Larraulgo artista txikien lanak ikusgai

Irudimena, kolorea eta lana bateratuz, erakusketa polita antolatu dute Larraulgo eskolan.  Ikasturtean zehar egindako lanak txukun-txukun zintzilikatu eta herritarrak gonbidatu dituzte ikustera.

Apirilaren 27an egin zuten erakusketaren inaugurazio ekitaldia. Eguerdiko 12:00etan, eskolako atarian bildu zen guraso, aiton-amon eta lagun talde bat. Azken orduko arazo tekniko txikiak konponduta, haurren eskutik igo ziren guztiak Kultur Etxeko azken solairura. Marrazki eta margolanak erakusteaz gain, haiek lantzeko prozesua ere erakutsi nahi izan zuten eta horretarako, ikasturtean zehar egindako argazki bilduma polita izan zuten ikusgai. Pirritx eta Porrotxen kantuez alaituta, adi jarraitu zuten argazki emanaldia, txikiek zein helduek.

Artisten argazkiak
Artista txikien lana gertuagotik ezagutzeko aukera eman zuen argazki muntaiak. Margoekin, pintzelekin edo eskuekin margotuz, taldeka edota banaka, irudi sorta polita izan zen ikusgai: “Ikasturtean zehar egindakoa gurasoei erakustea da gure helburu nagusia. Oso lan politak egin dituzte haurrek, eta guztiok elkarrekin gozatzea garrantzitsua dela iruditzen zait”, azaldu zuen Maikar Iurramendi irakasleak.
Argazki emanaldiaren ondoren, gurasoei eskutik heldu, eta margolanak erakusteko ardura hartu zuten txikiek. Lan bakoitza egiteko erabilitako teknika azaldu zieten bertaratutakoei. “Eskuan margoa hartu eta paperaren gainean astindu behar da hau egiteko”, zioen Ander Tellok, eskuekin keinuak eginez. Tenperak, akuarelak eta errotulagailuak erabiliz egin dituzte margolanak, paper edo kartulina gainean gehienak, baina baita harriak edota bonboi kaxak koloreztatuz ere.
“Oso lan polita egin dute, denak ezberdinak. Agerian geratzen da, umeek ez ezik, beste norbaitek ere lan handia egin duela erakusketa hau egiteko. Oso txukun dago dena. Askotan galdetzen nion nire buruari zertarako behar ote zituzten bonboi kaxak, kartulinak edo bestelakoak, hemen ikusten dut emaitza”, azaldu zuen harriduraz Aitziber Mendiolak.

Taldekako eta banakako lana
“Ikasturtean zehar taldeka edota banaka egindako margolan asko genituen eta lan horri guztiari irtenbide bat ematea pentsatu genuen. Haurrek gozatu egiten dute egindakoa erakusten. Margotzen hastera goazenean, gauza ezberdinak egiteko eskatzen diet beti, margolan gehienak ezberdinak izan daitezen. Hemen ikusten da egindakoa”, azaldu zuen Maikarrek.
Iraide, Manex, Xuban, Ander A, Ander T., Aitor, Uxue, Nahia eta Ayala izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Pozik ibili ziren erakustaretoan, batera eta bestera, zintzilikatutako lanak erakutsi eta bakoitzak zein margolan egin zuen azaltzen. Etxera joan aurretik, irakaslearen inguruan bildu ziren artista txikiak, gurasoen iritzia jakin nahian. “Asko gustatu zaigu. Lan handia egin duzue”, erantzun zuten ia aho batez erakusketara gerturatu zirenek.
Arratsaldean, beste guraso eta senidearteko talde baten bisita jaso zuten. “Bi deialdi egin ditugu, ordutegi ezberdinak dituztenei aukera emateko. Orain, aste osoz izango dugu zabalik erakusketa Kultur Etxean”, azaldu zuen Maikar Iurramendi irakasleak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!