Pilotaleku berria, zabaltzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 5a, 19:51

Duela hiru urte, pilotaleku berria egiteko lanak jarri zituen abian aurreko legealdiak. Hainbat hutsune direla eta lanak luzatu egin badira ere, zabaltzeko prest dago jada.

Errebote plaza eta Amasako pilotalekuaz gain, pilotaleku estali berria martxan izango da Villabonan laster. Txukunketa eta garbiketa lanekin amaitzea besterik ez da falta gune berria herritarrei zabaltzeko. Herriaren erdigunean kokatuko da, Mintzola etxearen atzealdean. Aurreko legealdian jarri ziren abian pilotalekua egiteko lanak eta, agerikoa denez, eragileek aurreikusi baino gehiago luzatu da. Errebote plazako frontoia botatzerako pilotaleku berria eraikitzeko asmoa bazen ere, alderantziz gertatu da; “plazako frontoia bota eta gero eraiki da pilotalekua”, adierazi du Julito Iturbe zinegotziak. Hasiera batean, gainera, ezinduentzat egokitu gabe eraiki zen pilotalekua eta barrura sartzeko eskailerak jaistea beharrezkoa denez, plataformadun igogailua jarriz konpondu dute hutsegitea. Igogailua jartzea ez da Udaleko kideentzat konponbiderik onena izan, baina ezer baino hobea dela adierazi dute. “Gaiari irtenbidea bilatu nahian ibili gara eta azkenean, aukerarik onena igogailua jartzea zela erabaki genuen”, azaldu du Iturbek, “pena izan da arazo hori eraikina egin eta gero sortzea. Asko atzeratu dira lanak baina gainerakoan, polita eta txukuna geratu da pilotalekua”. Inguruko etxe berri guztiak bezala, Aburuza konstruktoreak eraiki du pilotalekua ere.

Pilota tradizioari eutsiz
Aurrerantzean, beraz, errebotean jokatzeko betiko tokia mantenduko da Villabonako Errebote plazan baina, horrez gain, herrian hain errotuta dagoen pilota tradizioari eusteko bi pilotaleku izango dira: Amasakoa batetik eta pilotaleku berria bestetik. Eskuz, palaz nahiz joko-garbin jokatzeko egokiak biak ere. Pilotaleku berriak aldagelak dauzka azpialdean eta baita biltegia ere. Ikusleentzat egokituta, egurrezko eserlekuak ditu eta estalkiaren oinarria ere egurrezkoa da. Behar-Zana pilota eskolako pilotariez gain, herritar guztientzat irekia izango da pilotalekua.

Inaugurazio ekitaldia
Frontoi zaharrean zegoen grabatutako antzinako harri bera itsatsi dute pilotaleku berrian, eta ondorioz, oraingoak ere Behar Zana izena izango du, aurrekoak bezala. Ekainaren 6an, larunbatarekin, Behar Zana pilota elkartearen urteurren ospakizunen baitan inauguratuko da ofizialki pilotaleku berria. Pilota eskolako pilotari gaztetxoetatik hasi eta helduetara, hainbat partida eskainiko da. Tartean baita joko garbiko partidaren bat ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!