Ramon Goikoetxea UDAko zinegotzi berria udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 29a, 21:04

Apirilaren 28an burutu zen ezohiko oso bilkuran hartu zuen Ramon Goikoetxeak, Mertxe Zapiainek utzitako zinegotzi kargua. Aurrerantzean, bere esku geratuko dira kirola, hezkuntza, gazteria, kultura eta euskara alorrak. Egungo legegintzaldiaren erdia igarotzear den honetan izendatu dute zinegotzi. Baina Goikoetxearentzat gobernu taldera egindako jauzia ez da hain handia, orain arte, UDA barruan lanean jardundakoa baita Zapiainekin batera.

Kargu hartze ekitaldia zer moduz joan da?
Ramon Goikoetxea: Harrera guztiz normala iruditu zait. Jada batzuk esan dute, ia legegintzaldia amaitu arte iraungo ote dudan. Gainerakoan ondo.

Esku artean darabilzuen eta lehenentasuna duen gaietako bat zein izan daiteke?
R.G.: Gazteria da niretzat sentsibilidade gehien duen arloa eta iruditzen zait gainera, herri honetan hutsuneak daudela eta guztion artean erantzun bat eman behar diogula, ikusiz zein den bidea, ikusiz gazteek dituzten asmoak… Izan dadila, udaletxe osoaren proiektu eta helburua. Zenbait gazte gugana hurbildu eta eskaera batzuk egin dizkigute. Guk horri erantzun bat eman behar diogu, ez alderdi bakoitzak domina jartzeko, denon helburu bezala baizik. Gehien kezkatzen nauen alorra da. Porrota posible da, baina helburuak eta arrisku hori hartzeak merezi du. Helburua badakigu zein den, orain bidea asmatu behar da. Bestalde, kirol mundua ere gertutik bizi dut.

Maiatzean bi urte beteko dira UDA, gobernu taldera ailegatu zenetik. Erraza izango al da zuretzat legegintzaldi erdian zinegotzi gisa lan egitea?
R.G.: Ez zait iruditzen zaila izango denik. Gainera, egin behar dena oso garbi dut. Mertxerekin zenbait gauza landuta daude, zenbait zirriborro prestatuak ditugu. Argia eman behar zaie. Orain, gurea den proiektu hori guztien proiektu nola bihurtzen den ikusi behar da.

Aurrekontua murriztu behar denean, lehenbizi kultur arloari gutxitu ohi zaizkio diru partidak. Topiko hutsa dela uste duzu?
R.G.: Krisialdia oso larria da, orokorrean, udaletxe guztientzat. Jakina da Aldundiak irabazi gutxiago izan dituela. Urnietarren diru sarreren erdia Aldunditik dator. Beraz, jaitsiera egon da. Aurtengo inbertsioetarako oso diru gutxi geratzen da, eta egia da geratzen den gehiena hezkuntzan, ikastolaren itxiturarako erabiliko dela. Baina partidarik murrizteko asmorik ez dago, orain artekoa mantendu nahi da. Agian erabakiak gogorragoak izango dira. Aktibitate batek zorra sortzen badu, seguruenik baztertu egingo da. Aurten, hezkuntzak eramango du libre geratzen den zatirik handiena. Halere, beste aukera batzuk sortu eta irtenbide desberdinetan pentsatu beharra dago.

Zeure errezeta beraz, sormena litzateke?
R.G.: Sormena, inplikazioa eta konpromisoa. Orain arte, behar bat dugunean Udalari eskatzera ohitu izan gara. Ongizate ekonomi garaian posible zen. Orain halere, gauzak bideratzeko aukera badago, proiektu garestiak izan arren bideratu litezke, herriaren inplikazioarekin. Inplikazioak guztiona izan behar du.

Legegintzaldi amaieran, zer helburu beteta sentituko zinateke gustura?
R.G.: Gazteriaren proiektuarekin; dinamika ez duen herria dinamikadun bihurtuta, Urnietan mugimendu txiki bat sortuta alegia; eta kiroldegi berria martxan egongo balitz, zer esanik ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!