Garbitokiak, emakume langileen topagune

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 5a, 19:57

Andoaindar askoren ezusterako, garbitoki bat agertu da Nafarroako zubiko azpialdean, Leitzaran ibai ertzean. Burdina taldeak berreskuratu du ezkutatuta zegoen garbitoki hori.

Nafarroa zubiko azpialdean dauden bi garbitoki zaharretako bat zaharberritu du berriki Burdina taldeak. Ingurua txukunduta, arropa garbitzeko Zumea auzoko arbasoek erabiltzen zituzten bost harrien erreplikak jarri dituzte.
Jose Ramon Berrondo taldeko kideak adierazi duenez, “hiru egun eman ditugu berreskuratzeko zereginetan. Lanik zailena bost harriek eman digute. Plano zaharrak ikusiz, harri horien neurri berean mozten eta ipintzen saiatu gara. Erreplikak Regino Otaegik eman digun harlauzarekin egin ditugu; harlauza hori Txitibar baserri zaharrean zegoena da”.
Bildu diren 18 bolondresek garbitokia bera txukundu egin zuten lehenbiziko bi egunetan, eta hirugarrenean, berriz, hormaren kontra doan kanal antzekoa garbitu zuten. “Badirudi kanal horrek ura ekartzen zuela garbitokira, eta arropa zikina beratzeko uzten zutela bertan emakume garbitzaileek”.
Karobi eta Plazaolako trentxikiko eraikuntza zaharretan ez ezik, garbitokietan ere begiak jarriak ditu Burdina taldeak, beraz. Andoaingo garbitokiei buruzko agiri ugari bildua du. Iturri hori eta herritarrek eman dezaketen informazioa erabiliz, bolondres lanari ekingo dio Burdinak hurrengo urtetan. Leitzarango ibaian bertan, Nafarroa zubiko azpialdean dagoen bigarren garbitokia txukuntzeko gogoa ere adierazi bazuen ere, Andoaingo Udalak bere gain hartuko duela jakinarazi dio taldeari. Santa Krutzeko zubitik hasita, Otietarainoko bidegorriaren egitasmoaren barruan sartu du berreskuratze lan hori Udalak.

Ezinbesteko toki publikoak
Puntako teknologiaz inguratuta bizi den gizakiari kosta egiten zaio garbitokiek atzoko gizartean betetzen zuten ezinbesteko funtzioa sinestea.
Hara bi adibide garbitokiek eta halako batean horiek atzean uzteak gizarteari zenbat eragin zioten erakusten dutenak. Garbigailua ala antisorgailua, zein izan den garrantzitsuagoa emakumearen emantzipazio prozesuan; halako eztabaidak maiz ematen dira oraindik. Mariano Ferrer irrati-esatari ohiak ere behin inkestatxoa egin zuen entzuleen artean, XX. mendean teknologiak ekarri zuen aurrerapenik pozgarriena izendatzeko. Ez autoa, ez telebista eta ez halakorik…, garbigailua aipatu zuten gehienek.
    
Andoain, garbitokien herria
Andoaingo Udal artxibategian dauden agiriei eta herritarrik zaharrenek emandako testigantzei esker badakigu Andoainen makina bat eraikin izan zela, herri barnean zein baserri inguruetan.
Etxeberrietako atzealdean bat, Ziakoko ubidean bi, Zumea kalean hiru, Olajauneko azpialdean bat, Goiko Plazan bat, Karrikan bat, Galardin bat… Horietatik aparte, konta ezin ahala ziren baserri inguruetan kokatzen zirenak, batzuk etxekoek bakarrik erabiltzeko, besteak auzolanean jarritakoak. Handienak herriko garbitoki publikoak izaten ziren, seitik hamar harri bitartean izaten zituztelarik. Ia denek estalpea edukitzen zuten euritarako eta ingurutik zetozen errekastoak edo iturriak probesten zituzten. Maiz, abereek edateko askak ere izaten zituzten ondoan.
Aita Subijana enpresako atezaina zuen Adela Ruiz de Larrinagak ondo gorde du gogoan egunero arropa garbiketan Etxeberrieta auzoan aritzen ziren emakumeen ohiko estanpa. “Lehengo emakumeentzat etengabeko lana izaten zen arropa garbitzea batetik, eta basotik sutarako egurra ekartzea bestetik”.
Migel eta Kristina Irazusta ospe handia izan zuen Inazio Tabernako anai-arrebak dira, Zumea Kalean. Herrian zen garbitokirik handi eta ederrena euren tabernaren pare-parean kokatzen zen. “Orain taxia egoten den horretan zegoen. Luzea eta zabala zen, eta bederatzi bat harri izango zituen. Baltzuketatik zetorren erreskatoko eta ondoko iturriko urak hartzen zituen. Mutil koskorrak ginela zenbat jolas egindakoak garen han! Gaixtakeriatan, askako tapoia kentzen genuen, garbitokia dena tantarik gabe utzi arte. Gero emakumeak garbitzera etortzen zirenean, gozoak jartzen ziren!”.
50eko hamarkadaz geroztik garbigailu elektrikoa merkaturatzen hasi zen. Etxe gehienetan hasi zen sartzen, eta horrek, garbitokien gainbehera ekarri zuen. Zumea eta trenbidearen artean zegoen aipatu garbitokia 60ko hamarkadaren hasieran bota zuten, Migel Irazustak gogoan duen bezala: “Euskadiko Kutxako bulegoa daukan etxe eraikuntza hori egitearekin batera kendu zuten. Garbigailua izango zen etxeetan oraindik, baina jada garbitoki hartara inor ez zen hurbiltzen; emakumeek etxeetako arrasketan egiten zituzten garbiketak”.

Topagune, gizarte harremanetarako
Arropa astindu eta astindu, hamaika emakumek osasuna utzi zuten garbitoki horietan. Baina zoritxarrerako ez ezik, kanta eta alaitasunerako gune ere bilakatu ziren garbitokiak. Adela Ruiz de Larrinagak eguneko bizitza sozialerako bi une azpimarratzen ditu, garai haiek gogoratuz: “egunez bazterretan ziren berrien jakinaren gainean jartzeko bi toki ziren apartak: garbitokiak egunez, eta ilunabarretan berriz, etxeko aulkiak kalera atera eta denak eserita koadrilan jarrita sortzen ziren tertuliak”.  Hain zuzen, Burdina taldea lanean ari zela hiru bertso eskuan zituela agertu zen auzotar bat. Zenbait auzotarren goitizenak aipatuz, emakumeek garbiketan kantatzen zituzten hiru bertso zirikatzaileak dira horiek:

Aingurasutegi
Erbia gisatuta
Kapoia erreta
Xoxua ez da txarra
Mantekas beteta
Gabrielek gitarra jo ta
Manuelek tronpeta
Xeko dantzan jarrita
Orra naiko festa.

Lengoan egondu naiz
zubitik begira
atso moskor batzueri
Aingurasutegira.
zer ote zebiltzen an
Jira eta bira.
Txarro motzak artuta
sagardotegira.

Asi goiko kaletikan
beko kaleraño,
ez omen da gizonikan
beste iñor au baño.
Zein ote da ba ori
orren famatuba.
Alejoren semea
moskor berritsuba.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!