"Zoaz infernura, laztana" eleberria aukeratu dute 2008ko Beterriko Liburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 29a, 19:53

Halaxe erabaki dute 111 Akademiako kideek eta ondorioz, Anjel Lertxundi idazle oriotarrak bigarren aldiz jasoko du Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena maiatzaren 7an, ostegunarekin, arratsaldeko 19:30etan Zizurkilgo Olentzo jatetxean.

111 Akademiako kideek Anjel Lertxundik idatzi eta Alberdania argitaletxeak argitarturiko Zoaz infernura, laztana eleberria aukeratu dute 2008ko Beterriko Liburu. Horixe izan da joan den urtarrilaren amaieran abian jarri eta Liburuaren Nazioarteko Egunean amaitu zen aukeraketa prozesuak utzi duen emaitza. Hiru bozketa txanda behar izan dira 2008ko saritua aukeratzeko, eta 81 euskal irakurlek hartu dute parte prozesu horretan, guztiak 111 Akademiako kideak. Lehen bozketa txandan akademiakideei 2008an irakurri zituzten liburuetatik gogokoen zutenaren aldeko botoa emateko eskatu zitzaien; lehen txanda hartan saridun izendatuko zen obrak jasotako botoen %30 eskuratu behar zuen baina ez zen halakorik gertatu. Hori dela eta, 111 Akademiak bigarren bozketa txanda jarri zuen martxan. Bigarren saio hartan akademiakideei zera eskatu zitzaien: lehenengo bozketa txandan boto gehien jaso zuten lehenengo bost obren artetik baten aldeko botoa eman zezatela. Joan Mari Irigoienen Bestea da mundua, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao, Jon Martinen Ero, Fernando Morilloren Suminaren estrategia eta Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana izan ziren bigarren bozketa txandara pasa ziren obrak. Alabaina, bigarren hartan ere ez zen obrarik egon saritu izendatzeko lortu beharreko botoen %40 eskuratu zuenik; beraz, hirugarren eta azken bozketa txandan, bigarrenean boto gehien jaso zuten lehenengo bi obretatik bat aukera zezatela eskatu zien 111 Akademiak bere kideei: Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao edo Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana. Azkenean, gipuzkoarra nagusi 16 botoko aldearekin.


Saria bigarrenez jaso duen lehen idazlea

Horrela, Anjel Lertxundi da 1996an Manuel Larramendi Kultur Bazkunak abian jarri zuen Beterriko Liburua Saria bigarren aldiz irabazi duen lehen idazlea; 2002an ere idazle oriotarraren obra bat izan zen irakurleen artean gogokoen suertatu zena, Zorion perfektua, hain zuzen ere. Urte hartan Beterriko Liburua aukeratzen zuten irakurleak Epaimahai Orokorrean biltzen ziren; 2007an, ordea, Larramendi Bazkunak 111 Akademia sortu zuen, euskal irakurleen lehenengo akademia, saria aukeratuko zuten irakurle kopurua handitu eta Euskal Herri osora zabaldu asmoz. 30 akademiakiderekin hasi zuen bere ibilbidea 111 Akademiak, eta egun 129 kide ditu, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroan banatuak. Aurrerantzean ere akademiakide berrien bila jarraituko du 111 Akademiak, euskal irakurleei euskal literaturan paper aktiboago bat jokatzeko aukera ematen saiatuz.

Sari banaketa maiatzaren 7an

Behin sariduna aukeratuta, irabazleari saria ematea besterik ez da geratzen. Maiatzaren 7an izango da hori, Zizurkilgo Olentzo jatetxean iluntzeko 19:30etan ospatuko den sari banaketa ekitaldian. Anjel Lertxundirekin batera, bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako jarduneko sailburuorde Patxi Baztarrika, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Estibalitz Alkorta eta Zizurkilgo alkate Maria Anjeles Lazkano, baita 111 Akademiako behin-behineko epaimahaiburu Eloi Egibar eta Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari Jon Unanue ere. Kemen Lertxundi abeslari eta poeta ondarrutarraren doinuek jantziko dute ekitaldia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!