Santakrutzak 2009: Itzala, Kale Nagusia argitzeko gunea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:52

Itzalaguneak aro berri bati hasiera emango dio. Ostiral honetan inauguratuko dute, eta hortik aurrera, taberna soil bat baino gehiago izango da: sortzaileentzako plazagunea.

Ostiral honetan inaugurazio eguna. Irekierarako guztia prest izango duzue jada?
Asier Miron: Inaugurazio ekitaldian, Natural Project-ek joko du. Bigarren diskoaren aurkezpen txiki bat egin behar dute. Bestalde, The Patxi Lopex Experience, noizbehinka izena aldatzen duten Andoaingo musikariak ere hemen izango ditugu.
Gainera, sorpresa ugari egongo dira. Kalejira bat egingo da haurrekin eta haiek egin behar dute tabernaren irekiera. Proiekzio desberdinak eskainiko dira. Itzala izan denari omenaldi bat egingo zaio. Haurrentzat txokolatada egongo da eta gau partean musika jartzen egongo gara. Lokala eta kalea girotuko ditugu.

Itzalaren irekiera, itzulera gisa defini liteke?
A.M.: Tabernak urteak daramatza itxita. Ideia taberna bat berreskuratzetik abiatzen da. Kale Nagusiko giroa hiltzen ari denez, helburu nagusia bertako giroa berreskuratzea da. Horregatik berehalakoa da, parte hartu nahi duten tabernekin elkarte bat sortzea. Lehen asmoa, ekitaldiak antolatzea litzateke. Baina hor ere oztopoak ditugu, bi proiektu aurrez aurre jartzen baitira. Kalea tabernarik gabe berreskuraezina dela ulertzen duten saltokiena, batetik, eta bizilagun batzuen erreakzioa, bestetik. Kalea gaztetu nahi dugu. Alde horretatik Itzalagunea espazio ireki bat bezala planteatzen dugu.

Inaugurazioarekin abiatuko da zuen dinamika, jaietatik haratago joango dena gero beraz?
Jon Uranga: Dinamika bat sortu nahi dugu. Zerbait egiteko duten herritarrek, talde bat osatu duten gazteek adibidez, ateak irekita izan ditzatela. Gure ideia, jaien ostean, jendea hona etortzera ohitzea litzateke. Andoainen ez dago halako lokal ireki bat. Poteoan ibiltzeko tabernak egon dira orain arte. Horretara eta emanaldietara etortzera ere ohitu nahi dugu. Gaur egun, Andoainen ez dago lasai egon eta adibidez, pianoa jotzen ari den musikaria entzuteko taberna bat.
A.M.: Ekintzez gain, krisi egoeran egonda, tabernatik happy hour bat planteatzen dugu ostiraletan. Ekainetik aurrera hasi nahiko genuke.

Garai bateko Itzalaren xarma hura mantendu nahi duzue?
Jokin Pavo.: Ilusioa egiten dit, ni baino gazteagoek lekukoa hartzea, aurrera jotzea. Ilusioaz gain, gerta daitekeenak beldurra ematen dit. Krisialdia aurrera doa, inork ez daki zer puntutaraino eragingo duen. Hilda dagoen Andoaingo kale batean lokal baten aldeko apustua egitea, oso arriskutsua baina era berean positiboa dela iruditzen zait.

Apustua ez da txantxetakoa, gaur egungo egoera aintzakotzat hartuta?
J.U.: Denek adierazi diguten hitz magikoa, erotuta gaudela izan da.
A.M.: Kanpotik jaso dugun mezua kontuan izango bagenu, lokala ez genuke irekiko. Itzala tabernan lehen zegoen jendearekin talde txiki bat osatzea aurreikusten da, kolaboratzaile sare bat sortzea. Mota guztietako ekintzetarako irekia egongo da, hori bai kostu handikoak ez direnak. Laguntzarik ez dugu eta.

Santakrutz jaiak ate joka ditugu. Jaiez gozatzeko tarterik izango al duzue?
Haizea Anton: Gogo handiz, baina oso urduri nago. Gelditu gabe, lan asko egiteko gogo handia dut.
J.U.: Ni Astigarragakoa naiz, hamahiru urtetik nator jaietara. Lan egiteagatik jaiak galduko ditudan lehen aldia izango da.
A.M.: Jaietan, tabernan giro ona egon dadila, inolako erasorik ez dadila izan.

Sarean ere tarte bat zabaldu duzue, emanaldi bat eskaini nahi dutenentzat eskuragarri?
A.M.: Ahalik eta gehienengana iritsiko gara. Ia noraino ailega gaitezkeen. Udalaren baimena dugu eta aurrera goaz. Maiatzaren 9an udal ekimen bat egongo da, Gazteria eta Enplegua Sailetik irten eta ibilbide bat osatuko dute, ekintzaileen lana bultzatzeko. Geldiuneetako bat Itzala izango da.

Gune bat berriz irekitzera zoazte. Martxan jarri asmo duzuen kultur dinamika bultzatzeko, abantaila al da zuentzat?
J.P.: Urteetako historiarekin, arrastoa utzi duena eta jendeak faltan botatzen duena da Itzala. Bere momentuan bete zuen kultur erreferentziarik ez dago. Berriz irekitzea oso ondo iruditzen zait. Itzalak izan zena izaten jarraituko du, beste jende batekin. Aukera guztietarako zabalik, lehen bezala. Batez ere, sorkuntza gunerik ez duten jendea animatu nahiko nuke, motibazio kulturalak dituztenak. Itzalako ateak irekita dituztela esan nahi nieke.

Azken hitzak, herritarrak zuenera gonbidatzeko.
A.M.: Seinale urdinak egongo dira, edonor sar liteke.
J.U.: Herri osoak ezingo du sartu, baina denek jakin dezatela ateak irekita dituztela. Ekarpenak egin nahi dituztenek, gu oso gustura.
H.A.: Sartu eta goza dezatela, eta gunea haiek euren kabuz ezagutu dezatela.


ITZALA GUNEA, SAREAN:
www.myspace.com/itzalagunea
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!