Orain 30 urteko erailketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 29a, 21:03

Ansaren erailketaren ostean, manifestazioa egin zen Andoaingo kaleetan

Maiatzaren 6an 30 urte beteko dira Jose Ramon Ansa Etxeberria Upategi baserriko gaztea hilik aurkitu zutela Xoxokako bidean. Aurreko hilabeetetan ultraeskuindarrek Andoainen hainbat atentatu burutu ondoren heldu zen lehenbiziko erailketa hori. Ondorengo bi urtetan, beste sei erailketa gertatu ziren “heriotzaren hirukiaz” ezagutu zen Andoain-Hernani-Astigarraga eremuan.

70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hasieran, estatuko aparatoekin harremanak zituzten, edo behintzat haien oniritzia bazuten, talde armatu franko (Triple A, Batallon Vasco Español, Guerrilleros de Cristo Rey...) aritu zen Euskal Herri osoan. 1983an GALek haien guztien lekukoa hartu zuen estatu terrorismoari dagokionez.
Andoain bereziki kolpatu zuten, herritarrengan gauetan kalera ateratzeko beldurra nagusitzeraino. Hara zenbait atentatu: paisanozko guardia zibilek Juan Inaxio Irulegiri tiroa eman zioten belaunean, Jose Mari Arruti harrapatu eta galdeketa egin zioten kalean bertan; zenbait manifestazio baketsu indarka eraso zituzten; Iñaki Arin preso ohiaren etxea tirokatu egin zuten; Gomez eta Elzaburu familiek heriotz mehatxuak jasateaz gain, euren okindegia eta ardotegiak bospasei atentatu jasan zituzten (sua eman, tirokatu...); Zubillaga anaien autoak erre zituzten; Aranaztegi baserria tirokatu eta bere belar metak erre zituzten; Salbadora Roldanen etxearen aurka molotov koktela jaurti zuten...   Guztien artean, sonatuena, Jose Ramon Ansaren erailketa izan zen. 1979ko maiatzaren 6an gertatu zen, igande goizaldean.    
Ansaren erailketa
Ansa gaztea Santakrutz jaietatik Upategi baserrira zihoala, ezezagunek auto batera sartuarazi zuten. Xoxokarako bidean, Azkonobieta baserritik aurreraxeago dagoen bihurgune batera eraman eta buruan tiroa eman zioten, bertan hilda utziz. Triple A taldeak erreibindikatu zuen erailketa.
Baserrian lanean aritzen zen gazte umil eta langilea, politikan gaietan parterik ez zuena. Halaxe definitu zuten 17 urteko Jose Ramon Ansa ezagutzen zutenek. Goibeltasuna, amorrua eta izua nagusitu ziren Andoainen, berria jakin bezain pronto. Hainbat protesta burutu zen herrian (manifestazioak, greba orokorra...). Igandean bertan, ez ohiko batzarra egin zen udaletxean, eta PSE, EE, EAJ eta EMK-OIC alderdiek hainbat puntuko mozioa adostu zuten aho batez. Hiru zatitan banatu ziren erabaki horiek. Lehendabizi, Ansa familiari samina eta elkartasuna adierazi zitzaion. Bigarren, herrian nagusi zen sentimendua jaso nahi zela adierazi zen, eta horregatik, talde faxistak atxilotzea eta estatuko instituzioen depurazio sakona exijitu zitzaion gobernuari.
Hirugarrenez, azkenik, Udalak Andoaingo guardia zibilen kuartela hartu zuen jomugatzat. Hango kideen jokabide errepresiboak argitzeko, bertako arduradunak ikertzeko eta horietako gaiztoenak herritik kanporatzeko, eta bertan geratzen zirenak alkatearen agindupean jartzeko eskatu zioten gobernadore zibilari.
AP eta UCD salbu, gainerako Andoaingo alderdi politiko guztiek beste agiri bat ere kaleratu zuten egun berean. Ansaren erailketa Madrilgo gobernuak Euskadin zeraman jokaera errepresiboaren barruan kokatu eta guardia zibilen eta inkontrolatuen arteko ustezko harremanak salatu zituzten, besteak beste.
Andoainek bizi izan zuen errepresio giro hori ikertu eta argitan jartzeko, txosten bat ere atondu zuen herri batzorde batek 1979ko abenduan. Udaleko alderdi guztiek eta HB, PCE, PTE, EIA eta EKA alderdiek ez ezik sindikatu guztiek sinatu zuten txostena; besteak beste, Inazio Maria Iturbide Piti andoaindarra aipatzen zuen, errudun gisa.

Beste sei heriotz
Hurrengo bi urtetan beste sei hil zituzten Andoain-Astigarraga eremuan: Tomas Alba, Felipe Sagarna (Zapa), Migel Mari Arbelaitz, Luis Mari Elizondo, Joakin Altinasbere eta Xabier Ansa Zinkunegi. Azken hau Antzizu baserrikoa, 1981eko martxoaren 3an erail zuten Krafft lantegiaren parean.
Handik egun batzutara Iturbide eta Zabala atxilotu egin zituzten BVE taldeko kide gisa. 1985eko ekainean epaitu eta 231 urtera zigortu zituzten zazpi erailketa egotzita. 1998az geroztik Iturbide behin baino gehiagotan atxilotu izan dute lapurretekin nahasita dabilekoan.

Gehiago jakiteko: La transición en Andoain desde la perspectiva de la izquierda (Karmele Otaegi, Leyçaur 5). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!