik.
2.- Udalak dei egin nahi die Osakidetzako buruei eta erantzule politikoei euskaldunen hizkuntz eskubideak kontuan har ditzaten, sindikatu korporatibista erdaltzaleen interesen aurrean. Izan ere, euskaldunon hizkuntz eskubideak eta CC.OO. eta SATSE sindikatuen interesak balantzan jartzean Osakidetzak azken horien alde egin du. Udalak argi eta garbi esan nahi du euskaldunak bagarela nor herri euskaldunetako osasungintzaren gainean iritzia emateko eta eskubideak aldarrikatzeko. Beraz, Udalak Osakidetzari eskatzen dio euskarak merezi duen tokia izan behar duela eskualdeko anbulatorioetan, eta euskara ezin dela geratu beste hizkuntza baten mende.
3.- Udalak kezka adierazi nahi du deialdietan euskarak izan duen balorazio eskasarekin. Izan ere, euskararen balioa ez da administrazio elebidun batean izan beharko lukeena, ez barne promozioetan, ez lanpostu deialdietan. Horren ondorioz, anbulatorio askotan langile erdaldunak has daitezke lanean. Kasurik onenean, 2010eko abenduan egiaztatu beharko dute euskara maila jakin bat; txarrenean, hori ere ez. Erdaldun etorri eta erdaldun jubilatu ahal izango dira, edo, kasurik onenean, diru publikoaren bizkar sartuko dira euskalduntze prozesuan. Osakidetzako arduradunek nahiago izan dute hori lanpostu horietan langile euskaldunak jarri baino, eta hori guztiz salagarria da Euskal Herrian eta, bereziki, udalerri euskaldunetan.
4.- Udalak ez du alde batera utzi nahi nazio mailako irakurketa. Izan ere, eskualdean gertatutakoa ez da kasu bakana. Hego Euskal Herriko udalerri euskaldun askotan gertatzen baita gauza bera. Euskararen gaineko betekizunak ez edukitzeak agerian uzten du urrun gaudela Euskararen Aholku Batzordeak “Euskara 21” txostenean adierazitako asmoetatik: “Hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusia den esparruak behar ditu. Arnasgune horietan, eta ez beste inon, bilatu beharko du biziberritu nahi den hizkuntzak helduleku nahikorik, bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboei, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokionez. Arnasgune horiek zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan”. Errealitateak erakutsi digu hitzak hitz direla eta errealitatea oso bestelako kontu dela.
5.- Udalak euskaraz bizitzeko nahia eta premia aldarrikatzen ditu berriro ere, eta, horren harira, eta udalerri euskalduna izatearekin zintzo eta koherente jokatze aldera, Osakidetzari irmo eskatzen dio gure herritarrei osasun zerbitzua ematen dieten langile orok euskaldunak izan behar dutela eta hori betetzeko eskura dituen neurri guztiak har ditzala.
6.- Udalak dei egiten die eskualdeko euskaldunei anbulatorioetan eta gainerako osasun zentroetan zerbitzua euskaraz eskatzeko eta zerbitzu hori jaso ezean erreklamazioak jartzeko, bai osasun zentroetan bertan, bai bestelako erakundeetan ere. Euskaldunok ez dugu zertan isilik geratu horrelako injustizia baten aurrean. Ezin gaituzte euskara baztertu eta gaztelaniaz hitz egitera behartu, beren gabeziengatik, interes korporatibo eta politikoengatik edota udalerri euskaldunetan euskara behar bezain tinko ez defendatzeagatik. Bide horretan, Udalak dei egiten die euskaldunei euskaldun koherente gisa jokatzera eta euskaldunen aurkako hizkuntz politika beren egunerokotasunean salatzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!