Santakrutzak 2009: Pregoi nagusia Ramon Ansaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:50

Ramon Ansa Zinkunegi bazkidea hautatu du aurten Errekaburu elkarteak pregoia egiteko. Euskalgintzan eta herrigintzan nabarmendu izan da Ansa Andoainen.

Nola izan da zu pregoilari izendatzearen kontua?
Ramon Ansa: Elkarteko zuzendaritzak niri eskatu zidan eginkizun hori. Elkartean gazteagoak bazeudela esan nien baina “hik egingo dek!” erantzun zidaten. Nik txostena idatzi nuen orduan, pregoiaren nondik norakoa azalduz. Onartu egin zuten eta berriz ere niri irakurtzeko eskatu zidaten.

Aurreratu dezakezu zer daukazun adierazteko pregoian?
R. A.: Lehenengo zatian Santa Kutz baselizaren datu historiko batzuk aipatuko ditut. Tartean, parrokia izendatu zutenean eduki zuen lehenbiziko erretorea, Felix Alberdi. 1970-1980eko hamarkadatan izan zen halaxe, eta sortu zuen eliztarren aholkulari batzordeko kide bat neroni izan nintzen. Bigarrengo zatian, festa egunak aipatuko ditut. Antolatzaileak, parte hartzaileak eta abarrak eskertu, jendearen heziketa erregutu eta festa pozik igarotzeko desioa zabalduko dut.

Pregoilari izatearen ohoreak ez zaitu urduri jartzen?
R. A.: Ez uste urduri nagoenik. Utzita dauzkat ardurak, baina badakit zer den jendaurrean hitz egin behar hori. Izan ere, joan deneko berrogei urtetan ibilia naiz ikastolako idazkaritzan, udaletxean, politikan...

Hain zuzen, herrigintzan egina duzun lanagatik aukeratuko zintuzten ziurrenik. Konta dezakezu, hasteko, zertan ibili zinen Aita Larramendi ikastolan?
R. A.: Zuzendaritza batzarrean lau bat urte eginda gero idazkaritzarako izendatu ninduten. Gogoan dut zein izan ziren lan gaiztoenak: 15 geletan han-hemen banatuta zegoen ikastola batzeko, lur sailen erosketa,  ikastolaren aitormen ofiziala eta irakasleentzat soldatak Madrildik lortzea izan ziren.
Posibilismoa izan da beti nire jokabide nagusia, bai ikastolan baita politikan ere. Politikan, adibidez, ni independentziaren aldekoa naiz. Baina errealitatearen kontra ezin da egin, eta oraintxe, estatutu osoa lege bihurtzea eskatu behar da.

Politika aipatu duzu, eta hor zuk ibilbide luzea egina daukazu...
R. A.: Gaur, zoritxarrez, EAJ dagoen tokian dago, baina Franco hil ondoren alderdi hori osatu zuen dozena erdiko batzordean parte hartu nuen. Gerora banaketa etorri zen, eta Batzokiaren inguruan gertatu zirenak gertatu ziren, baina bitarte horretan, zenbait ardura politiko hartu behar izan nituen.

Lehen udal hauteskundeetan, EAJko alkategaia izan zinen...
R. A.: Hala da, baina aurretik Jose Luis Lasarte, Juan Jose Santa Kruz eta hirurok Jose Galparsoro alkate zuen gestoran parte hartu genuen, EAJko ordezkari gisa.
Gero hauteskundeetan, gehiengo absolutotik 200 botoetara geratu ginen. EAJk 8 aulki, EEk 5, PSEk 3 eta EMK-OICk bat, horiek izan ziren emaitzak. Gaur egiten den bezala, posible ez den gauza egin zuten: hirurak elkartu egin ziren alkate EEko hautagaia izendatzeko. Lau urte oposizioko bozeramaile gisa aritu nintzen.

Herrian ia dena egiteko zegoen garaiari buruz nolako oroitzapenak gorde dituzu?
R. A.: Izan ziren boladak ondo konpondu ginenak. Baina ez zen erraza izan. Izan ere, politikoki EE egoera gogorrean zegoen, manifestazioak, diputazioan kateatzeak.... Gu ez ginen joko horretan sartzen, erakundeetan lan egin nahi genuelako. Ondo gogoratzen dut EEk udalgintzan beldurra zigula. Bai baizekiten hitz bat ateratzen bagenuen, herritar asko haien kontra jarriko zela. Botazioetan beti 9-8 galtzen genuen, baina hala ere, gure jokabidea proposamenak behin eta berriro aurkeztea izan zen. Jendea mobilizatzen genuen eta azkenean, maiz, euren gogoz kontrako proiektu asko onartzea lortzen genuen.
Anaiaren erailketak ere maila pertsonalean legegintzaldi gogorra izatea eragin zuen, jakina. Iturbide eta bere lagunek BVEren izenean zortzi bat lagun hil zituen Andoaindik Astigarragara bitarte oso denbora gutxian, anaia tartean.

Bereziki ospatzekotan aurtengo jaiak?
R. A.: Berdin samar. Aspaldiko urtetan nire Santakutzak batez ere elkarteko bazkideen bazkarira mugatzen dira. Familiarekin eta lagunekin, oso giro polita sortzen da elkartean. Bazkariaz aparte, Santakutz eguna bera ere oso gustukoa dut, meza nagusia, hamaiketakoa...  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!