Juantxo Olazabal, kalbario irakurlea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:58

64. gurutze-bidea bete du aurten Juantxo Olazabal Iñurritak Ernioko maldatan. 1931n jaio zen, eta hamabost urte zituenetik eutsi dio ohitura kristau horri.

Ez soldaduskak ezta ondoezak ere ez didate eragotzi. Hutsik egin gabe igo naiz urtero urtero Ernioko gurutzera, bidean kalbarioak irakurriz”.
Ostiral Santua da urteko egun seinalatua Juantxorentzat, gurutze-bidea edo kalbarioak egiteko. Gogoan izan kristau usadioak, hamalau egonalditan, Jesusen nekaldiko une bakoitza gogoratzen dituela Aste Santuan. Erniorako azken igoeran, aterpetik abiatuta irakurtzen ditu Olazabalek.
Goizeko 08:00etan da hitzordua. “Aitona bat han joaten omen da!, halaxeko mezua zabaldu izan da urtez urte eta jendeak badaki. Abiatu, eta bidean igual 50 bat lagun biltzen dira pixkanaka”.   
Giro zakarra, haizea, hotza eta euria dena batera egin zuen Ostiral Santu egunean, eta horregatik, “aurten inoiz baino jende gutxiago etorri da. Bezperan azaldu omen zen jende asko, giro aparta egin baitzuen;. Seme batek errieta ere egin zidan ea zergatik ez nintzen orduan joan, baina ostirala da gure ohiturazko eguna, eta zer egingo dugu!”. Betiko gurutze-bide zale fidel batzuk besterik ez ditu izan aurten bidelagun, beraz. “Urte mordoan ondoan izan ditudan Andoain eta Adunako adiskideak, Andres eta Joxe Santa Krutz, Xanti Tejeria, Laureano Iturbe eta horiek etorri dira”.     
Ohituraren sorreraz galdetuta, Juanito Iñurrita Ubillutseko bere osaba aipatu du. “Ez zen oso elizkoi-elizkoia baina, Ernio maite zuen. Villabonako papertegian egiten zuen lan, eta bertako zenbait lankide eta ni neroni, joango al gatxik? esanda animatu egin gintuen. Horrela, 1945ean edo hasi ginen”.
Goizeko 05:00etan joaten ziren bizikletaz Asteasuraino. “Handik gora, tapa-tapa Zelatunen barrena, 11:00tarako Ernioko lehenbiziko gurutzean, uztai ustez sendagarriak dauden horretan jartzen ziren. “Emakumeak kalbarioak errezatzen egoten ziren eta gu haien atzetik joaten ginen. Gertatzen zen, ordea, urtero ez zirela azaltzen hitzordura. Behin, erremedioa jartzea erabaki nuen neronek: manterolatarren amonak bazuen esku liburu zahar bat 14 egonaldietako gertakariak idatzita zituena, eta hari eskatu nizkion. Paperean idatzita jarri, eta ni hasi nintzen irakurtzen”.   
 
Fede kontua ote…
Zerk mugitzen ote duen ohitura horri eustera, Juantxok ez dauka erantzuna argi. “ez dakit mendizaletasuna ala fedea den. Egia esan, ni beti izan naiz mendizalea; La Salle eskolan, denbora librean umeak denak futbola nahi izaten zuten bitartean, nik mendira jotzen nuen. Baina bestalde, fededuna ere banaiz. Izan ere, fedea gizakiak beharrezkoa duela uste dut. Biziaren kezka, beti daukagu hortxe; nora begiratzen duzun, beti dago mota bateko edo besteko fedea: Jaungoikoari bezala, eguzkiari, ilargiari, zuhaitzari...”.
Erritu hori mantentzen lagungarri izan zaion hirugarren arrazoia ere aipatu du, egoskorkeria alegia. “Kaskoan tema sartzen zaizu: lehengo urtean joan ginen, eta aurten zergatik ez? Eta horrela, bat gehiago, bat gehiago..., gaur arte”.
Hantxe, mila metrora, kalbarioen irakurketak  sentimendu bereziak batera ernatzen dizkiola aitortu du Juantxok: “Emozionatu egiten naiz. Zergatik? Jesusen azken une latzen kontaketarekin ari naizela, nire artean honako hausnarketa hauxe egiten dut: “honek pasa zituen ederrak! Guk bizimodu hobea daramagu”. Bestalde, ingurura begira jartzen naiz, eta heriotzak eraman dituelako, urte batetik bestera falta diren pertsonak hartzen ditut gogoan”.
Aurtengoa berarentzat azkenekoa izango dela pentsatuta dago kasik. “Lagunei esan diet bukatu direla nire kalbario kontuak, igual nire hiletara joan beharko dutela. Izan ere, ikaratzen hasteko garaian nago; Erniorako bidean, larri ibili naiz aurten. Lurra irristakorra zegoen; ezkerretara harkaitza ikusten nuen, bai, baina eskuinetara zera, amildegia Errezilgo zuloraino!”.  
Hitz etsigarri horiek adierazi arren, beti bezain osasuntsu eta ekintzaile jarraitzen du Juantxok. Ez dio ezetz esaten ilea mozteko eskatzen dioten herritarrei edo zaharren egoitzan bizi direnei, ezta baratza egunero zaintzeari ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!