Perez Gabarainen agurra, Amutxastegiri ongietorria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 30a, 12:04

Apirileko azken egunean egin den ez ohiko udal batzarraldian Estanis Amutxastegik alkatearen aginte-makila jaso du Josean Perez Gabarainen eskutik. Gipuzkoako alderdi sozialistako buruzagiak, zinegotzi ohiak eta herritarrak hurbildu dira batzarraldi aretora.

Perez Gabarainek bere agurrean zera adierazi du, "lagun handi bat utziko diot alkatetza. Gaur eta hemen gogoan izan nahi ditut Jose Luis Lopez de la Calle eta Joxeba Pagazaurtundua. Eta eskerrona adierazi nahi diet udal lansail guztietako langileei, bereziki hirigintza lansailari, alkate guztiei: Patxi Irigoras, Carlos, Sanz, Pilar Collantes eta Joxean Barandiaran". Bertan ziren udal zinegotziei ere eskerrona adierazi die. Bereziki, gogoan izan zuen Mikel Arregi jeltzalearen leialtasuna. Bukatu aurretik Andoainen bere agintean emandako garapena zehaztu du.

Gaurko bigarren protagonista Estanis Amutxastegi izan da. Aurrerantzean, Andoaingo alkatea. "Herri umila da baina handia, nire aitak zioen bezala. Ohore handia da nire herriko alkate izatea". Zutik jarrita hitz egin du eta bereziki eskerrona adierazi dio Joxean Perez Gabarain alkate ohiari. Pasatako une txarrak ere gogora ekarri ditu, bereziki Lopez de la Calleren eta Pagazaurtunduaren erailketak. 

Taldearen zuzendaritzan aldaketa egon dela, bai, baina politika berari eutsiko diotela iragarri du alkate berriak.

Gabarain eta Amutxastegi bezala, Iñaki Egibar eta Juan Carlos Cano hizlari aritu dira. Egibarrek Gabaraini urteotan oposizioarekiko daraman "rodillo politikoa" gogora ekarri dio. Canok, berriz, bizitako esperientzia onuragarria eta aberasgarria ekarri du gogora.

Batzarraldia txalo artean amaitu da. Estanis Amutxastegik zinegotzi guztien zoriona jaso du, baita alderdi sozialistaren buruzagiena ere. Tartean ziren, besteak beste, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSEko buruzagia, Rafaela Romero Batzar Nagusietako lehendakaria, Ernesto Gasco Donostiako zinegotzia edota Jose Maria Mugica Urnietako zinegotzi ohia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!