Aitz-Ondo elkartearen urrezko urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 5a, 19:34

Aitz-Ondo elkarteak 50 urte bete ditu berriki. Zelestino Tapia Itturri sortzaileetako batek, Esteban Irazu egungo lehendakariak, Mikel Mujika idazkariak eta Lontxo Usandizaga diruzainak eman dituzte azalpenak.

Duela 50 urte pasatxo zabaldu zen Asteasuko Aitz-Ondo elkartea. 1959 urteko martxoaren 12an, hain zuzen ere. Lehen zuzendaritza batzordea Jose Leon Usabiaga (lehendakaria), Agustin Otaegi (lehendakari-ordea), Jesus Bikuña (idazkaria), Inazio Narbarte (diruzaina) eta, Pedro Otero, Jazinto Irazu eta Hilario Usandizaga batzordekide asteasuarrek osatu zuten. Elkartea zabaldu eta hilabete gutxira, 30 bazkide zituen dagoeneko. Andoainen, Villabonan eta inguruko beste herri batzuetan elkarteak martxan jarri zirela ikusita, Asteasun ere pausoa ematera animatu ziren. “Ezkonduak ere bai baina, mutilzaharrak biltzeko zabaltzen ziren orduan batik bat elkarteak”, azaldu du Itturrik. Kale Nagusiko Gaztene etxearen azpialdean kokatu zuten lehen elkarte hura.

Egoitza berria 1974an
Denbora aurrera joan ahala eta taldea handitu zenean, gaur egungo Kale Berriko egoitza erosi zuten, 1974 urtean. Egun elkartea dagoen etxea Iyola baserriko Jose Martin Gabirondok eraiki zuen. “Goiko solairuan bizitu ziren iyolatarrak eta azpialdea, baserritarren kooperatiba izan zen elkarte izan aurretik. Asteasu eta Larraulgo baserritarrek erosi zuten aurrena, pentsu biltegi moduan. Saltzera atera zenean Aitz-Ondo elkarteak hartu zuen, 700.000 pezetaren truke”, adierazi dute elkarrizketatu helduenek. Hasiera-hasieratik izan du elkarteak Aitz-Ondo izena, “egun Tolosatik egiten den bezala, garai batean, Asteasutik bideratzen ziren Aitzondo bailarako juzgatuko lan guztiak. Bailarako izena garrantzitsua zelako jarriko zioten izen hori elkarteari”.
140 bazkide
Egoitza berrira aldatu zirenean, pixkanaka-pixkanaka igotzen joan zen bazkide kopurua. “Egun 140 bazkide gara, topea”. Bazkide egin nahi duten kide berriei begira, elkartean sartzea nahiko zaila dela adierazi dute, “itxaron zerrendan 19 lagun daude zain. Oso zaila da inork giltza uztea, normalean familiakoren bati lagatzen zaio”. Gehiengo nagusia gizonezkoak dira baina emakumeak ere badaude bazkideen artean, “hasieran gizonezkoei soilik zuzendutako elkartea zen. 80ko hamarkadan onartu zen emakumeak –gizonarekin batera–  elkartera sartzea, eta geroago, bazkide izateko aukera eman zitzaien. Egun, hiru emakume behintzat badira bazkide”, adierazi du egungo lehendakariak.
Zazpi kidek osatzen duten zuzendaritza batzordea urtero aldatzen dute, oso-osorik. “Gaztenetik egoitza berrira pasa zirenean, bi urtez behin aldatzen zen zuzendaritza; urtero orain”.

Txirrindularitzarekin lotuta
Hasierako urte luzetan, elkarte gastronomikoa izan zen Aitz-Ondo. Gerora, herrian txirrindularitzako afizioa piztu zenean, elkarte gastronomiko izatetik kirol elkarte izatera pasatu zen. Elkarte gastronomikoa eta kirol elkartea leku berean bilduagatik, bereizita landu izan dituzte beti etxeko kontuak. “Orain beste egoitza batean biltzen dira txirrindularitza taldekoak baina elkartetik, ekonomikoki nahiz ekintzak antolatzeko laguntza eskaintzen diegu”.

Eskualdeko mus txapelketa
Otorduak egiteaz gain, ekintza ezberdinak antolatzeko ere erabiltzen dute elkartea. “Bazkideek bideratuta, ekintza ezberdinak antolatzen dira: Kantu-jirako harrera, bertso-afariak, haurren urtebetetze festak…”. Gainerako eskualdeko elkarteekin badute harremana eta bailarako elkarteen arteko mus txapelketan parte hartzen dute Aitz-Ondoko kideek. “Bederatzi elkarte biltzera ailegatu gara: Irrintzi, Behar-Zana, Zunbeltz, Urkamendi, Ibaiertz, Uxo-Toki, Santamaña, Katillutxulo eta Aitz-Ondo”, azaldu du Lontxok. Mus txapelketarekin Aste Santu ondorenean hasi eta maiatzaren amaieran bukatzen dute, “aurten berandu samar gabiltza, oraindik ez baikara hasi. Txapelketan zehar, astean bitan jokatzen dugu  partida eta larunbatarekin egiten dugu finala”.

Giro polita elkartean
Sukaldean aritzea gustatzen zaien arren, “ekarritakoa jatea ere bai”, adierazi dute umoretsu. Elkartean sukaldean asko saiatzen den koadrila badagoela azaldu dute, “Irrintzik antolatzen duen Isats gisatuen lehiaketa irabazi izan dute bazkide batzuek”. Urteurreneko ospakizuneko bazkaria prestatzeko ere animatu da talde bat.
Elkarteak lagun artera bildu eta tarte polita pasatzeko helburua betetzen jarraitzen du oraindik ere. Aitz-Ondon, lagun artean egun pasa politak egin izan dituztela aipatu du Mikelek, “orduak pasa eta orduak pasa, bazkaldu ere egin beharko dugu eta orduak pasa eta orduak pasa, afaldu ere egin beharko dugu… Azkenean, egun guztia elkartetik atera gabe, gustura”.

Ospakizuna, ekainaren 7an
1984 urtean, ekainean egin zuten 25. urteurreneko ospakizuna. 50. urteurrena ere ekainean ospatuko dute. “Ekainaren 7an, igandearekin, bazkideen eta inguruko elkarteetako gonbidatuen arteko bazkaria egingo dugu. Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua bertsolariak arituko dira bertsotan eta Ostolaza trikitilariak joko du soinua. Goizean meza izango da, 11:30etan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!