Estanis Amutxastegi Arregi, herritar guztientzat aginduko duen alkatea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 23a, 15:28

“Denen alde egiten dugu lan, abertzale izan edo ez”, adierazi du Aiurri astekariari eskainitako elkarrizketan.

Apirilaren 3ko prentsaurrekoaren bideoa 

Datorren ostegunean  osoko ohiko bilkura deituta dago udaletxean, goizeko bederatzietan hasita. Batzarraldia amaitu eta berehala, adinaren mahaia osatuko da ez ohiko plenoari hasiera emateko. Udal hautetsien botoen bidez alkate berria izendatuko da. Ezustekorik ez da izango, gehiengo osoa baduelako. Estanis Amutxastegik beharrezko dituen bederatzi boto horiek baditu. Alkatetza eskuratzeko aski litzaioke PSE-EEren zortzi zinegotzien eta gobernukide den IUren zinegotziaren botoaren babesa.

Kargua ofizialki hartzeko astebete geratzen denean, hauxe Aiurri astekariari eskaini dion elkarrizketa:

Andoaingo PSE-EEk noiztik zekien alkatetzan aldaketa emango zela?
Estanis Amutxasteg
i. Agintaldiaren hasieratik. Udal hauteskundeetarako zerrenda osatu zenean bagenekien  Josean Perez Gabarainen etorkizuna zein izango zen, jubilatzear zegoen Buen senadorearen ordezko zelako.

Eta zuk zerorrek noiz jakin zenuen alkate izango zinela.
E.A.
Jakin banekien, zehazki noiz ez dakit data bat ematen, udal hauteskundeak martxan jarri zirenetik behintzat bai.

Atzera begira jarrita, zure burua noizbait alkatetzan imajinatzen al zenuen?
E.A.
Ez, ez dut sekula hori imajinatu. Atzera begira, egon naizen lekuetan alderdiko gizona izan naiz. Alderdiko funtzio politikoan izan naiz. Egoerak eraman ninduen zinegotzi lanean hastera. Lan hori nere gain hartu nuen baina ez nuen imajinatzen alkate izango nintzenik. Esan nuen bezala, nire herriko alkate izatea izugarrizko ohorea da. Niretzat Andoain oso garrantzitsua da.

Perez Gabarain senatura joatean, alderdiak behar baino gehiago eskatu dizuela pentsa daiteke. Alkatetzarako hautagai sendoa galdu duzue...
E.A.
Gure alderdiaren bokazioa udalgintzan dago. Udal politika  oso garrantzitsua da, herritarren alde lan egiteko tresna delako. Baten batek pentsa dezake sakrifizioa handiegia dela. Udalgintzan gabiltzan asko ez gaituzte beste eremuetara eramaten, baina alderdi sozialista hori da gaur egun: Udalgintza oso garrantzitsua da PSOErentzat.
Noski, gainerako ardurak ere garrantzitsuak dira. Euskadiren gidaritza edota Eusko Jaurlaritzaren gidaritza izatea garrantzitsua da. Baina alderdi sozialistarentzat askoz garrantzitsuagoa da udalgintzan aritzea.

Eta datozen udal hauteskundeei begira, kezkaturik al zaudete?
E.A.
Ez, udal hauteskundeak bi urte barru izango dira. Hor daude, baina egunero-egunero lanean gabiltza hurrengoetan berriro garaile izateko. Horretan gabiltza, eta ondo egiten ari garelakoan nago. Esandakoaren oinarrian printzipio bakarra dago: herritar guztiei trataera berdina eskaintzen diegu. Guretzat ez dago lehen mailako edo bigarren mailako herritarrik. Denen alde egiten dugu lan, abertzale edo ez abertzale izan.

Guretzat ez dago lehen mailako edo bigarren mailako herritarrik. Denen alde egiten dugu lan, abertzale edo ez abertzale izan.

Gainerako alderdien erreakzioa zein izango dela uste duzu?
E.A.
Bat edo besterekin egoteko aukera izan dut, txantxaren bat sortu da...,  ez dakit nola hartuko nauten. Elkarrizketaren aldeko joera erakutsi dut beti. Alderdi sozialistaren bozeramaile gisa oposizioko alderdi guztiekin hitz egin dut, aukera izan den guztietan akordioetara iristeko ahaleginean.

Orain arteko ildoari eutsiko dio alderdi sozialistak?
E.A.
Gabarainek landutakoen bidetik jarraituko dugu lanean, bai. Ondo egin dugulakoan gaude. Andoain askatasunaren eta elkarbizitzaren espazioa izatea nahi dugu. Herritarren eskura zerbitzu onenak ipini nahi ditugu. Haien eskaerak betetzen jarraituko dugu: parkeak direla, espaloiak direla, industriari babesa ematea dela...

Santakrutzetarako alkate izango zara, beraz.
E.A.
Beharrezko ditudan bederatzi botoak lortzen baditut, bai.
Jaietan Ikurriñaren jaitsieran Perez Gabarain mezan izaten zen. Zer egingo duzu zuk?
E.A. Ez naiz mezetan izango. Ez naiz sinesduna. Sinesduna ez izateko eskubidea daukat. Inork ezingo nau behartu mezetan egotera.

Alkate izango zarela eta, zein izan da zure etxekoen eta gertukoen erreakzioa?
E.A.
Zoriondu naute, dagoeneko beste askok ere bai eta esan beharra daukat oraindik orain ez naizela Andoaingo alkatea.

Hurrengo hilabeteetan zein izango da alkate modura izango duzun ardura nagusia?
E.A.
Lehenik eta behin, herritarrek krisi ekonomikoa ahalik eta gutxien nozitzea nahi dugu. Gure lehentasuna arazo horretan kokatuko da.
Zail izango bada ere, udal finantzak orekatu behar ditugu zorpetze maila altuan sartu gabe. Krisiak sekulako eragina dauka, baita udaletxeetan ere. Hirigintza Plan Orokorra aurten onartu eta indarrean  jarri bada ere, arazo batean aurrean gaude. Etxebizitzen edota industriguneen eraikuntza eten egiten bada, Udalari jarduera horiengatik dagokion %15a ez da iritsiko.
Modu berean, Aldundiaren udal fondoa ere murriztuko dela jakin badakigu.
Beraz, sortuko den likidezia arazoari aurre egiteko kreditu bat eskatu beharrean izango gara. Honezgero gastua kontrolatzeko lanetan gabiltza. Gastua kontrolatzen eta murrizten ari gara.

Kargua hartzeko gogoz zaude?
E.A.
Bai, eta ondo egiten ahaleginduko naiz. Bi urte barru herritarrek epaituko naute. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Eta arrazoia bakarra da: Chauvinista naizela leporatzen didate askok baina andoaindarra naiz muturreraino. Andoain niretzat oso garrantzitsua da. Bertan jaio, ikasi eta lan egin dut. Bizitza osoa hemen egin dut eta niretzat munduko herri onena da.
Otaño bertsolariak “Kantauriko perlik onena Donostia” zioen, ba neronek esan dezaket Euskadiko perlik onena Andoain dela. Andoaindarrok dugun umiltasun osoarekin diot, gainera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!