Larraul herri izatera iritsi zenekoa

Inoiz idatzi gabea zen Larraulgo historia. Urte luzetan artxibo ezberdinetatik informazioa batu ondoren, herriaren historia idatzi du Pello Joxe Aranburuk Manuel Larramendi Bazkunak egindako beka deialdiaren barnean.

XI. mende inguruan Larraulgo lehen etxeak sortu zirenetik, Aiztondoko Udaletik banatu eta herri izaera lortu zuen arteko historia idatzi du Pello Joxe Aranburuk: “Hiru arotan banatu dut Larraulgo historia. Hasteko, XI eta XVI. mendeen arteko informazio gehigirik ez dago, baina garai horretan hamar baserri inguru sortu zen Larraulen. XVI. mendetik aurrera, eraikuntza ezberdinak altxatzen dituzte; Txuringai errota, eliza, eta burdinola zaharra. Gerora, garrantzia handia izango dute eraikuntza horiek, herri kontzientzia sortu zutelako. Aztertu dudan azken aroan, Larraulek herri izaera hartzen du eta banatzea lortzen dute. XVIII-XIX mendeen artean gertatu zen hori”, azaldu du Pello Joxek.  

Artxibategietan barrena
Dokumentazio falta izan da Pello Joxek lanerako aurkitu duen zailtasunetako bat: “Larraulgo udaletxeak hiru sute pairatu ditu historian zehar. Azkenekoan, 36ko Gerran gertatua, udaletxea guztiz kiskali zen eta artxibategiko dokumentu guztiak galdu egin ziren. Horregatik, beste zenbait artxibategitan egin behar da bilaketa: Tolosakoan, Asteasuko udaletxean, Elizbarrutiko artxibategian, Oñatin…”.
Duela urte batzuk, Alkizako historia biltzeko ahalegina egin zuen Pello Joxe Aranburuk, eta artxibategietan zebilela, Larrauli buruz aurkitutakoak ere biltzen joan zen: “Urtetan zehar aurkitutakoak etxean artxibatuz joan nintzen. Larramendi Bazkunaren beka deialdiaren berri jakitean, Larraulgo historiaren inguruko saiakera egitea polita zela iruditu zitzaidan. Alkizako lana egin nuenean aurkitutako dokumentuak artxibatuta nituen, dokumentazio lanaren zatirik handiena aurreratua nuen beraz. Azkenaldian, lanari forma ematen aritu naiz. Larraulek herri izaera noiz, nola, zergatik lortu zuen jakin nahi nuen eta horretan pasa ditut azken hilabeteak”.
XVIII-XIX mendeei garrantzia berezia eman die Pello Joxek Larraulgo historian: “Garai horretan sortu zen herri izaeraren kontzientzia. Asteasurekin batera, Aiztondoko Udalaren barnean zegoen Larraul ordura arte. Herri sailen erabilpena, basoen ustiaketa edota gastuak banatzerakoan, zati handiagoa hartzen zuen Asteasuk: lautik hiru. Hori zela eta, bi herrien arteko haserreak sortu ziren. 1614 urte inguruan, gaur ezagutzen ditugun Gipuzkoako herri gehienek herri izaera lortu zuten. Larraul, ordea, txikia zen eta zailtasun ekonomikoak zituen. Udaletxea eraiki eta mantendu egin behar zen, eta etxe gutxi zegoen Larraulen. Horregatik, denbora gehixeago behar izan zuten”.

Eliza, errota, herria
Elizaren eraikuntzak garrantzia berezia izan zuen Larraulen: “Herritarren artean ordaindu zuten eta garai horretan hamar baserri besterik ez zegoen Larraulen. Txuringaiko errota ere garrantzitsua izan zen. Ziurrenik, larrauldarren lehen giza ekintza izango zen errota egitea”. Berrehun orrialde inguruko liburuan bildu du Larraulgo historia Pello Joxek: “Dokumentazio gutxi dagoenez, dokumenturik interesgarrienak eranskinetan jarri ditut, eskaneatuta batzuk eta fotokopiatuta beste batzuk. Koldo Jauregiren laguntzaz ateratako laurogei argazki inguru ere erantsi dizkiot lanari. Pello Mari Aranbururen laguntza ere izan dut zenbait argazki txukuntzeko garaian. Orain, lanari azken zuzenketak egin eta inprentarako prestatzea bakarrik falta da”.

Jubilatu ondoren, ikerlari
Euskara irakasle izan da Pello Joxe Aranburu urte askoan. Jubilazioaren atarian hasi zen artxibategietan arakatu eta ikerketa lan ezberdinak egiten. “Alkizako historia biltzen duen liburua egiteaz gain, Juan Bautista Agirreren biografia ere osatu nuen. Azken urteotan, asmo potolo batek lanean eduki nau buru-belarri. Irun eta Madril batzen dituen Norteko trenaren inguruko lau liburu argitaratu ditut Luis Mari Intzarekin elkarlanean. Artxibategi askotara jo behar izan dugu eta ia bost urtetako lana izan da. Egindako lan horren harira beste zenbait eskaera ere sortu zitzaigun. Zumarragako Udalak, garai batean herri hartan izan ziren lau trenbideren inguruko argitalpena eskatu zigun eta beste horrenbeste eskatu ziguten Beasaindik ere.  Erniotik Asteasura egurra jaisteko eraikitako kablearen inguruko azterketa ere egin dut. Jubilatuta izanagatik, beti izaten dut zereginen bat”, azaldu Pello Joxek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!