Antia literatur lehiaketa, sari banaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 29a, 21:18

Apirilaren 25ean egin zen Lekaio kultur etxean On Manuel Antonio Antia literatur lehiaketaren XV. edizioaren sari banaketa. Helduen mailan, 1984an Beasainen jaio zen  Irati Goikoetxea Asurabarrena izan zen garailea. Hona, berarekin izandako solasaldia:

Zenbatgarren aldia hemen parte hartzen?
Irati Goikoetxea: Lautan parte hartu eta lauetan hemen izan naiz. Beste lan asko ere egiten ditugu eta iaz ez nintzen iritsi gustuko lan bat egitera eta  ez nuen parte hartu eta aurten banuen halako arantza txiki bat edo irrika bat berriro bueltan hona etortzeko.

Orduan, parte hartu duzun edizio guztietan saritua izan zara?
I.G.: Bai aurtengoarekin hirugarrenez irabazle izan naiz  eta beste batean hirugarren izan nintzen.

Lehiaketa gehiagotara ere aurkeztu, aurkezten zara...
I.G.:  Bai, tarteka parte hartzen dut. Garai batean gehiago idazten nuen, orain lana dela eta urtean bost-sei ipuin idazteko tartea hartzen dut.
Zein da zure lanbidea momentu honetan?
I.G.: DBHko ikasleei matematikak erakusten dizkiet Burlatan. Matematikak literaturarekin batera gustukoak ditut eta halako oreka bat edo sortzen saiatzen naiz.

Matematikan lizentziatu zinen?
I.G.: Bai horrela da. Literaturarekiko zaletasuna ere oso barneratua nuen, eta iruditzen zitzaidan aisialdia eskaintzeko helduko niola, orduak aterako nituela handik edo hemendik, eta matematika aisialdian lantzea zailagoa denez lanbide gisa hartzea erabaki nuen.

Anaia bertsolaria duzu, euskal kulturarekiko afizioa nondik datorkizue?
I.G.: Gurasoek idatzi ez baino gauero lo hartu aurretik eskua eman eta ipuintxo bat kontatzen ziguten, eta gure etxean euskal musika asko entzun dugu, Benito, Imanol, Lete...kantu letra asko entzundakoak gara, anaia lau urte zaharragoa da eta “mundu” honen zaletua da. Nik atzetik jarraitu dut.

Irabazleen idazlanak irakurtzeko aukera izango da Aiurri astekariaren bitartez.

ANTIA LITERATUR LEHIAKETA
URNIETA, XV.EDIZIOA. SARI BANAKETA:

HELDUEN KATEGORIA
1.- Irati Goikoetxea Asurabarrena, “Nortasun ageria”.
2.- Alaitz Sarasola Olano, “Egia biribilak”.
3.- Eman gabe geratu da."Tortil a goxoa"

GAZTEEN KATEGORIA
1.- Jon Yurramendi Bengoetxea, “Iritsi da unea”.
2.- Uxue Diez Guiral,  “Aingeruen bihotza”.
3.- Adriana Unanue Mañoso,   “Aitari itsatsi ezin izan” nion musua.
 
HAURREN KATEGORIA
1.- Leire Gonzalez de San Pedro Etxaniz, “Iñaki Musikaria”.
2.- Mikel Martinez Iturrioz, “Denbora”.
3.- Idoia Cepa Iza, “Tortilla goxoa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!