Nerea Arruti Urnietako judoka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 29a, 20:49

Estatu mailako 23 urtez azpikoen txapelketan parte hartu eta zilarrezko domina eskuratu berri du Nerea Arruti judo jokalariak. Europara begira dago orain.

23 urtez azpiko estatu mailako txapelketan, zilarrezko domina eskuratu duzu. Lehia estua izan zen?
Nerea Arruti: Finalaurdenetan kosta zitzaidan, baina azkenean irabazi nuen. Gero finalerdietan, Vanesa Romerorekin lehiatu nintzen eta ondo. Gainera, berarekin lehia estua nuen, junior mailan finalerdietan irabazi egin zidan eta.

Bion arteko lehia beraz, lehendik dator?
N.A.: Bai. Baina saio honetan irabazi nion eta gustura nago.

Jokatu duzun zeure lehen final saioa izan da gainera. Urduri al zinen?
N.A.: Ez. Jada, bigarren postua lortua nuenez, lasai joan nintzen. Borrokaldira atera eta segituan kristorena eman zidan. Halere gustura nago, finaleko aurkaria oso ona baitzen, Europako hirugarrena uste dut.

Zure mailan azken urtea duzu. Oraingoan, ahalik eta emaitza onenak lortzeko aprobetxatzeko moduko urtea izaten ari da?
N.A.: Lehenengo postuan sailkatzeko aprobetxatu beharra nuen, baina hanka sartze bat egin eta hirugarren postuan geratu nintzen. Halere, zerbait bada.

Datorren denboraldikoa, jauzi handia izango al da?
N.A.: Ez. 23 urtez azpiko mailako txapelketan duela urte batzuetatik parte hartzen ari naiz. Aurten jada bigarren postuan sailkatuta, badakit zer dagoen gainera.

Usurbilgo judo taldeko kide zara. Nesken taldea indartsu dabil azken boladan?
N.A.: Iazkoa, kristorena izan zen. Taldekako sailkapenean, lehen postuan geratu ginen estatu mailan. Taldean emaitza onenak lortu ditugunak emakumezkoak izan gara.

Emaitza on horien azken adibidea, zure talde kide Oiana Blancok eskuraturikoa?
N.A.: Bosgarren geratu da Tbilisin. Onena da bere pisuan, estatu mailan. Europa mailako txapelketara joanda, lan oso ona burutu du.

Denboraldi amaieran zaudete. Zeure hurrengo kirol hitzorduak zeintzuk dira?
N.A.: Orain Madrilera joan beharra dut, estatu espainiarreko selekzioarekin proba batzuk egitera, zer moduz gauden ikusteko. Haiek zenbat puntu ditugun ikusita, zer txapelketara joango garen erabakiko dute. Puntu gehien dituztenak Europa mailako txapelketara doaz. Nik ez dut uste jongo naizenik.

Aukera halere hor dago?
N.A.: Bigarren postuan nago, aurrekoarengandik bost puntura.

Arbitroen lana maiz ezbaian jarri izan da. Zuen taldekide bati duela gutxi gertatutakoa ere hor dago?
N.A.: Gehiegizkoa izan zen. Arbitroaren atzealdean zegoen pertsona bat, gure taldekidearen aurkariari nola jokatu esaten. Lotsagarria izan zen, geure taldekideak oso argi irabazi baitzion. Harrituta geratu ginen, baina horren aurka ezin da ezer egin. Geure taldekidea, guretzat txapelduna da.

Inguruko herrietatik dezente doaz Usurbilgo judo taldera...
N.A.: Esteban Arrillaga, entrenatzaileagatik. Estatu osoan ezaguna da. Hasten direnek segitzen dute, urte askoan gainera.

Zuen gorabeherak sarean daude, www.jcusurbil.com web orrialdean. Tresna garrantzitsua zuen lana ezagutarazteko?
N.A.: Ondo dago, denek nola gabiltzan ikus dezaten. Behintzat hor agertzen gara. Orain gehiago hitz egiten da judoaz komunikabideetan.

Pisu tartearen arabera, aurkari falta egon ohi da. Zuri eragin dizu?
N.A.: Gipuzkoa, Euskadi eta Sektore mailetan ez dago inor. Espainia mailara joan gero, eta nabari da, aurkariak oso onak dira. Senior mailara ailegatu ahala, geroz eta neska gutxiago dago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!