Joseba Larrea, lehenengo

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:29

Joseba Larrea Iturralde 1979ko azaroaren 21ean jaio zen Urnietako Ergoien auzoko Azkonobieta baserrian. Hiru anai-arrebetan gazteena da. Aspalditik datorkio zaldiekin  eta astoekin deman ibiltzeko afizioa. Urteetan herriz herri erakustaldiak egiten ibili ondoren, datorren maiatzaren 2an Aiako probalekuan jokatuko du zaldi-probako lehenengo apustua Kitto zaldiarekin. 

Nondik sortutakoa duzu afizio hau?
Joseba Larrea: Oianume baserriko Xabier Etxeberria ibiltzen zen deman, eta ni hari laguntzen hasi nintzen mutil koskorretan, eta hortik datorkit afizioa. Batzuk eskia edo bizikleta dute gustuko eta nik hau.

Eta noiztik zure abereekin?
J.L.: Astoarekin duela sei urte hasi nintzen Xoxokako festetan. Hiru astok parte hartu zuten eta irabazi egin genuen. Guztira astoarekin hiru urtetan joan naiz, eta behin zaldiarekin, eta lau urtetan irabazi egin dugu.

Zenbat asto eta zaldi dituzu orain?
J.L.: Hiru asto eta hamabi zaldi. Horietatik lau zaldi eta bi asto ibiltzen ditugu. Kitto, orain apusturako prestatzen ari naizena; Pittin, lehen ibiltzen nuena; Verona, eta apaaroosa arrazako Txester. Baina bat ona izanez gero gainontzekoak soberan izaten dira.

Zein adinekoak erosten dituzu?
J.L.: Normalean moxalak erosten ditugu merkeago direlako. Baina azkenean, bat ona erostea baino garestiago ateratzen da haiek haztea.

Laguntzaileak ere izango dituzu...
J.L.:  Bai, auzoko Mikel Garaialde. Berak ere badauzka beste bi zaldi. Zaldi probetan, aurrean itzain bat eta harriarekin atzean beste bat behar izaten dira eta biok ibiltzen gara.  

Herrietako jaietan ibiltzen zarete erakustaldiak eginez...
J.L.:  Bai, herri ugari egiten ditugu, Hernaniko Osinaga auzoa, Astigarragako Santiomendi, Oiartzungo Karrika, Urnietan Sanmieletan eta Xoxokan, Ordizian eta abar. Eta denetan jende asko joaten da ikustera.
Zenbat kiloko harriarekin ibiltzen zarete?
J.L.: Normalean, 400 kiloko zaldiarentzako, 800 edo 900 kiloko harria ibiltzen dugu. Zaldiaren pisua handik gorakoa baldin bada, kilo bakoitzeko kilo bateko karga eransten zaio harriari. Orain egin behar dugun apusturako zaldien pisua 500 kilotan jarria dugu, eta harria 900 kilokoa. Gutxi gorabehera zaldiaren pisua bikoizten duen harriarekin ibiltzen gara.

Nola sortutako apustua da?
J.L.:  Etxetxok Zumaiako Elorriaga auzoan erakustaldi bat egin zuen, gu ikustera joan ginen, eta ondoren berarekin bazkaltzera geratu ere bai. Eta han bertan egin genuen apustua. Orain dela bi hilabete eta erdi.
Zein zaldi eramango duzu zure lehenengo apustu honetara?
J.L.: Kitto izeneko zaldia. Nirekin bi urte eta erdi daramatza. Bost urte dituen trostakari frantsesa da, gaztea da oso. Suertea baldin badu beste 15 bat urtetan ibili daiteke deman. Hasieretan dago. Momentuz itxura oneko zaldia da. Urnietan atera nuen Sanmieletan, baina ferra bota zuen eta gaizki ibili zen.

Zer entrenamendu egiten dituzue normalean? Eta apustuaren  aurretik?
J.L.:  Normalean, bi egunetik behin 45 minututan gurpilarekin ibiltzen dugu, eta tarteka korrika ere bai, pikaderoan jarri eta bueltaka. Gero, noizean behin ere probak egiten ditugu harriarekin ondo doala ikusteko. Entrenamenduetan ezin da topera eraman, beraz plazan ikusi beharko dugu topera joan eta zer lan egiten duen.  Apustu honetarako entrenamendu bereziak egin ditugu, irailaren aurrenetik ari da prestatzen.
Irabaztea esperoko duzu?
J.L.: Lan on bat egingo dugula badakit. Etxetxok ere zaldiarekin egingo duen lehenengo apustua du, eta bost urteko zaldia du, nirea bezala, beraz,  apustua nahiko berdindua izango da. Diferentzia handia dago plazaratzen lehenengo izan edo bigarren izan. Bigarren ateratzea egokitzen zaionak aurrenekoaren lana ikusi egiten baitu eta erreferentziak dauzka. Aurreneko  plazaratzea egokitzen zaionak topera joan beharra dauka.

Dopingaren aurkako frogarik egiten al zaie abereei?
J.L.: Diputazioa etortzen da doping azterketa egitera eta zozketa egin ondoren, egokitzen zaionak egin beharra izaten du. Apustu bat denean, egileek erabakitzen dute nola egin, doping kontrolarekin edo gabe. Guk apustu honetarako egitea erabaki genuen. Kontrol handia egonagatik, tarteka ematen dira positiboak, eta zigor handi samarrak ere bai, isunak, fitxak kendu eta abar. Nik hogei egunetik behin analisiak egiten dizkiot zaldiari, zein bitamina falta zaion ikusteko. Antibiotikoak, esaterako, positibo ematen
du eta kontuz ibili beharra dago.

Abere-demak mantenduko al dira?
J.L.: Nik uste dut idi probak baino erakargarriagoak direla. Idia mantsoa da, zaldia biziagoa. Idiek 50 plaza inguru egiten dituzten denbora berean zaldiek 65 plaza inguru egiten dituzte. Idi demetan, akuilua erabiltzearen ondorioz odola ikusten da, aldiz, guk zaldiekin makil txiki bat erabiltzen dugu eta ukitu bakarrik egiten dugu aberea.

Eta astoekin zer etorkizun dago?
J.L.: Igeldon erakustaldia dago  San Isidro egunean, larunbat honetan Elgoibarren beste bat, gero agian Izaskunen gizonen kontra ere egingo dugu beste bat... Badaukat asto bat nahiko ona eta apustu bat ere egin nahiko nuke berarekin.

Bukatzeko, emazkiguzu apustuaren xehetasunak.
J.L.: Maiatzaren 2an gaueko hamarretan izango da Aiako probalekuan. Bakoitzak ordu erdiko saioa egingo dugu, 900 kiloko harriarekin eta bi itzainekin, nik Urrutia eta Ugar-
te bizkaitarrak eramango ditut.
1.200 euro jokatzen ditugu alde bakoitzetik eta sarrerek 15 euroko prezioa izango dute. Gure zaldia oso ondo prestatua dago eta lan ona egingo du, beraz joatera animatu nahi dut jendea, apustu polit bat ikusiko baitu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!