Andoainen 36an fusilatu zituztenei omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 22a, 20:07

Frankismoak Andoainen fusilatu zituen 22 herritarrak omendu ziren, beste behin, Alfaro Parkean pasa den larunbat eguerdian. Frankismoaren biktimen eskubideen alde diharduen Oroituz Andoaingo taldeak antolatu ohi du ekitaldia, eta aurten Lau Haizetara Gogoan Euskal herri mailako plataformako kideek ere parte hartu zuten.

Bideoa  |  Argazkiak 

Biktimen familiarrak, errepublikanoen musika banda eta abesbatza eta herritar ugari bildu ziren bandera errepublikanoa, komunista, anarkista eta ikurrinaz inguratuta zegoen eskulturaren aurrean. Primerako eguraldia egin zuen, eta ekitaldia are ikusgarriagoa izan zedin ere lagundu zuen.
Iñaki Otamendi eta Jon Urtasunek jotako txalapartak eman zion hasiera ekitaldiari. Ondoren, fusilatutako herriko abertzale eta errepublikanoen aldeko lore eskaintza etorri zen; horien izen-abizenak banan banan izendatzen ziren bitartean, familiarrak lore sortak oroitarrian uzten joan ziren.  Segidan, Aitziber Ugartemendia dantzariak aurreskua dantzatu zien biktimei eta familiar horiei, Joxema Setien txistuaren doinupean.
Gotzon Garmendia Oroituz taldeko kideak hartu zuen hitza ondoren, Lau Haizetara Gogoan plataformaren helburuen berri emateko; 30 urte eta gehiago dituen demokrazian oraindik lortu ez den egia, justizia eta erreparazioa lortu arte plataformak ez zuela amore emango adierazi zuen. Fusilatuen, desagertuen, atxilotuen, exiliatuen, inkautazioen… zerrenda ofiziala egiteko dagoela salatu eta gero, Euskal Herriko Egiaren Batzordea osatzearen alde Gasteizko legebiltzarrean aurrera emandako ekimenak gogoratu zituen.
Garmendiak, plataforma horren bi kide aurkeztu zituen ondoren: Juan Ramon Garai Debagoienako fusilatuen senideen elkarteko kidea eta Alberto Muñoz EAE-ANVko batailoietako ordezkaria. Lehenak Itxarkundia Batailoia izan zuen hizpide. Belabieta izeneko bere bigarren konpainiako gudari gehienak –hirurogehi bat- andoaindarrak izan zirela nabarmendu zuen, eta izena bera ere -Andoaingo mendi parajea- propio jarri omen zuten, han hila zen Nikolas Agirre lehenbiziko gudari andoaindarraren omenez.
Alberto Muñozek, azkenik, egia eta justizia bilatzen duen oroimen historiko kritikoa azpimarratu zuen. Hitzaldiak amaiturik, Andoaingo zenbait errepublikanoek osatu dituzten musika banda eta abesbatzaren txanda heldu zen: “Eusko Gudariak”, “Oh de la Chao”, “El paso del Ebro”, “A las barricadas”...  Ekitaldia bukatutzat eman zenean, bildutako asko Oroituz taldeak antolatutako hamaiketakoan geratu ziren bitartean, errepublikanoen musika banda eta abesbatzak kalejirari ekin zion. Festa eta aldarrikapen egunak Beheko kalean antolatutako herri bazkariarekin izan zuen segida.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!