Kupela taldearekin sagardotegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 20:06

Amasa-Villabonako Kupela sagardozale taldeak hogeita hamar urte daramatza txotx denboraldian asteazkenero sagardotegira joanez.

Duela hogeita hamar urte hasi zen Amasa-Villabonako Kupela taldea txotx denboraldian, asteazkenero, sagardotegira joateko biltzen. Adunako Aburuza sagardotegi zaharrean ekin zioten ibilbideari eta hamabi bat laguneko taldea bilduta, astero-astero sagardotegi ezberdinetara joaten dira orduz geroztik. Hogeita hamar urtez hutsik egin gabe sagardotegira joateko lagun taldea elkartzea ez da marka makala baina, Kupela taldeak badu beste ezaugarri bat ere: afal ondorengo kafean, puntuazioa ematen diote jandakoari, edandakoari eta baita zerbitzuari ere, “askotan eztabaida sortzen zen aurreko urtean non izan ginen eta gustura atera ote ginen. Zalantzak argitzeko, fitxa bat egitea pentsatu genuen eta 1995 urteaz geroztik, gordeta dauzkat datu guztiak: Zein sagardotegitara joan ginen, noiz eta nortzuk izan ginen, janariari, sagardoari nahiz zerbitzuari emandako puntuazioa, prezioa…”, azaldu du Felix Otegi taldeko idazkariak. Puntuaketa ematen 1988an hasi ziren, Kruz Zurutuza idazkari zela, gero Felixek hartu zuen ardura. Une honetan hamahiru lagunek osatzen dute puntuaketa koadrila: Joxe Nazabal, Manuel Azkue, Rufino Eizmendi, Manolo Eizmendi, Jabier Aranzabe, Kruz Zurutuza, Joxe Mari Eizmendi, Manuel Usandizaga, Felix Otegi, Jesus Iraola, Juan Mari Goikoetxea, Jose Mari Usabiaga eta Luis Gonzalez-ek. Puntuatu ez arren, askotan jende gehiago ere joaten da afaltzera; “lagunak, seme-alabak…”.

Puntuazio sistema
Sagardotegitik atera eta Amasa-Villabonara etorrita, elkartean kafea hartzearekin batera ekiten diote puntuak emateari. “Orain artean, Irrintzi elkartean biltzen ginen eta orain Behar-Zanan elkartzen gara fitxa betetzeko. 1etik 10era bakoitzak bere puntuak ematen ditu. Elkartera joaten ez denak, hurrengo egunean bertan jakinarazten du bezperako iritzia”. Puntuak ematerakoan bat etortzen dira maiz, “sagardoari dagokionez, bakoitzak bere gustuak ditu: batzuei biziagoa gustatzen zaie, besteei suabeagoa edo gozoagoa… Baina gehienean bat etortzen gara: txarretik onera berehala”. Idazkariak gordean jasotzen du emaitzaren berri eta denboraldia amaitutakoan jakinarazten du irabazlearen izena. Puntu gehien lortzen zuen sagardogilea saritu egiten zuten bolada batean, “irabaztunari euskal bastoia eman genion urte batean, txapela bestean. Bietan Zapian sagardotegia atera zitzaigun garaile eta hirugarrena ere berak irabazi zuenez, ez errepikatzearren, saria bertan behera uztea erabaki genuen. Orain ez dugu saririk ematen baina, gure artean puntuazioa ematen jarraitzen dugu, gogokoena aukeratzeko. Iaz Rufino Akarregi izan zen garailea”.

Astero, txotx garaian
Sagardotegiak aldatuz joaten dira Kupelako kideak, “ez daukagu ibilbide finkorik, baina inguruko sagardotegi guztiak pasatzen ditugu: Andoain, Asteasu, Aduna. Tolosaldea, Hernani edo Astigarrakoetara ere oso maiz joaten gara”. Hasiera eta amaiera, ordea, jakina dute. “Urtero Adunako Aburuza sagardotegian abiatzen dugu denboraldia eta bukaera ere hantxe ematen diogu”. Astero joanez, hemerzortzi bat sagardotegi egiten dituzte txotx garaian zehar, “denboraldia bukatzen denean, batzuk irekita segitzen dute eta guk ere segi egiten dugu: astero beharrean, hamabost edo hogeitik behin”, kolpetik uztea txarra dela baitiote umoretsu.

Elorrabi sagardotegian
Joan zen apirilaren 15ean Hernaniko Elorrabi sagardotegian zuten hitzordua Kupelako kideek. Asteazkenero bezala, 20:30etan Eizmendi armategiaren parean bildu eta euren bidea hartu zuten. Aiurri aldizkariko bi kide ere Elorrabira gerturatu ziren eta umore ederrean, grabagailua nahiz argazki kamera eskuan, sagardozaleen hizketaldia eta irudiak gorde zituzten; “lagunartea oso polita da eta ikaragarri gustura biltzen gara. Asteazkena noiz iritsiko zain egoten gara; aste erdian, hiru egun lan egin eta sagardotegira!”, azaldu zuten. Sagardoa probatzea bai baina, sagardotegira lagun giroaz gozatzera joaten direla nabarmendu zuten. Rufino Eizmendik egiten omen du hutsik gehien lan kontuengatik, “halakoetan, etxera bueltan, nola ote dabiltzan pentsatuz etortzen naiz”. Kupela izena laster eman zioten taldeari, “kupel artean ibiliz gero: kupela izena jarri behar”, azaldu zuen Manuel Usandizagak. Sagardoa probatzeko sagardotegira astean zehar joan behar dela uste dute, “asteburuan jende gehiago izaten da”. Astean zehar, sagardoa txiritik maizago ireki eta sagardo hobeak ateratzen dituztela gaineratu zuten. “Guk etxeko sagardorik onena eskatzen dugu badaezpada”. Moxkortu ez, sagardoak bizitu egiten  omen ditu eta hitz egiteko gogoa pizten die.

Xelebrekeriak eta beste
Giro bikaina sumatzen zen euren artean eta xelebrekeriez galdetuta, besteak beste, behin baino gehiagotan, taldekideak abiatu eta, norbait kupel artean ahaztuta geratu izana aipatu zuten. Kupela taldea asteroko ohiturarekin hasi zenean piztu zirela sagardotegiak esan zuen Kruz Zurutuzak, “duela 40 urte apenas joaten zen jenderik sagardotegira. Gerora indar handia hartu zuen eta gu biltzen hasi ginen garaian oso maiz joaten ginen; astean zehar sarritan, batekin eta bestearekin. Orain ere puri-purian daudela iruditzen zait eta txikiei agian bai baina, ezagunak direnei, krisiak batere eragin ez diela esango nuke”. Villabonan antzina sagardotegi asko izan zela esaten dute herriko helduek. Kruzek bakarra ezagutu zuen: Martinena, Kale Berrian. “Han ez zen jatekorik. Norberak ogitartekoa etxetik eraman eta sagardoa edaten zen kupeletik”. Orduan emakumeek debekatuta zuten sarrera, baita geroago ere, “taldean neska batekin sagardotegira joan eta denak kalera botatzea ohikoa zen duela hogeita bost urte”. Kupela taldean ez dago emakumerik baina onartuta daude, “guk ez dugu inoiz debekatu. Oso tarteka etorri izan dira emakumeak gurekin”. Belaunaldi gazteagoak bai, etortzen dira; “gustura etortzen gara. Beti ere zer edo zer ikasi egiten da. Jakitunak hauek dira, guk ez dugu punturik ematen”, azaldu zuen Julen Eizmendik.

Paulo Lasari omenaldia
Iaz taldekide baten galera izan zuten. “Paulo Lasa iazko azaroan istripuz hil zen. Taldeko kapitaina zen, gatza eta piperra jartzen zuena. Izugarrizko kolpea izan zen guretzat. Ehiztaria zen eta aurtengo Tolosaldeko ehiza txapelketa Amasan egokitu zenez, omenalditxoa eginez, plaka eman genion emazteari Nikolas Zelaiak idatzitako bertso ederrekin eta Kupela taldeko logotipoarekin”.
Egungo taldean ere badaude ehiztariak eta nahiko ehiza egiten dutenean, afaritarako biltzen dira, “asko ez dugu botatzen baina, afaltzeko adina koneju edo oilagor osatzean, elkartean biltzen gara. Tarteka txakolindegira ere joaten dira, “Amasako Garmendira urtero joaten gara eta taldekide asko baita Getariara ere”.


SAGARDOGILEEI GALDEZKA

  1. Zer moduzko balorazioa egiten duzue aurtengo denboraldiaz?
  2. Izan al du eraginik krisiak?
  3. Zer nolako giroa izan da? Nondik etorri da jende gehien? 
  4. Zer moduzkoa sagardoa izan da aurtengoa? Zein harrera izan du?
Gaztañaga (Andoain)
Juan Mari Gaztañaga

  1. Denboraldi ona izan da. Bi edo hiru hilabete irauten du denboraldiaren garairik indartsuenak eta intentsitate handiko egunak izaten dira. Aste Santua pasaz gero, sagardotegirako joera asko jaisten da. Urte osoan zabalik izaten dugu jatetxea eta sagardotegiko menua ere eskaintzen dugu, baina Aste Santuaren ondoren, jendeak nahiago izaten ditu beste aukera batzuk.
  2. Krisialdiaren beldurra bagenuen, baina ez da horrenbeste nabaritu. Astegunetan ondo lan egin dugu eta asteburuetan ere sagardotegia bete dugu. Aldaketa bakarra nabaritu dugu; aurreko urteetan, jendeak askoz ere lehenago deitzen zuen astebururako tokia gordetzeko eta aurten, ostegun aldera lotzen genituen azken mahaiak.
  3. Oso giro ona izan da. Urteroko moduan, eskualdeko zein urrutiagoko jendea etorri zaigu. Bezero finkoak ere baditugu eta hori eskertzekoa da. Sagardo denboraldian astean behin baino gehiagotan etortzen dira. Azkenean, bezero izatetik, lagun izatera iristen dira.
  4. Sagardotegi gehienetan sagardo ona egin da aurten. Mota askotako sagarra izan da eta horri esker, kalitate handiko sagardoa lortu da. Jendea gustura geratu da gurean edandako sagardoekin. Botilak saldu ahala, kupeletako sagardoa botilaratzen joaten gara; denda, taberna edota bezero partikularren artean saltzeko.
Mizpiradi (Andoain)
Anjel Arruabarrena
  1. Nahiko ondo joan da denboraldia. Guk astean zehar baino gehiago, asteburuetan egiten dugu lan eta orokorrean, ondo joan da. Urtero, maiatzaren 1aren inguruan izaten dugu zabalduta eta aurten, Santa Krutz eguna igandearekin egokitzen denez, maiatzaren 3a arte zabalik izango dugu.
  2. Krisia pixka bat nabaritu dela esango nuke. Nahiz eta sagardotegian ez dugun aurreko urteetan adina jende eduki, ez da kexatzeko modukoa izan.
  3. Giro onean pasa da denboraldia. Gurera etortzen den jendea ingurukoa izaten da, Andoaingoa gehienbat. Hona etortzeko errepidea estua da eta autobusik ez da iristen. Aurten hamar urte dira sagardotegia zabaldu genuela eta bezero finkoak baditugu.
  4. Aurtengo sagardoarekin gustura gaude. Ia guztia bertako sagarrarekin egin genuen. Azaroa inguruan izandako eguraldi hotzak sagardoa geratu egin zuen, baina iazkoa baino hobea atera zaigu eta gustura gaude. Sagardo gehiena hemen inguruan saltzen dugu, bai bezero partikularren artean, baita jatetxe eta tabernatan ere. Ez dugu produkzio handiegia ateratzen eta salmenta ere ondo joaten da normalean.

Sarasola (Asteasu)

Inaxio Sarasola
  1. Denboraldi ona izan da aurtengoa. Jendeak ondo eutsi dio sagardotegira etortzeko ohiturari. Aurreko urteetan, larunbat gauean izaten zen burrunda eta parrandarako gogo hura pixka bat jaitsi da agian, baina sagarodtegia beteta izan dugu. Urtero egiten dugun moduan, San Isidro eguna bitarte mantenduko dugu irekita.
  2. Krisiaz asko hitz egiten zen eta beldurra bagenuen, baina ez da horrenbesterainokoa izan. Hiru hilabete irauten du sagardotegi denboraldiak eta jendeak horri eutsi nahi izan diola dirudi. Orain, botilen salmentan dugu jarria harreta. Jatetxeetan jende gutxiago dabil eta  sagardo gutxiago saltzen da.
  3. Asteburu eguerdietan izan dugu jende gehien. Iparraldeko taldeak, autobusetan etortzen diren koadrilak, familiak…, denetarik izan dugu. Bezero finkoak ere baditugu eta horiek, normalean, astegunetan etortzen dira, sagardoa lasai dastatzeko aukera hobea izaten da astean zehar.
  4. Sagardo ona izan da aurtengoa. Aurten, bertako sagarrarekin egin dugu dena. Horregatik, sagardoari kosta egin zitzaion etortzea. Neguan izandako eguraldi hotzak ere gelditu egin zuen. Orain, ordea, sagardo onak daude, gustura edateko modukoak.

 

 

Zabala (Aduna)
Luix Zabala

  1. Maiatzaren 10ean amaituko dugu eta oraindik hilabete falta bada ere balorazio ona egiten dugu. Seguruenik, denboraldi hasieran pentsatzen genuena baino hobea. Asteburuetan nahiz Aste Santuan oso ondo egin dugu lan. Aste egunak lasaiagoak izan dira.
  2. Nahi eta nahi ez eragin egiten du horrek. Hala ere, krisia eskualdean hemendik aurrera hasiko dela iruditzen zait. Guk denboraldia salbatu dugu. Astean zehar ez da jende gehiagorik etorri baina, gurean behintzat, lehen ere aste barrukoa ez zihoan gehiagora.
  3. Giroa polita izan da. Asteburuan astean baino festa giro gehiago izaten da. Inguruko jendea etortzen da batik bat; asteburu eguerditan gero eta jende gehiago. Asteburuetan Bizkaia, Nafarroa nahiz Iparraldetik ere etortzen dira. Tarteka, katalanak edo madrildarrak ere bai.
  4. Sagardoak orain ari dira puntuan jartzen eta orain hilabete baino hobeak daude. Hemendik aurrera jartzen da sagardoa bukatuta; edateko puntu onenean. Sagardo politak dira aurtengoak.

 

Aburuza (Aduna)
Ibon Aburuza

  1. Bazterrak nola dauden ikusita, balorazio ona egiten dugu. Zertxobait jaitsi bada ere, orain artean behintzat ez dugu arazorik izan eta gustura gaude. Aste Santua pasa da eta aurrerantzean ikusi egin beharko da. Urte guztian zehar zabalik izaten dugu sagardotegia, abendutik urtarrilera soilik ixten dugu. Orain, astelehena itxi eta asteartetik larunbatera gauez eta larunbat eguerditan bazkariak ematen hasi gara, eguerdirako eskaera gero eta handiagoa da, famili giroan nahiz lagun artean.
  2.  Astean zehar ere ondo ari gara lanean. Bezero finkoak baditugu eta ondo egin dugu lan haiekin. Asteburuetan, aurreko urteetan baino gazte jende gutxixeago ibili da.
  3. Eskualdeko jendearekin egiten dugu lanik gehien. Tolosaldea eta Goierrialdetik jende asko etortzen da eta azken boladan, Nafarroatik ere bai. Sagardotegian giro polita sortzen da beti; batzuetan gehiegi ere bai.
  4. Sagardoa ona izan da, oso balorazio ona ematen diogu. Bertako sagarra asko erabili da eta kantitate handia izan arren, kalitate ona mantendu du. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!