Santakrutzak 2009: Iritzia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:53

Ae Irazu eta Joseba Salbador.

Ane Irazu Iritzia • Andoain

Santakrutzak. Atzera begira jarri naiz, memoria astindu eta lerro batzuk idazteko. Santakrutzak. Ez dira nola zahartzen (edo heltzen!) ari garen jabetzeko erreferentzia txarra. Festak. Bat aukeratzen hasita, herriko festak horiexek: Santakrutzak.

Udaberriko jaiak. Epela eta euria. Festa eta garagardoa. Hotza eta parranda. Familia bazkaria eta Santa Krutz martxa. Barrakak eta blusa kuadrodunak. Jaiak desberdin bizitzen dira adinaren arabera. Santakrutzak desberdinak dira bizitzako aro bakoitzean. Eta atzera begira jarrita, hiru garai ezberdin ikusten ditut: txikitakoak, gaztarokoak, eta ama bihurtu ondorengoak.

Txikitan irrikitan izaten ginen jaiak noiz iritsiko. Udaberrian ondo sartuta egonik, jantzi berria estreinatzen genuen urtero maiatzaren 3an. Jende guztia dotore-dotore joaten zela gogoratzen dut. Etxean ikusten zen alaitasuna ere gogoan dut. Egun haietan etxean ez zegoen besteetan bezalako fundamenturik. Dena zen libreago, arau gutxiko eguna. Aita Sta. Krutz elkarteko danborradan ateratzen zen eta gu urtero joaten ginen bera ikustera. Kale Nagusian behera Napoleonen batailoi osoa balitz bezala gogoratzen ditut danborjole eta barrikajoleak.

Barrakak ere gogoan ditut. Ez zuten zerikusirik gaur egun daudenarekin. Oraindik ez dakit nola demonio ez zen erori balanzin hura Leizaran ibaira. Zutik jartzen zen erabat!! Dantzaldietara ere joaten ginen lehengusu guztiak Aingurasutegira. Trikiti batzuk, lehen baltsak… eta nola ez… Egan!! Primeran ibiltzen ginen.

Gogoan dut, baita ere, Oria ibaiak marroi kolorearen gainean pintzelada koloredunak hartzen zituen eguna. Batelena gertakari haundia zen. Aspaldiko ohitura, eta tamalez, ibaia zabaldu ondoren, betirako galdu zena.

Eta urtero-urtero, gaur egun bezala umetan ere, zeruari begira. Santakrutzetan ezagutu ditugulako sargoririk beroenak, kazkabarrik latzenak eta hotzik gogorrenak. Umetatik gogoratzen dut herri guztia zeruari begira euriaren zain. Izan al da euririk gabeko Santakrutzik? Aitak esana zidanez berak gogoratzen zuen elurra egin zuen urte bat ere.

…Eta iritsi zen gero gaztaroa. Eta gaztaroarekin batera juerga garaia. A ze parrandak, gaupasak ere halamodukoak, eta gurasoen haserrea neurri berekoa. Garai hartan hasi ginen mutiletan. Zenbat bikote sortu diren festa hauetan! Urte haietan Bekoplazan izaten ziren festa nagusiak, gaur egun Txosnak jartzen diren lekuan. Eta Gaztetxea ere bertan zegoen. Buelta polita izaten zen batetik bestera… Eta buelta eta buelta, eta elkarrizketa eta elkarrizketa, eta barre eta barre artean… ba izaten zela, baita ere, gehixeagorako aukerarik.

Gogoratzen dut, baita ere, emakumeen lehenengo Danborrada. Garai gogorragoak ziren, baina emakume dexente joan ginen parte hartzen zutenei gure elkartasuna adieraztera. Behetik gora egin duen kontua hori.

Goitik beherakoak ere baziren: goitiberak. Gaur egun, Goiburutik jaisten diren Goitiberak “modernoak”, bereziki prestatuak dira eta parte hartzen dutenak jantzi eta kasko bereziak eramaten dituzte. Ni gazte nintzenean edozein gurpil eta trasto zaharrekin egiten ziren Goitiberak; lau ohol eta beste hainbeste rodamentu! Kaskoa zer zen ere oraindik ez genekien. Batek baino gehiagok kolpe ederrak hartu zituen.
Eta egin zuten urteek aurrera, eta Santakrutzetako rolloak gauzatu ziren… eta egin ginen bikote… eta izan ginen guraso. Desberdin ikusten eta bizitzen dira festak ama naizenetik. Familia osoak bizi eta gozatzeko moduko festak dira orain etxekoentzako. Txikiak gustora eta irrikitan hartzen dituzte festak eta nik, tradizioari eusten, arropa berria estrenatzen saiatzen naiz egun nagusitarako. Poz txikiek asko balio dute oraindik!

Barrakak (ai barrakak!). Seme alabengatik egun santu osoa pasako genuke barraketan sartuta, belarriak gortu eta burua lehertu arte. Eskerrak tira eta tira eginez beste ekitaldietara ekartzen ditugun. Goitiberetara, esate baterako. Txikiei asko gustatzen zaizkie goitiberak eta Zumea plazan haurrei zuzendutako ekintzak. Iaz, esate baterako, ekitaldi bat bukatu orduko hasi zen festa: capoeira, big-banda, gazteluak… Gozagarria izan zen denontzako.

Eta aipatu nahiko nituzke bi ekintza berri samar oso gustokoak ditudanak: kantuz kantuko kalejira eta kuadrilen bazkaria. Kantuz kantuko egunean oso giro polita sortzen da, adin ezberdinetako jendeak parte hartzen du kalejiran eta urtez urte bertan parte hartzen duen jendearen kopurua ere gora doa. Eta kuadrilen bazkaria… zer esan? Primeran dago. Bakoitzak bere janaria eman eta guztiok batera ospatzea. Ez da festetarako izpiritu txarra, ezta? Bakoitzak bere onena eman eta gainontzekoekin disfrutatu. Horixe Santakrutzak niretzat.

 

Joseba Salbador Iritzia • Andoain

Andoaingo Santakrutzak beti izan dira xarma berezia duten jaiak, bai herrikoak direnentzat, baita bertan jaioak ez garenontzat ere. Urteko lehenengoak direlako edo (hori esan izan da beti), "tiroi" handia dute eskualde osoan eta horixe da nik ikusi dudana orain dela hogei urte ezagutu nituenetik. Zerbait berezia dute, herri txikietako jaien antza handia dutelako, eta hori estimatzekoa da.

Egia da orain dela hogei urte gau-giroa bakarrik ezagutzen genuela eta, denborarekin, egun argiz antolatzen diren ekitaldiei ere garrantzia ematen hasi garela (gure seme-alabei eskerrak eman beharrean gaude).

Egitaraua zabala da oso, baina badira norberak gustokoagoak dituen ekitaldi jakin batzuk, atentzioa gehiago deitzen digutelako edo. Ez noa orain zerrenda luze bat egitera, baina bai aipatu nahiko nituzke bakar batzuk, batez ere horien atzean dagoen herritar askoren lanaren emaitza direlako.

Batzuk urte dezente daramate egitarauan, adibidez herri krossak, goitibeherek, danborradek, koadrilen egunak eta gure elkarteak, Zumeatarrak, antolatzen duen sagardo lehiaketak. Azken hau bereziki gustokoa dut, ez bakarrik parte hartzeko aukera ematen didalako, baizik eta bertan sortzen den giroa aparta delako. Sagardo desberdinak dastatzeko aukeraz gain, azken urteotan ekitaldi gehiago antolatu da bere inguruan eta gaur egun ezinbestekoak zaizkigu Zumea plazan taloen postua, bertsolarien emanaldia edota trikitilarien kalejira. Guztiei esker sortzen den giroa paregabea da eta denborarekin hazten joan den ekitaldia dela esan genezake, ohitura bihurtzera iritsi arte, lehenago aipatutakoak ohikoak bihurtu diren bezalaxe.

Beste ekitaldi batzuk, ordea, berriagoak ditugu baina ari dira, pixkanaka, beren lekua hartzen. Esaterako, Santa Krutz ermitako Meza Nagusiaren ondoren egiten den txakolin dastaketa, dultzainero eta trikitilariz lagunduta, Kamio bandaren emanaldi apartak edota jaio berriak diren Andoaingo musika topaketa edo Kale Nagusiko xelebre karrera.

Dudarik ez dago ekitaldi horiek guztiak direla festari nortasuna ematen diotenak, tradizio kutsu handiagoa dutenekin batera. Hauen artean aipatu nahi nituzke eskopetariek laguntzen duten banderaren jaitsiera edota Santa Krutz zubi gaineko ezpata-dantza. Azken ospakizun hau galduta egon arren, hainbat gazteren grinari esker berreskuratu egin da eta behar zuen garrantzia hartzen hasi da. Azken finean ikuskizun horiek dira, nire iritziz, festaren enborra. Gainontzeko guztiek, zenbat eta ikusgarriagoak izan, dotoreago bihurtuko dute zuhaitza, baina enborrak sekulan ezin izango du hutsik egin. Zergatik dira bestela hain famatuak Tolosako Iñauteriak, Donostiako Sansebastianak edota Iruñako Sanferminak?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!