Iazko maiatzean atxilotu zuten eta sei hilabete espetxean igaro ondoren, aske geratu zen 12.000 euroko bermea ordaindu ondoren. 2009ko apirilean Barandiaranen aurkako auzia ezerezean geratu da, sei hilabetez galdu zuen askatasuna inork itzuliko ez badio ere. Orduan atxilotu zutenean, orrialdeak eta orrialdeak idatzi ziren Espainiako hedabideetan.
El Mundo egunkariak, besteak beste, “ETAren komisarioa eta alkate epela” bezala definitu zuen. Correo taldekoek, berriz, “Bandaren gertuko alkatea”. Internet sarean bilaketa eginez gero, horiexek dira agertzen diren albisteak. Ismael Moreno epaileak apirilaren 13an auzia artxibatzeko albistearen harira, aldiz, ezer gutxi aurki daiteke.
2008ko azaroan Barandiaranek “soilik eta bakarrik politikagintzan aritu naiz” adierazi zion Aiurri astekariari, “Ez naiz beste ezertara dedikatu 35 urte hauetan. Baina une hauetan ordezkatzen dudan sektoreari politika egitea ere galerazi egiten zaio. Botere judizialean eta politikoan loturak daudenean inpartzialtasuna galtzen da; eta justizia injustizia bihurtzen da. Justiziaren erabilera politikoa lotsagarria. Garai hauetan justizia erabat baldintzatuta dago botere politikoarengatik. Eta hori nahikoa ez eta kanpaina mediatikoa izugarria egon da, kasu honetan pertsona bat espetxean sartzera behartzeraino. Kasu hori nirea da”.