Herritarrak Aurresku eta Soinu Zahar ligan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 5a, 19:53

Oinkari dantza taldeko hamabost dantzari gaztetxok Aurresku eta Soinu Zahar ligan hartu dute parte,  ikuskizun dotorea eskainiz.

Duela urte mordoxka jarri zen abian aipatu liga baina, Amasa-Villabonakoak aurkeztu diren lehen aldia izan da aurtengoa. Oinkaritik bi mutil eta hamahiru neska aurkeztu ziren ligara eta beste herrietatik ere parte hartzea handia izan denez, bi mutilek eta bi neskek eskuratu dute datorren maiatzaren 16an mutilek Errenterian 17:00etan eta maiatzaren 17an neskek Legazpin 11:00tan jokatuko duten finalerako txartela. Finalean izango diren Axier Iriarte, Ane Urruzola, Beñat Monfort eta Lierni Kamiok euren bizipenak azaldu dituzte.

Bakarka, errespetoa
Esperientzia polita izan da dantzarientzat Aurresku eta Soinu Zahar ligan parte hartzea. Neskek, dantzatu aurretik oso urduri jartzen zirela aipatu dute, mutilek berriz, lehen egunean sentitu zutela batik bat urduritasun hori. Taula gainean bakarka dantza egin beharrak errespetua ematen duela ere azaldu dute, gehienetan behintzat, taldean dantza egitera ohituta baitaude. Ligan parte hartzeko asko entseatu dute, “gelditu gabe aritu gara dantzak prestatzen”. Mutilen kasuan, Desafioan betiko pausoak dantzatu dituzte baina, Zortzikoan pauso berriak landu dituzte Edu Muruamendiaraz koreografoarekin. Nesken artean, egunero hobetzen joan direnez, aurkeztu beharreko dantzen pausoak zaildu egin dituzte. Kanporaketetan bezala finalean, ahalik eta ondoen dantza egiten ahaleginduko direla adierazi dute, “jende asko egongo dela pentsatzen dugu, ea ez garen asko urduritzen”.

Sueltoko txapelketetara
Oinkariko kide Hodei Arrastoa eta Ainhoa Olano nahiz Julen Rodriguez eta Alaitz Urkizu bikoteekin batera, sueltoko txapelketetan ere parte hartuko dute Axier, Ane, Beñat eta Liernik. Fandangoa eta arin-arina erakustera Lurdes Esnaola irakaslea etortzen zaie. “Astean zehar Oinkari taldeko bi entsegu izaten ditugu. Fandangoa eta arin-arina aukerazkoa izaten da baina, ia denak etortzen gara”, argitu dute. Maiatzaren 1ean Lazkaoko txapelketan hartu zuten parte. Aurrera begira, Bergaran, Lezon nahiz Amasa-Villabonakoan izango dira. “Villabonakoa uztailaren 26an izango da, herriko festetan”. Helduen taldeko bi bikote Segurako txapelketara begira ari dira entseatzen.

Holandara eta Murtziara udan
Oinkariko emanaldi gehienak udan zehar izaten dituzte: aurten, besteak beste, Olazagutian eta Santio jaietan. Aurretik, ordea, gaztetxoenak Holandara joango dira hamar egunerako. “Dantza emanaldiak eskaintzeaz gain, ekintza ezberdinak egiteko aukera izango dugu”, azaldu dute pozik dantzari gazteek. Duela bi urte Danimarkan bezala, aurten ere beste zortzi herrialdetako kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute.
Gaztetxoen taldea ia 60 dantzarik osatzen duela adierazi du Oinkari dantza taldeko arduradun Eneko Arteagak, eta ondorioz, banatu egingo direla kanpoan eman beharreko emanaldietarako, “gaztetxoen taldeko 26 dantzari Holandara joango dira; gainerakoak, helduekin batera, Murtziako jaialdira”.

Txermingo ganbarara
Txermingo ikastolako ganbarako obrak zirela eta, Gabonak geroztik Gureako erakusgelan entseatu dute Oinkariko kideek. Lanak bukatuta, Txermingo ganbaran biltzeari ekingo diote berriro. Joan zen asteburuan taldekideen artean txukundu eta margotu zuten ispilu luzeagoa eta egurrezko zorua izango dituen gune berritua.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!