Senideak, sakabanaketaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 5a, 20:09

Hogei urte igaro dira sakabanaketa politika abian jarri zenetik. Presoen senideek sarritan adierazi dute politika horrekiko euren ezadostasuna, errepidean bizi duten etengabeko arriskuagatik nahiz bidaien kostu ekonomikoagatik, besteak beste. Berriki, dispertsioaren aurkako bira egin dute Euskal Herriko herrietan barrena. Eskualdeko hainbat presoren senitartekoek hitza hartu dute.

  1. Zein da espetxeratutako senidearen egoera?
  2. Zein iritzi duzu sakabanaketa politikaz?
  3. Etorkizunari begira zer diozu?

JONE ETXEBERRIA
Julen Zelarainen neskalaguna
Amasa-Villabona


  1. Julen 2008ko irailean atxilotu eta berehala Huelvako espetxera eraman zuten, herritik ia 1000 kilometrora eta, bertan jarraitzen du. Urruntzeak ez gintuen sorpresaz harrapatu. 9 eta 2 urteko seme-alabak ditugu eta Espainiako gobernuak historikoki nahiz egun euskal herritarrenganako erabiltzen duen krudelkeria kontuan izanik, bagenekien Julen espetxeratzeaz gain, famili harremanak oztopatzen saiatuko zirela.  Alferrik, Juleni astebururo egiten baitiogu bisita eta horretan, hainbat jenderen laguntza izugarria izaten ari da. Lagun horien elkartasun etengabea ezin izango dugu nahikoa eskertu. Azken batean, Julen bera ere elkartasun jarrera horrengatik espetxeratu zuten. Izan ere, giltzapean zituzten euskal herritarrak gazte-gaztetatik izan ditu buruan eta bihotzean, eta horrek Anmistiaren Aldeko Mugimenduan bere ekarpena egitera eraman zuen. Horregatik daude Julen eta bere kideak espetxean, ez beste ezergatik. Erakunde armatuko kide izatearen aitzakiapean sartu zuten espetxera baina, Espainiako epaile, polizia eta politikoek badakite bidegabekeria egin zutela, zuzenbide penalean egindako oinarririk ez duen injustizi galanta. Berdin zaie, inpunitate osoz jokatzen dute eta, azken batean, bidegabekeria zerrenda luze-luze baten adibidetxo bat besterik ez da Julen.
  2. Sakabanaketa mendeku politikan oinarritzen da, ez beste ezertan. Presoa giltzaperatuta edukitzeaz gain, suntsitu egin nahi da. Diktadura garaiko fusilatzeak irudi demokratiko eskasekoak liratekeenez, erailtze edo fusilatze luzeagoa ezartzen zaie presoei, ezkutukoa, gizartea ez ohartzeko modukoa. Bide batez, presoaren senide eta lagunei sufrimendua handitzeko pentsatuta dago, presoekin harremanak zailduz eta oztopatuz, Euskal Herriarekin duten harremana erabat etengo dutelakoan.
    Julen Euskal Herriko espetxe batean egongo balitz, seme-alabek astero ikusiko lukete baina, hilean behin besterik ezin dute joan: haurrentzat bidaia ez baita batere samurra.
  3. Momentu honetan itxaropen handirik edukitzea zaila den arren, beti dago esperantza. Frantzia eta Espainiako estatuetan defizit demokratiko itzela dago eta hori aldatzeko prest ez dauden bitartean, nekez egon daiteke konponbiderik. Kontzeptu demokratikoetan sakondu behar dute alde guztiek, baina ariketa hori, bereziki, Europako herri zaharrenari bere etorkizunaz libreki erabakitzeko ahalmena eragozten dioten Frantzia eta Espainiako gobernuek egin beharrekoa da. Borondate demokratiko hori egongo balitz, elkarrizketaren bidez aferak nahiko erraz konponduko lirateke eta presoen sakabanaketa politikarekin amaitzea lehen urratsetako bat beharko luke, elkarrizketa eta elkar ulertze giroa topatzeko.


ITZIAR GARMENDIA
Mikel Garmendiaren arreba
Amasa-Villabona


  1. Martxoaren 4an atxilotu eta 6an espetxeratu zuten Mikel Soto del Realeko espetxean. Apirilak 18ra arte isolamenduan egon da Sotoko espetxean. Hiru orduko patioa izaten zuen goizetan eta gainerako 21 orduak ziegan pasatzen zituen. Hiru ordu horietan beste preso batzuekin egoteko aukera izan du, gainerakoan, bakar-bakarrik egon da. Apirilaren 18an Sototik atera eta asteburua Valdemoron igaro ondoren, Herrera de la Manchan dago egun. Kezkatuta zegoen guretzat bidaia luzeagoa delako baina, era berean, lasaiago dago: beste kide batzuekin batera dagoelako. Familiako kideak astebururo joan gara eta aurrerantzean, lagunen bisitak onartu dizkiotenez, positiboa izango da berarentzat lagunak ere ikusi ahal izatea. Espetxe barruko bizitza normala egin dezake orain. Hantxe dago, zain. Lehen egunean bezala gaude, sumarioa sekretupean dagoela. Egun, oraindik ez dakigu zer leporatzen dioten, prentsan atera dena besterik ez: lagun bati furgoneta utzi izana.
  2. Espetxeratua izatea bada nahiko zigor, zer leporatzen dizuten jakin gabe, gainera. Horrenbeste urruntzen dituztela ikustea, presoarentzat izugarrizko presio psikologikoa da senide eta lagunen bidaiei begira. Presoari bezala, familiari eta lagunei jartzen zaien zigor handia da sakabanaketa. Espetxeratzearekin ez baita presoa bakarrik zigortzen, senideak eta lagunak kilometro asko egitera zigortzen gaituzte. Horrek presio psikologiko, fisiko eta ekonomikoa suposatzen du. Ekonomikoki edo fisikoki ezin duelako, beren senideak bisitatu ezin dituen jendea ere badago. Eta azken batean, norberaren eskubidea da senidea ikusi ahal izatea. Bestalde, presoak urrun egon arren, bisitarik gabe utziko ez ditugula argi daukagu senideok eta horrenbeste kilometro egiteko gai nola garen ulertzen ez dutela uste dut. Alde horretatik, beraz, ez dut uste helburua lortu dutenik.
  3. Preso politikoekiko neurriak zorrozten ari direla ikusita, aldaketarako asmo gehiegirik dagoenik ez zait iruditzen. Sakabanaketaren ondorioak leundu beharrean, okertzen ari direla esango nuke. Momentuz behintzat, epe motzean ez dut ikusten konponduko denik. Bestalde, azkena atxilotutako Manex eta Mikel oso ezagunak eta maitatuak dira herrian eta babes handia jaso dugu kolore guztietako jendearen aldetik. Eskertzekoa da hori, alderdi guztietako jendea hurbildu baitzaigu laguntza eskainiz. Herritarrek badute borondatea baino soluzioa gorago dabiltzanek bilatu behar dute. Presoak zerbait egin badu eta legeak agintzen duelako zigorra bete behar badu, bete dezala etxetik gertu.



MILA IZETA
Mikel Egibarren neskalaguna
Zizurkil


  1. Algecirasko presondegian dago Mikel, beste hamabost euskal presorekin batera. Abendutik hona, euskal presoekiko presioa handitzen joan da Algecirasen. Bereziki, funtzionario talde batek hartutako jarrerak, egoera gogorrak sorrarazi ditu eta behin eta berriz, berez dagozkien eskubideak ukatu dizkiete euskal presoei. Esaterako, Arkaitz Bellon presoa jipoitu zuten duela hilabete gutxi eta ziegetan miaketa ugari egin dizkiete guztiei ere. Egoera geroz eta kaskarragoa zen eta sortutako ezinegon horren ondorioz, apirilaren 27an gose greba hastea erabaki zuten. Hiru egunez luzatu zen gose greba eta orain, garbitasun eta higiene greba egiten ari dira. Erantzun gisa, bost preso espetxez aldatu zituzten joan zen asteburuan, senideei abisurik eman gabe.
    Etxetik 1200 kilometrora dago Mikel eta autobusez joanez gero, 18 ordu behar izaten dira. Horregatik, hegazkinez joaten gara gehienetan. Malaga edo Sevillara joan eta auto bat alokatzen dugu Algecirasera joateko. Astean, berrogei minutuko bisita izaten du Mikelek. Horrez gain, ordu eta erdiko bisabis familiarra eta beste ordu eta erdiko bisabis intimoa dugu. Hiru hiletik behin, lau orduko konbibentzi bisabisa ere bagenuen, baina seme nagusiak hamar urte bete zituenean kendu egin ziguten. 
  2. Sakabanaketa bikoitza egiten dela iruditzen zait. 741 preso politikoak hainbat espetxetan barrena banatuta daude, kolektiboaren indarra apurtu asmoz. Samin handia sortzen dute barruan eta kanpoan. Baina horrez gain, espetxe bakoitzean ere sakabanaketa ematen da; isolamenduzko moduloak antolatzea, bisitak ordu ezberdinetan ematea, edozein ekimen antolatutakoan kideen arteko harremana ekiditea… Preso dagoenarentzat karga erantsi bat da; etengabe darabil buruan familiakoak zer moduz iritsiko ote diren eta senide edota lagunentzat ere gogorra da, baina hala ere, bisitarik gabe inoiz ez uzten saiatzen gara.
    Sakabanaketaren bidez preso kolektiboaren indarra eta batasuna apurtu nahi dute, baina ez dute lortu.
  3. Presoak eta errefuxiatuak etxean edukitzeko, gizarte osoak mugitu beharko luke. Independentziarako bidean funtsezkoak dira euskal presoak, eta beraiek Euskal Herrian izatea guztion lana da. Batzuetan, ziurrenik nekearen eraginez, jendearen inplikazio falta sumatzen da, baina hala ere, euskal herriko biztanleriaren gehiengoaren nahia euskal presoak etxean edukitzea dela uste dut eta horren alde lan egin behar da. 

LURDES AZURMENDI
Ander Gerestaren ama
Zizurkil


  1. Moulinseko espetxean dago Ander, Parisetik 200 kilometrora. Han ere egoera gogortzen ari da. Otsaila inguruan bi presok espetxetik ihes egin zuten eta horren ondorioz kontrol neurri zorrotzak jarri dituzte. Horien artean, eskubideak urratzen dituzte neurriak hartu dituzte. Esaterako, patiora ateratzeko debekua, etengabeko miaketak, polizia berezien joan-etorriak, espetxera zenbait gauza sartzeko debekua… Espetxeko zuzendariaren hitzetan behin-behineko egoera da, baina luzatzen ari da. Preso sozialek ere indar egin dute egoera alda zedin eta aurrerapauso batzuk eman badituzte ere, egoera ez da erraza.
    Astero ditugu bisitak, larunbat eta igandez. Ander, hemendik 740 kilometrora dago eta bidaiak denbora asko kentzen digu, horregatik, bisitak ez ditu nahi adina luzatzen. Trenez ezin dugu joan eta hegazkina ere ez da aukera ona, espetxetik 200 kilometrora geratzen garelako. Horregatik, autoz egiten ditugu joan etorri guztiak.
    Bestalde, anaia eta koinata ere espetxean ditut, Granadan. Duela gutxi arte elkarrengandik aldenduta zeuden; anaia Granadan eta koinata Madrilen. Ezkondu gabe egotean ez zituzten familia gisa hartzen. Guk ezin genuen koinata bisitatu arrazoi beragatik. Lau hilabeteko alaba txikia dute eta guk oraindik ez dugu ikusteko aukerarik izan. Argazkia ateratzeko baimena eskatu dute, baina maiatza arte itxaroteko esan zieten.
  2. Sakabanaketa gogorra da, barruan daudenentzat eta kanpokoentzat. Bisitak egiteko kilometro askotako bidaiak egitea suposatzen du. Barruan daudenek kezka izugarriz bizi dute hori. Etxekoak edo lagunak errepidean dabiltzala jakiteak ezinegona sortzen die.
  3. Etorkizunarekiko itxaropena beti mantendu behar da, baina hankak lurrean edukiz. Presoen eskubideen aldeko borrokan gizartearen inplikazioa behar da eta ez da erraza. Pausoak emateko beldur pixka bat badagoela sumatzen dut.


AROA ARRIET
Arkaitz Lavegaren neskalaguna
Andoain


BEÑAT JAUREGI
Etxerat
Andoain


  1. Aroa: Une honetan Alicanteko Villena espetxean dago preso Arkaitz. Irailean zazpi urte beteko ditu. Aurretik, Madrilgo Soto del Real eta Navalcarneroko espetxeetan egon zen. Epaitu eta kondenatu zutenean Alicantera eraman zuten. Alicanteko espetxea, Soto-koaren antzera, oso zorrotza da arauei begira: egunean lau orduz ateratzen da patiora, eguneroko irakurgaiak kontrolatu egiten dizkiete...
  2. A.: Ardura handia da bai guretzat, baita beraientzat ere. Dauden lekuan egonda, euren bizitzari aurre egin behar diete eta kezka handia bizi dute: oso urrun egonagatik, astebururo joaten baita jendea bisitak egitera –senitarteko zuzenak izan edo ez–. Sakabanaketa astakeria da: gastu ekonomikoa izugarria dakar eta senide eta lagunok horrelako pasada hartzerik ez dugu merezi. Dispertsioarekin ez da pertsona bat zigortzen, baita inguruko guztiak ere. Ni epaitu eta kondenatu ez nauten arren, zigortuta sentitzen naiz.
    Beñat: Sakabanaketarekin presoa txikitzea bilatzen da. Alde batetik, presoa urrunduz, baina, hori nahikoa ez dela ikusita, ahalik eta oztopo gehien jartzen saiatzen dira ingurune sozialetik eta familiagatik gehiago banatzeko. Dispertsioak sufrimendua areagotu egiten du baina ez du helburua lortzen.
    A.: Espetxeak presoa akabatzea lortu duen egoerak badaude eta horrek oso gogorra izan behar du familiarentzat. Arkaitz urrun badago ere, beste kasu batzuekin alderatuta, arina da egoera. Gaixotasunak medio, jende asko oso egoera larrian dago.
  3. A.: Ilusioz betetako une bat egon bazen ere, espetxe barruan estutzen jarraitu zuten. Tregua garaian, esaterako, jende asko sakabanatu zuten. Espetxeko egoerari dagokionez, ez dut etorkizun onik ikusten.
    B.: Epe laburrean ez dut uste onurarik egongo denik. Estatuek daukaten politikarekin gehiago estutzen jarraituko dutela dirudi.
    A.: Errazena egin dute, guztiak zaku berean sartu eta hitz egiteko aukera kendu. B.: Modu horretan ez dago diskusiorik, ez dago debaterik. Preso daudenak ez dira pertsonak ere, terroristak dira eta kito.
    A.: Espetxeratzeko, berdin da ekintzaile armatua izan edo politikaria izan. Dispertsioa bezala, zentzugabekeria hutsa dira epaiketa ugari ere. Injustizia asko dago inguruan.
    B.: Egoera honekin bukatzea borondate politiko kontua da. Agintariek benetan egoera honekin bukatu nahiko balute, nahiko erraza litzateke kontua.
    A.: Atzean, ordea, interes ekonomiko handiak daude. Estatuarentzat izugarrizko txolloa da dispertsioa mantentzea. Momentuz ez dut egoera aldatzeko inolako borondaterik ikusten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!