Santakrutzak 2009: Koadrilen eguna mugak hautsi nahian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:51

“Egun oso koloretsua da, denok bat gara”, diote antolatzaileek. Norbere adin, sexu, itxura, edo bakoitzaren izaerak ez baitu mugarik, ez baita oztopo laguntaldeen egunaz gozatu ahal izateko.

Desberdintasun guztien gainetik ordea, ondo pasatzeko gogoak eta alaitasunak guztiak batzen ditu. “Parte hartzen dugun guztiok barru-barrutik bizi dugu bereziki, egun hori”, diote partaideek. Koadrila eguna noski. Geroz eta gehiagok gainera. Hasieran, auzotarrak protagonista nagusi zituen eguna izatetik, mugak hausten joan baita. Orain, auzo guztietatik hurbiltzen da, kalejira, bazkari eta jokoetan parte hartzera. Bertan dira, lehen aldiz Koadrila Eguneko ekitaldietara parte hartzera doazen gaztetxoak. Baita, adin tarte berean, aipatu egunaz gozatzen hasi eta egun, hutsik egin gabe seme-alabekin joan ohi direnak ere. Koadrilen Eguna, ez baita gazte egun bat. Antolatzaileek diotenez, “irudi horrekin hausten saiatzen gara. Horren adibide, geroz eta haur gehiago izatea. Hasieran bizpahiru ziren, gaur egun 25 bat”. Koadrilena, soka luzea dakarren eguna da. Lagun talde batek festarekin bat egitea aski da, beste koadriletako ordezkari berriak gerturatzeko.
Hartu emanei dagokionean, antolatzaileek gogorarazten dutenez, “jendea elkar ezagutzeko aukera ematen du”. Eguraldiak laguntzen badu, aurreko urteetako parte hartze kopurua gainditu daiteke aurtengo Kuadrila Egunean.  Iaz hirurehunetik gora herritar hurbildu baziren antolatutako ekitaldietara, aurtengoan laurehun lagun izatera ailega daitekeela uste dute antolatzaileek.  
Lagun andana, primeran pasatzeko prest eta inor soberan geratu gabe, guztiak baitira jaietako osagai. Elkarbizitza eta elkarlan egun gisa defini liteke datorren larunbatean herriko kaleetan ikusi eta bizi ahal izango dena. “Guztiok egiten dugu lan; batzuk mahaiak jartzen, besteak jokoak antolatzen, bazkaria zerbitzatzen, txisteak kontatzen besteak… Bakoitzak bere ekarpena egiten du”, adierazi dute koadrilen bilgunetik.

TXUPINAZORA JOATEKO DEIA
Jaien hasiera ekitaldi ofizialera joateko gonbita luzatzen dute koadrilek. Apirilaren 30ean, iluntzean lehenbizi afaltzeko zerbait hartu eta espigoira joatera animatu nahi dituzte lagun taldeak. Eta gero handik, gaueko hamaietarako pregoia irakurriko den ekitaldira. “Lehen egunetik, blusak kanpoan eta kolore pixka bat ikus dezagun, gure jaiak koloretsuak izan daitezen”, adierazi dute koadrilen eguneko antolatzaileek.
Txupinazoarena, koadrilen eguna gauzatzen duten herritarrek jorratu nahiko luketen bide berri bateko lehen urratsa litzateke, haiei zuzendutako eguneko ekitaldi sortatik haratago joan, eta jaietako beste ekitaldietan parte hartzea. Edo urtean zehar ere biltzeko aitzakiaren bat sortzea.

BAZKARIRAKO TXARTELAK ESKURAGARRI
Maiatzaren 2an ospatuko da Kuadrilen Eguna. Bazkaritarako jada txartelak salgai daude honako tabernetan; Irunberrin, Txindokin, Txitibarren eta Xaxin. Txartelak eskuratzeko azken eguna, datorren astelehena, apirilak 27.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!