Elorriya baserriko Manoli Olasagirre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 29a, 21:05

Badira bost urte baserria saldu eta bizitzera kalera jaitsi zela, ordutik Santa Krutz eguneko erromeria Elorriyan egin ordez Azkorteko ermitaren ondoan egiten da eta bazkaria Oianume jatetxean.

Nola gogoratzen dituzu eskola garaiak?
Manoli Olasagirre: Bost sei bat urterekin hasiko nintzen Urnietara eskolara joaten, eta gero hamaikarekin, komunioa egin nuenean Oriako eskolara pasa nintzen. Lizardiko Anjelita Ugaldek han ematen zituelako klaseak. Nik eskolako gogoa banuen baina erdara buruan ezin nuen sartu. Anjelitarekin euskaraz egiten genuen. Hark ilunabarretan Lizardin ematen zituen eskola partikularrak, baina gaueko hamaretan bukatzen zirenez Lizarditik atera eta Elorriyaino bakarrik joatea ez nintzen atrebitzen.

Orduan, Oriako eskolan gustura ibili zinen?
M.O.: Bai oso gustura. Arratsaldeetan ateratzean elkarrekin etortzen ginen Angelita eta biok Pagoadarragabekoa baserriraino, batzuetan gurekin etortzen zen Teresa Amuategi emagina ere. Hura Urnietara etorri berria zen eta Irurainen bizi zen. Oriako Brunet fabrikara joaten zen, indizioak jarri eta gainerako erizain lanak egitera. Eskolako ordu berean ateratzen zen eta gure etxe ondotik barrena joaten zen etxera. Euria eguraldiarekin, Orian errepidea gurutzatutakoan oinetakoak (normalean apretak) eskuetan hartu eta hanka hutsik etortzen zen etxeraino.

Nork egiten zituen Azkorteko serora lanak?
M.O.: Gure izeba Manuelak egiten zituen, Elorriyako alaba, Zapal baserrira ezkondua. Zapalen bizi zela ere han ibiltzen zen, eta gure aitak ere ez zituen zortzi egun pasako ermitara igo gabe, ermitaren konponketak hark egiten baitzituen. Beraz, aspalditik gure familiaren zereginetako bat izan zen ermita zaintzea.

Oraingo ermita 1973ekoa da, nola gogoratzen duzu lehengo ermita zaharra?
M.O.: Ia herri guztiarekin batera 1837an erre ondoren, 1912. urtean berriro eraikitakoa zen hura. Orduko erretorea, Arrue berritzearen aurka zen, ermita herriarena zelako eta ez elizarena. Baina bost Urnietarrek, tartean gure aitak gogor ekin zioten, eta azkenean obispoaren baimena lortu zuten. Herritar ugarik parte hartu zuen eraikitze lanetan.

Oraingoa baino gorago zegoen...
M.O.: Bai, gogoan dut festetako edariak astoarekin igo behar izaten genituela. Ardoa, sagardoa eta ura. Eguraldi ona izanez gero berehala bukatzen zen dena, baino txarra zenean bertan geratzen ziren saldu gabe. Gogoan dut Buruntza suak hartu zuen batean, 1960  izango zen, elizako teilatuko gapirioak su hartu zuten. Santa Krutzetan sobratutako sagardo botilak bazeuden han jasota eta bertan urik ez zenez, botila haiek ireki eta sagardoarekin sua itzali zuten.

Zuen baserrira hurbiltzen zenarentzat beti izaten zenuten otordurik?
M.O.: Urtean zehar hamaiketakoak eta ematen genituen, sagardoa eta ardoa beti izaten genituen; urdaiazpikoak eta arrautzak ere bai, eta azken aldera oilaskoak ere bai. Oria aldetik, Lasartetik eta Andoaindik ere, Buruntzari buelta emanez asko ziren gure etxera etortzen zirenak. Batez ere  larunbatean edo igandean etortzen zen jendea.

Nolakoak ziren Azkorteko festak?
M.O.: Gogoratzen naiz aurrena etorri ziren bertsolariak Basarri eta Uztapide izan zirela, bi urtetan izan ziren, gero Lizaso eta Agirre elkarrekin hasi ziren etortzen. Lizaso urte pare batean etorri zen baina Agirre 46renbat urtetan etorriko zen, horietako askotan Patxi Etxeberriarekin. Eta trikitilariek ere ez zuten hutsik egiten, gogoan dut Irundik nola etortzen ziren, gero Joxe Mari, Andoainen “Patas” bezala ezaguna zena, Elola eta beste hainbat ere; orain Larrañaga etortzen da. Gure gazte denboran auzoko gazteek antolatzen zuten jaia dirua biltzeko “rifa” bat eginez. Eguraldi txarrarekin jende gutxi izaten zen eta saldu ezinik ibiltzen ziren.
Gazteek utzitakoan, Sorolako Ramon Baldak hartu zuen jaiak antolatzeko ardura, eta gero udalak.

Herri kirolak ere betikoak izango dira bada?
M.O.: Nik aizkolarik beti ezagutu izan ditut. Oriatik edo Andoaindik etortzen ziren aizkolariak. Baziren Andoaingo Olamia enpresan lan egiten zuten nafarrak eta haiek hamaiketakoaren alde edo ekarri eta horrela egiten zen festa, bestetarako dirurik ez baizen.

Bolatokia ere garrantzitsua zen Elorriyan...
M.O.: Gure baserrian bolatokia beti ezagutu dut. Orain 50enbat urte gure etxean izaten ziren dozenaren bat lagun jaiero bolan. Oinanumekoak, Zapalgoak, etxekoak... ilunabarrean bolan saio bat egin ondoren denak behiak jeztera joaten ziren. Santa Krutz txapelketa han egitea utzi bazen ere, herriko bolatokian egiten jarraitzen dute.

Eta Santa Krutz eguneko bazkaria?
M.O.: Herritar ugarirekin batera, alkatea eta zinegotzi batzuk han bazkaltzen beti ezagutu izan dut, eta erretorea ere bai.

Esaguzu zein izaten zen Santa Krutz eguneko menua?
M.O.: Jendea gure etxera oilaskoa jatera joaten, beraz, oilo zopa, oilaskoa eta postrea jaten zuten. Udalaren menua momentuko alkateak aukeratzen zuen, gogoan dut Saturnino Larburu alkate zenean, zopa, azak babarekin, oilaskoa eta arrozesnea izaten zela. Ramon Atxagak aldatu egin zuen: zopa, arraina frijitua, oilaskoa eta arroz esnea. Hark oraingo ermita inauguratu eta segituan utzi zuen alkatetza Patxi Eizagirrek hartzeko. Eta Patxik, berriro menua aldatu zuen: zopa, garbantzuak, arraina, oilaskoa eta postrea. Azkenik, Jose Manuel Martiarenak erabakitako menuarekin jarraitu genuen utzi genuen arte: zopa, legatza, oilaskoa eta postrea.

Lasartekoen festa izaten da Santa Krutz hurrengo igandean...
M.O.: Haiek igandera pasa zuten jaia Brunet fabrika jarritakoan, hango langileek Santa Krutz eguna aste egunez zenean ezin etorririk geratzen zirelako. Mezaren ondoren bazkaltzera etxera joaten ziren. Gerora hasi ziren festa egiten, eta orain Urnietakoak adinakoa egiten dute.

Nola ikusten duzu oraingo Santa Krutz eguna?
M.O.: Asko kanbiatu da. Lehenago jaia egun guztikoa izaten zen eta jendea lasaiago egoten zen bertan. Orain eguerdirako bukatu eta Oianumen biltzen dira. Hala ere, uste dut tradizio handiko festa dela eta segituko duela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!