Aizkardirekin Lokizgo mendikatera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko mai. 5a, 18:33

Maiatzaren 16 eta 17an, Lokizgo mendikatean ibilaldia antolatu du Aizkardi mendi taldeak, gaua Ollogoienen igaroz.

Maiatzak16, larunbatean, Muneta herritik abiatu (543m) eta San Kosme edo Lokiz mendira igoko dira (1114m). Lokizgo mendikateari segida emanez eta Allin bailara atzean utziz, Sartzaleta mendira joko dute (1055m), mendizerrako labar ederrak zeharkatuz. Lokizgo Santiago ermitatik igarota (943m), Ollogoien herrira jaitsiko dira (613m).

Biharamunean, maiatzaren 17an, Iratxetik abiatu (510m) eta Montejurrara igoko dira (1044m) hiru tontor zeharkatuz. Mojardin herrira jaitsitakoan (617m), izen bereko mendira abiatuko dira (893m) eta handik, Labeaga herrira joko dute Ollogoienen amaitzeko.

Asteburuko irteeran parte hartzeko bi aukera jarri dituzte eskura. 1) Asteburu osoa 2) Igandeko irteera. Bigarren aukeran parte hartzeko, norberak bere kabuz joan beharko du.

Izena emateko 649 717 182 zenbakira deitu behar da, astelehenetik ostegunera 20:00etatik 22:00etara. Gainerakoan, ostegun iluntzean Aizkardiko egoitzara jo behar da, 21:00etatik 22:00etara. Izena emateko azken eguna: maiatzaren 14a, osteguna izango da.

Maiatzaren 16an abiatzen direnak, goizeko 08:00etan Olaederra kiroldegiaren aurrean bilduko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!