Berpiztu, Goiburuko giroa indartuko duen programa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:31

Apirilaren 7an, Udalak, Behemendik eta Itsas-Mendikoik sinatutako hitzarmen bati esker, Goiburun Berpiztu, herri bizitza bultzatuko duen programa martxan jarriko da. Guztia bideratzeko dinamizatzaile bat kontratatu dute, Ainhoa Amundarain. Gainera, Xoxokako eskola zaharra udazkenerako erabilera desberdinetarako baliatuko den egoitza berri batean bilakatuko dute.

Zer modutan defini liteke Berpiztu programa?
Ainhoa Amundarain: Itsasmendikoik 2003tik abian duen herri edo auzo txikiak dinamizatzeko programa da. Aurten Goiburun martxan jartzea erabaki da. Horregatik sinatu berri da hitzarmena. Hemendik aurrera, bertan neroni arituko naiz dinamizatzaile lanetan. Lehenbizi, auzoko egoera ezagutzeko diagnostiko bat egingo da. Elkarrizketen bidez informazioa jaso nahi da, auzotarren behar, asmo edota kezkak ezagutzeko. Gero ekintza plan egin eta aplikatuko da.

Gutxi barru, auzotarrek eskutitz bana jasoko dute?
A.A.: Berpiztuz programaren nondik norakoak azaltzeko eta telefono zenbaki batekin, zalantzak dituztenek deitu dezaten. Hemendik aurrera, Goiburu auzoan ibiliko naiz etxez etxe, elkarrizketak egiten.

Auzo elkarte berria ere osatu dute. Egitasmoari buruz zer diote?
A.A.: Inpresio ona dute. Hasieran galduak daude, ez dakite nondik nora joan. Haiei laguntzeko norbait izatea ondo deritzote. Eskutitza bidali ondoren, asmoa auzo elkartekoen iritzia biltzea litzateke.

Garai bateko eskola zaharra auzotarren egoitzan bihurtuko da?
A.A.: Asmoa Xoxokako garai bateko eskola egokitu eta auzotarrek erabiltzea da. Egoitza bat izatea, auzoko jendea bildu eta bertan ekintzak burutzeko. Xoxokako jaietarako inauguratu nahi da.

Inguruetan martxan dituzuen antzeko esperientziak baliagarri izan zaizkizue ezta?
A.A.: Gu azken urteotan, Donostialdeko eskola txikirik ez duten nekazal auzoetan antzeko esperientziak abian jarri ditugu, auzotarren beharrak entzunda. Leku gehienetan, behar nagusia biltzeko egoitza bat edukitzea izaten da. Zubietan, Igeldon, Aginagan eta Ereñozun lokalak egokitzen aritu gara.

Erronka nagusiak aurrera begira zeintzuk lirateke?
A.A.: Oinarrizkoena lokala izatea da. Auzotar guztientzat erabilera desberdinetarako biltoki bat izatea eta bertan ekintza desberdinak antolatzea. Berpiztu programak auzo elkarteak udaletxeekin harremanetan jarri nahi ditu. Auzo elkartekoei tresnak eman, gauza horiek guztiak bideratzeko. Azken helburua, hiru urte pasata, auzo elkarteak bere gisa funtzionatzeko ahalmena izatea litzateke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!