Lehen Euskara Plana abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:43

Udaleko Euskara Zerbitzuak, euskararen erabilera sustatzeko, Euskara Plana abian jartzeko proposamena egin zuen herriko hainbat enpresatan iaz.  

Maite Arregi euskara teknikariak adierazi duenez, tamaina ezberdineko herriko hiru enpresei egin zieten gonbidapena, “Tauni, Arteka eta Borobil enpresei, hain zuzen ere. Tauni enpresak prest zegoela adierazi zuen eta beste biek nahiago izan zuten beste txandaren baterako utzi”. Euskara zerbitzuak beti izan du lan munduari ekiteko asmoa baina, eskaintza ezberdinak zirela eta, orain arte behar bezala esku hartu ez dutela esan du. “Oro har, lan mundua ez da gehiegi jorratu orain urte gutxi arte. Hemen, merkataritzan ez bezala, enpresa munduan sartzea nahiko berria da. Alde batetik, Udalarentzat ez da oso esparru erraza. Errazagoak dira hezkuntza edo aisia, lan mundua baino. Gainera, egitasmo asko ibili da bata bestearen atzetik eta seguruenik, ez dira behar bezala bideratu. Galtzaundirekin batera, orain hiru-lau urte diagnosi xume bat egin genuen herriko 40 bat enpresatan, datuak edukitzearren”. Iaz, bada, lan munduan sartzea erabaki zuen Euskara Zerbitzuak eta Tauni enpresak proposamenarekin bat egin zuenez, bertan egin zuten diagnosia. “Udalak bere gain hartu zuen diagnosia egiteko ardura eta Elhuyar-eko aholkularitza saila kontratatu zuen lan hori burutzeko”, azaldu du euskara teknikariak.

Euskara sustatzea helburu
Goizargi Oruesagasti, Elhuyar-eko aholkularitza enpresako kideak, lanari 2008 urte amaieran ekin ziotela adierazi du, “momentuan Taunnienpresan euskarak zuen egoera jaso genuen eta horretarako, atal ezberdinak jorratzen dituen fitxa nahiz galdeketak banatu genituen langileen artean, eta, enpresak dituen hamasei langiletatik hiruri elkarrizketak egin genizkien. Tauniko langileen %80a euskalduna izateak erraztu egin du Euskara Plana abian jartzea. Kontrako jarrerarik ez zegoela garbi ikusi genuen eta horrek beti lagundu egiten du”. Euskara planak enpresa barruan nahiz kanpo harremanetan ere euskara sustatzea du helburu. Goizargik, planaren baitan, enpresako atal guztiak jorratzen direla adierazi du, ”atal bakoitzari astindua eman eta gero, enpresa bakoitzak bere helburua jartzen du. Esaterako, kokapena edo langileen euskara mailaren arabera, batzuek euskararen presentzia barruan eta kanpoan areagotu nahi izaten dute. Beste batzuen helburua euskara barrura begira indartzea soilik izan daiteke”. Maitek Euskara Planak enpresa bakoitzaren neurrira egindakoak direla argitu du, “beraiek erabakitzen dute zein atal indartu. Euskararen presentzia gero eta handiagoa izan dadin bultzatzen du Planak. Askotan, idatzian bereziki, euskararen presentzia falta izaten da enpresatan eta, azken finean, enpresan ere euskarak duen garrantziaz kontzientzia hartzen laguntzen du”.

Diru-laguntza ugari
Udalaren laguntzaz gain, Euskararen Planarekin bat egitea erabakitzen duen enpresak Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiaren laguntza ere jasotzen du. Euskara Planean Amasa-Villabonan aitzindaria izan den Tauni enpresaren kasuan, Euskara Zerbitzutik bideratu dute Udalaren diru-laguntza. Elhuyarrek, berriz, Eusko Jaurlaritzakoa bideratu du. “Lan mundua egun ez dago momenturik onenean eta antzeko egitasmoak bultzatzeko, laguntza eskaintzea ezinbestekoa da”, Maiteren ustetan. “Aurrera begira, enpresa gehiagori egingo genieke Planean parte hartzeko gonbidapena. Aurten Tauni enpresarekin jarraituko dugu lanean eta merkatari munduan ere sartu behar dugunez, hurrengo urterako utziko genuke berriro ere enpresetako ekimena. Bi urtez behin behintzat eutsi nahi diogu gaiari”.

Motibazioa bultzatu
Elhuyarrek enpresa askotan burutu ditu antzeko Euskara Planak, “lehendabizikoa duela 18 urte egin zen eta geroztik asko zabaldu da sarea. Gaur egun ia laurogei enpresa dira Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzetara aurkeztu direnak”. Planaren bidez langileen arteko motibazioa handitzen dela azaldu du Goizargik. “Langile kontratatu berriak aurreko belaunaldikoak baino euskaldunagoak direla kontuan hartuta, euskaraz egiteko aukera izanda, langileen kohesioa lortuko da eta, ondorioz, langileak enpresarekin identifikatuago sentituko dira. Era berean, enpresak gizarteko beste erakunde batzuekin harremanetan dauden atalak direnez, euskara kudeaketan txertatzean, ingurua kontuan hartzen duela adierazi eta euskara berreskuratzeko ahaleginean gizartearekin bat egiten du”. Zerbitzu edo produktuen salmenta euskaraz eginda, bezero euskaldunei harrera hobea egiten zaiela ere adierazi du Elhuyar-eko kideak, “hurbiltasuna eta kalitatea bultzatuz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!