Ipuinak eta marrazkia, liburuaren egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 18:59

Gaur, apirilaren 23a, nazioarteko liburuaren eguna da eta Zizurkilgo Otaño eta San Millan ikastetxeetako gaztetxoenek modu berezian ospatu dute. Helduenek ipuin kontalari papera hartu dute eta ipuinak entzun eta gero, marrazkiak margotzeko tartea izan dute guztiek. Ipuin eta marrazki artean, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin duten senidetze hitzarmena garatu dute:

El Salvadorreko Segundo Montes komunitateko eskolarekin senidetuta daudenetik, hainbat ekimen gauzatzen ahalegintzen direla adierazi du Pedro Mari Otañoko irakasleak, "diru eskasia handia dute han eta hemendik hainbat ekintza burututa lortzen dugun dirua bidaltzen ahalegintzen gara. Guk gure bizitza aberasten dugu haien esperientzia jasota". Ondorioz, diruaz gain, lanak eta gutunak elkartrukatzen dituzte. "Martxoan, eskualdeko bi ordezkari komunitatean izan zirenean, eskolan antolatutako hainbat ekimenetan lortu genuen dirua eraman zieten. Dituzten behar askoren artean, eskolako materiala eta ordenagailua dituzte lehentasun nagusiak eta diru hori, behar horiek asetzeko bidali genuen. Horrez gain, Iñauteri, Santa Ageda nahiz Kalderero egunen inguruan ikasleek egindako lanak ere bidali genituen. Zalantzarik gabe, dirua garrantzitsua da eurentzat baina, elkar ezagutuz, elkar aberastea da ekimenaren helburu nagusia".

Liburuaren egunean, ipuin kontaketak

Gaur, liburuaren nazioarteko egunean, kanpoko ipuin kontalariak ekarri beharrean, ikastetxeetako haurrek protagonismoa hartzea proposatu zuten Liburutegitik. Pedro Mari Otaño eta San Millan ikastetxeak baiezkoa eman eta ipuinak aukeratu eta prestatu ostean, gaur arratsaldean kontatu dituzte Atxulondo Kultur Etxea Ipuin Etxe bilakatuta. "Ipuin guztiak kultur aniztasunaren ingurukoak izan dira. Ipuin kontalariari eman beharreko dirua Otaño ikastetxeak jaso du, Segundo Monteseko ikastetxera bidaltzeko", adierazi du Arantxa Zabala liburutegiko arduradunak. Otaño eskolako kideak esan duenez, berriz, ikasleak motibatuta aritu direla lanean, "horrelako ekintzak motibagarriak dira eurentzat. Modu ezberdinetara landu dira ipuinak: adinari egokituta". Hauexek, hain zuzen:

-HH 3 urte: "Sararen basoa", liburutegiko bebetekan.

-HH 4 urte: "Afrika eta koloreak", liburutegian.

-HH 5 urte: "Kamila zebra", Yoga gelan.

-LH 1. zikloa: "Sosuren deia", areto nagusian.

-LH 1 eta 2. zikloak: "Hamasei paisa eta paralitiko bat": KZ gunean.

 

Aurrera begira, ilusioz

Dagoeneko hamaika ekimen bultzatu dute Segundo Monteseko eskolari laguntzeko eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitu nahi dute Otaño eskolan, "Eguberrietan, Kaldereroetan, Santa Ageda egunean, Azoka egunean..., aurrera begira ere ekintza ezberdinak bideratzen jarraitu eta El Salvadorreko komunitatearekin daukagun proiektu honetan, denbora luzez ilusioz beteta aurrera jarraitu nahi dugu". Orain, Aiztondo bailara osoa senidetuta dagoenez, proiektuak indar handiagoa hartuko duela uste du. Maiatzaren 30ean lehen senidetze eguna izango da Zizurkilen eta hainbat ekintza antolatuko da egun horretarako.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!