Tauni enpresa, euskara sustatzearen alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:49

Mekanizatua eta makinagintza lantzen duten Tauni enpresan Euskara Plana abian jarri dute berriki. Eba Usandizaga enpresako administrariak eman ditu azalpenak. 

Zergatik erabaki zenuten Euskara Plana martxan jartzea?
Euskara teknikariak konpromisorik gabe enpresan euskararen egoera aztertzeko diagnosia egitea proposatu zigunean aurrera egitea erabaki genuen. Diagnosia egin ondoren jarri genuen martxan Euskara Plana.
Enpresan euskaldunak gara gehiengo nagusia eta hitz egiteko euskara erabili izan dugu betidanik. Paperetan ordea, ohiturak bultzatuta, gaztelaniara jo izan dugu. Langile ia denak euskaldunak izanik, oharrak euskaraz jartzen ahalegindu izan gara baina, hortik aurrera ez dugu askorik egin. Langileak ere ahozko nahiz idatzizko harremanak elebitan egitearen aldekoak dira, lehentasuna euskarari emanez.

Zein helbururekin abiatu zarete egitasmoan aurrera?
Euskara Planaren bidez euskara bultzatu nahi dugu enpresan. Guk Gipuzkoan lan asko egiten dugu, bezeroak nahiz hornitzaileak Gipuzkoa mailakoak dira gehienak eta horrek hemengoekin euskaraz komunikatzeko erraztasuna ematen du. Kanpora begira lan gehiago eginez gero, agian ez luke merezi saiakera hori egiteak baina, hemen lan eginda, dudarik gabe, bai.
Gure atzetik, agian beste enpresaren bat ere pausoa ematera animatuko da. Komunikazioa biren artekoa izaten da gutxienez eta harremana euskaraz egiten duzunean, euskaraz jasotzea eskertzen da. Fakturak lehen gaztelania hutsez ikusten ziren beti, orain elebitan ikustea oso ohikoa da. Euskaraz gero eta aukera zabalagoa eskaintzean, sentsibilizazioa ere handitu egingo dela iruditzen zait. Beste enpresetan euskararen erabilera gehitzen doala ikusitakoan, norbera erabiltzera gehiago animatuko dela, alegia.

Zein pauso emango dituzue aurrera begira?
Pixkanaka emango ditugu pausoak. Plana hiru urtean zehar garatzekoa denez, poliki-poliki hasiko gara. Lehen urtean urrats errazenak egingo ditugu: ikusten diren errotulazio edo mezuak elebitan jartzea, esaterako. Fakturak eta albaranak lehendik ere elebitan jartzeko asmoa genuen, Bai Euskarari ziurtagiria jasotzeko bidean garenez, helburu hori jarrita baikeneukan. Albaranak bezala, eskaera nahiz faktura orriak ere elebitan jarri nahi ditugu, lehendik gaztelania hutsean baitaude. Programa informatikoak ere gaztelaniaz dauzkagu eta hori aldatzea zailagoa iruditzen zaigunez, amaierarako utzi dugu asmo hori. Epeak eta helburuak jarri ditugu eta pixkanaka betetzen joatea da gure asmoa. Abiapuntua erraza izango da, ikusi egin beharko da gerokoa.

Zer nolako jarrera erakutsi dute langileek?
Jarrera ona izan da. Langile batzuei elkarrizketak egin eta guztiei, betetzeko galdeketa bana eman zieten. Hamaseitik bik besterik ez dakite euskaraz eta hasieran euskara ikastera derrigortuko zituztela pentsatuz zertxobait beldurtu baziren ere, berehala ulertu zuten euskara bultzatzea zela helburua.

Nola bideratuko duzue enpresan plana aurrera ateratzea?
Administraria naizenez eta paper gehienak hemendik ateratzen direnez, Elhuyar-eko aholkularitza taldekoekin neroni arduratuko naiz gehien gaia aurrera eramateaz. Hala ere, lantegiko bi langilerekin batera batzordea osatu dugu eta haiek lankideen zalantzak jakinarazteaz arduratuko dira.
Guri, enpresa txikia izanik, ez digu horrenbesteko esfortzurik eskatzen. Enpresa handiagoetan adostasuna lortzea ere gehiago kostako da. Alde horretatik, abantaila daukagu. Gainera, gazte jendea lan munduan sartzen ari da eta euskaraz ikasi izanak asko errazten du bidea. Euskara ezagutzen dute eta gertukoa dute, gazteagoengan errazagoa da gogoa jarri eta euskara erabiltzea.

Mezurik bidaliko al zenieke inguruko enpresetako kideei?
Hemen bezala, beste enpresetan ere gaztelaniara jotzeko ohitura nabarmena da, inertziak bultzatuta bezala. Euskara Planak abian jartzeko diru-laguntzak daudela kontuan hartuta, gure burua euskararen alde lan egitera behartu beharko genuke pixka bat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!