Santakrutzak09: Jai Batzordearen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 6a, 18:23

Santakrutzetako Jai Batzordeak pasa berri diren festen balorazioa egin ondoren, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu auzotarrei, laguntzen ibili zareten guztioi, ekintza ezberdinetan parte hartu duzuen guztioi, prestatzen esku bat bota duzuen guztioi, kuadrillei, txoznei, elkarte, tabernari, dendari eta lagundu duzuen enpresa guztiei.

Aipatzeko izan da aurtengoan festetako ekintzetan jendearen parte hartzea, oso erantzun ona jaso dugu antolatu ditugun ekintza guztietan eta ez bakarrik auzoaren aldetik baita herritar guztien aldetik ere.

Batere eskerrik ez diegu eman nahi, labankadak ematen ibili direnei eta kontainerrak edo komunak puskatu edo erretzen ibili direnei. Jarrera horiekin jaietan dugun giro ona nahastu eta izorratu egiten delako.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Santakrutz egunean dantzariak ez ziren uniformedunen jarrera, jende talde handiak ziren kalean orduan, helduak, zaharrak, haurrak, gaupaseroak,... denak festaz gozatzen, eta hori kontuan hartu gabe, jaiekiko errespetorik gabe ibili bait ziren kale nagusian gora eta bera.

Eta bukatzeko gaizki egindakoengatik barkamenak eskatzen ditugu eta ongi egindakoak gogoan hartuko dituzuelakoan, hurrengo urterarte

GORA SANTAKRUTZAK!!

SANTAKRUTZETAKO JAI BATZORDEA

Santakrutzak 2009 Bideoa  | Argazkiak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!