Uxue Mikelarena, Mihiluzeko irabazlea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:52

Uxue Mikelarena ETBko Mihiluze-ko irabazlea suertatu berri da, bere lehengusu Andoni Mikelarenarekin batera. Lehiaketa Aste Santuko egunetan jokatu da.

Nolaz animatu zineten parte hartzera?
Behin ikusle bezala joan ginen ikastolatik eta parte hartzeko zer egin behar zen galdetu genuen orduan. Handik etxerakoan, ikasleok denok “nik honekin edo harekin hartuko nuke parte”, halaxe aritu ginen. Nik lehengusuari proposatu eta gure izena eman genuen. Egun batean, hor non hots egin ziguten, casting-era azaltzeko eskatuz.

Zer moduz casting-a?
100 bikotetik gora azaldu ginen, baina oso ondo atera zitzaigun. Lehenbizi geure buruak aurkezteko eskatu ziguten, eta ondoren abesten eta dantzatzen jarri gintuzten. Zer dantzatu genuen ez dakit, baina “Maritxu nora zoaz” abestu genuela gogoan dut.

Eta programaren eguna iritsi zen…
Emisio egunaren aurretik, eguarditik gauera grabatu zen bai sailkapena eta baita finala ere. Egun osoan jardun genuen, ileapaindegitik eta makilajeko gelatik pasa eta gero. Platora sartu ginenean, gora begira jarri eta dena kamerak eta fokoak ziren! Hasierako urduritasuna ahaztu, eta berehala egokitu ginen egoerara. Zatika grabatu zen dena, izan ere aurkezleek edo gutako edonork zerbait oker egiten bagenuen, moztu eta berriro zati batetik aurrera hasten ginen. Telebistan dena segidan ikusten da, baina benetan ez da horrela.

Nolako giroa bizitu zenuten grabazioan?
Oso polita. Hamaiketakoa, bazkaria..., dena han egin genuen, luze jo baitzuen grabazioak. Ilazki eta Kike oso ondo portatu ziren gurekin; grabazio zatiak bukatzen zirenean gurekin egoten ziren, kanporatuak ziren bikoteengana joan eta animoak ematen zizkien…

Zuek asmatutako galdera guztien artean, zorrien hanken kopurua aipatzen zena izan zen bitxiena, akaso…

4, 6 edo 8 hanka, horixe jarri ziguten aukeran. Andonik 8 esaten zidan. Niri, berriz, 4 gutxiegi zirela iruditu, eta “sei esaten badugu?” erantzun nion. Ausartu egin ginen, eta hara non asmatu! Egia esan, asmatu genituen erantzunak, batzuk eskolan ikasitakoak izan ziren eta besteak “hala izango da” esan eta elkarrekin adostutakoak. Ondo moldatu ginen Andoni eta biok alde horretatik.

Sari polita irabazi zenuten, Parisen lau eguneko egonaldi bana familiekin...
Oso gustura ibili gara gurasoak eta hiru ahizpak Aste Santuetako egunetan. Gozatu egin dugu Eurodisney-en. Eiffel Dorrea telebistatik ikustetik aurrez aurre ikustera dagoen aldea frogatzeko aukera ere izan dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!