Burdina hizpide Euskaldunan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:31

Burdina taldearen hitzaldia izango da ostiralean, hilaren 24an, Euskalduna mendigoizale taldearen egoitzan. Talde honek aurrera eraman dituen ekimenak eta egiteko dituenak aurkeztu nahi dizkie Andoaingo herritarrei.

Joxe Ramon Berrondo taldeko kideak adierazi duenez, hiru zatitan banatuko dute hitzaldia “Jon Beloki bertsolari gazteak bertaratutakoak bertsotan agurtu eta gero Burdina taldearen aurkezpena egingo du: sorrera, egitasmoak, filosofia, partehartzaileak...”.
Burdinaren funtzionamendua azpimarratuko da, batez ere. “Gauzak grafikoki adierazi nahi ditugu, eta horretarako Erramuetako karobiarekin eraman zen prozesua azalduko dugu, argazkien bidez. Nola zegoen hasieran, nola egin genituen txukunketa lanak, nola geratu den orain...”.
Karobi baten berreskurapena azaltzeaz gain, herritarren parte hartzea islatu nahi dute, irudien eskutik. “Zera trasmititu nahi dugu, jende gaztea eta heldua dela Andoaingo ondasun historikoak berreskuratzearen protagonista  nagusia. Bolondresak garela guztiok, eta auzolanean eta giro ezin hobeagoan egiten dugu lana”.      
Lehen zati hori amaituta, Berrondo berak hartuko du hitza, “herrian hainbeste hauts harrotu duen Parke Tematikoaren egitasmoa deskribatzeko. Argi utzi nahi dugu ez garela fribolitate turistiko bat proposatzen ari. Nafarroa eta Gipuzkoako mugan, kilometro bateko ardatza hartuta ezker eskuin dauden ondasun historikoak (XVI. mendeko zubiak eta baserri bat, Bixkotx meategia, karburo fabrika, karobia...) berreskuratu eta ibilbide jakingarri bat egin nahi da”.
Hitzaldiari amaiera emateko, berriz, Mikel Manzizidorrek Burdina taldeak erakundeekin dauzkan harremanen berri emateaz gain, hurrengo egitasmoak zerrendatuko ditu.
Beheko kaleko zubipean dagoen garbitegia asteburu honetan bertan berreskuratzen hastekoa da taldea, eta Manzizidorrek ekimen horren nondik norakoa azalduko du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!