Goian bego Bixente Huizi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 22a, 20:14

Pasa den mendeko kirolaririk handienetakoak umezurtz utzi ditu Andoaingo hainbat eta hainbat kirolzale. Beteranoen mailako atletismoan mundu mailan punta-puntan zebilen eta horregatik zen azken aldian, bereziki, ezaguna. Bixente Huiziren ibilbideak, ordea, ertz ugari ditu: futbol jokalaria, entrenatzailea, kirol eragilea, irrati esataria, kazetaria...
Zumeatarra elkartea laster izango den Santa Kutz jaietako krosean Bixente zein modutara gogoratu duen aztertzen ari da. Ondo merezitako omenaldia izango da.

[Informazio gehiago...] 

Pako Arnaiz “Pakitin” Zumeatarra elkarteko korrikalari beteranoak hitz onak besterik ez ditu Bixente Huizi gogora ekartzean: “Andoainek izan du kirolarik handiena izan da hasteko eta behin. Izakeraz, berriz, Guztiekin zen pertsona gozoa, alaia eta irekia, haurrekin zein helduekin ere. Ez dut antzeko pertsonarik ezagutzen. Gogoan daukat atletismo eskola guztietako haurrek behin egin zioten omenaldia; zenbat maite zuten ikusi zen orduan”.  
Deneri heltzen zion kirolari horietakoa zen: futbola, atletismoa, txirrindularitza, boxeoa... Andoainen atletismoan aritutako gehienak berarekin hasi ziren. “Ni neroni, berarekin eta berari esker hasi nintzen. Lasterketan aritzea normala ez zenean, bera zen korrika ibiltzen zen bakarra. Eroa deitzen zioten, baina berak bere zaletasunari eusten zion”, gogoan du Arnaizek.

Aita Larramendi Ikastolan soinketa irakasle izan zen  1970-80eko hamarkadatan.
Zumeatarrako atletismo taldeko entrenatzaile izan zen. Andoaingo makina bat gazte gidatu zuen, atletismoko modalitate ezberdinetan, marka bikainak lortzeraino.  

EUSKALDUNAKO ENTRENATZAILEA
Kirol munduan atletismoari lotuta egon bada ere, futbola ere jorratu zuen. Jokalari bezala ez baizik entrenatzaile bezala: 1960-1961 denboraldian bera zen Hirugarren Mailara igo zen Euskalduna futbol taldeko entrenatzailea. Hori, lorpenik sonatuena. Horrez gain, Euskalduna futbol taldeko entrenatzaile izan zen urte askotan. Euskalduna jubenilarena, 1951-1955 bitarte. Erregionalekoa, 1955-1962 bitarte.

HIRUROGEI URTEZ ATLETISMOAN
Korrilalari gisa, 1945ean hasi zen Gipuzkoako kross zirkuitu ofizialean parte hartuz, Zarraga, Arruabarrena eta Izagirrerekin batera.
Beterano bezala lortu zituen emaitzarik ikusgarrienak. Hainbat probatan parte hartu zuen: 400, 800 eta 1.500 metroko lasterketak, pisu eta jabalina jaurtiketa, luzera... Espainiako txapeldun geratu zen 800 eta 1.500 metrotan.  
Nazioartean, Europako eta Munduko txapelketatan ohiko bilakatu zen bere parte hartzea: Hungria, Norvegia, Grezia, Suezia, Italia, Finlandia, Amerikako Estatu Batuak, Hego Afrika...
1999ko irailean punta-puntan zebilen. 800 metroko distantzian munduko marka 3’06’’-koa zen. Bere marka, berriz, 3’12’’. 1.500 metroetan berriz munduko marka 6’31’’-koa zen. Eta bere marka, berriz, 6’34’’. Elitean zegoen, beraz. S.Cohe eta J.M.Garin korrikalariak ziren Huizirentzat idoloak.

KAZETARIA
Herriko berriemale izan zen hainbat komunikabideetan: Unidad, La Voz de España, La Voz de Euskadi eta Deia egunkarietan eta Radio San Sebastian irratian (astean behin).
Kirolari eta herriko seme maitatuak agur esan du 85 urte zituenean. Denen oroimenean geratuko da kirol jardunean beteranoen mailan egindako balentriak. Bixente Huizik berak 1995. urtean Aiurri hamaboskarian beteranoen kirol jarduera nola abiatu zen azaldu zuen, “42 urterekin, Euskaldunako futbol entrenatzaile nintzela, neguan hotz handiak egiten zituen eta entrenamenduak zeharo lokaztuta amaitu ondoren dutxa hotzean sartzeko itxaron beharra zegoen. Denbora hura futbol zelaian korrika ematen nuen. Geroztik hasi nintzen txapelketatan parte hartzen”. Goian bego Bixente Huizi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!