Liburuaren eguna, lehen aldiz Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 29a, 21:19

Eder liburudendako Sandra Gomezen eraginez, apirilaren 23an ospatzen den Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, lehenengoz liburu azoka bat egin zen Urnietan. Eguraldi bikaina lagun, goizean San Juan plazan eta arratsaldean Etxeberri plazan egin zen azoka, eta bietan jende ugariren bisita jaso zuen. Aurtengo arrakasta ikusirik jarraipena izango duen ekitaldia izango dela dirudi.

Eder liburudendaren postuarekin batera Iñistorra Biltzarrak ere berea jarri zuen. Cristina Moratoren Cautiva en Arabia, gazteleraz, eta Xabier Leteren Egusentiaren esku izoztuak, euskaraz izan ziren libururik salduenak. Liburuez gain, Pirritx eta Porrotx pailazoen maiatzeko “Piratak” ikuskizunerako sarrera guztiak ere agortu egin ziren bertan.
Sandra Gomez Castelar Hernanin jaio zen 1987ko abuztuaren 7an. Orain lau urte etorri zen Urnietara bizitzera, eta duela urte eta erdi Eder, herriko liburu denda bakarra zabaldu zuen.

Kontentu zaude liburu dendak izandako harrerarekin?
Sandra Gomez: Oso pozik nago Urnietan, ezin dut besterik esan. Jende asko etortzen da liburuak erostera edo enkargatzera.
Esaguzu nola bururatu zitzaizun Liburuaren Eguneko azoka antolatzea?
S.G.: Liburu asko daude dendan, baina orain arte ezer ez zela egiten ikusita, ba gutxienez lortu nahi nuen jendeari jakinaraztea apirilaren 23a Liburuaren Eguna dela. Eta horretarako zer egokiago plazan liburu azoka bat antolatzea baino? Udaletxean aurkeztu nuen ideia eta harrera ona izan zuen hasieratik eta laguntza eman dute.

Jendea, zeren bila etorri da?
S.G.:  Denetik egon da. Batzuk bazekiten zer nahi zuten eta beste batzuk ikusi ondoren aukeratu dute. Izan dira bi libururen artean zalantzan ibili ondoren biak erosi dituztenak ere.

Egin ezazu I. liburu azoka honen behin-behineko balorazioa.  
S.G.: Oso ondo joan da eguna. Jendeak gogo onez hartu du azoka, batzuk buelta bat eman dute hemendik, baina etorri diren gehienak zerbait erosita joan dira. Salmentak espero baino askoz hobeak izan dira. Ez nuen horrenbeste jende etorriko zenik espero.

Azokari jarraipena emateko animatuta beraz...
S.G.: Bai, dudarik gabe honek jarraipena izan behar du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!