Kultur eskaintza aberatsa udaberrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:38

Apirila eta maiatza hilabete oparoak izaten dira Zizurkilgo kultur eskaintzari dagokionez. Ainhoa Larrea kultur teknikariak eman ditu datozen bi hilabeteotako ekitaldien inguruko xehetasunak.

Apirilean, antzerkia izango da protagonista. Amasa-Villabonarekin elkarlanean prestatu duzue aurtengoa…
Duela zazpi urte antolatu zen lehendabiziko Antzerki astea Zizurkilen eta aurten, aldaketa nagusi batekin etorri da. Iaz, Amasa-Villabonako Udalaren kultur eskaintzan antzezlan ugari sartu zela ikusirik eta horren gertu dauden bi herriren arteko elkarlana bultzatu asmoz, antzerki jardunaldi bateratuak egitea pentsatu genuen, eskaintza hobea osatu ahal izateko. Bi herrietako biztanleen mugikortasuna ere bultzatu nahi izan dugu. Zizurkildik Amasa-Villabonara joateko joera badago, baina alderantzizkoa nekezagoa izaten da. Garrantzitsua iruditzen zaigu bi herrien arteko indarrak batzea eta elkarlanerako borondatea bazegoenez, gauzak erraz joan dira.

Zer eskainiko dute aurtengo antzerki jardunaldiek?
Badakigu antzerkia ez dela jendetza handiak erakartzen dituen arte mota, horregatik, umore puntua duten lanak aukeratu ditugu. Antzoki edo aretoetan egiten diren lanez gain, kale antzerkia ere ekarri nahi izan dugu. Malabrikers taldea arituko da apirilaren 25ean Zizurkil Goiko plazan. Adin guztietako herritarrei zuzenduriko ekitaldiak prestatzen saiatu gara. Apirilaren 27an, 28an eta 30ean haur eta gaztetxoei zuzenduriko antzezlanak eskainiko dira eta apirilaren 29an Pedro Mari Otaño eta San Millan ikastetxeetako haurrak izango dira protagonista. Urtean zehar antzerkia lantzen dute eta ikusle izatetik protagonista izatera pasatzea garrantzitsua dela uste dugu.

Zizurkilen indar berezia du antzerkiak…
Bai, hala da. Nahiz eta orain desagertuta dagoen, antzerki talde amateur bat lanean aritu zen zenbait urtetan. Talde horren inguruan hasi ginen Zizurkilgo Antzerki astea antolatzen, duela zazpi urte. Antzezlan ezberdinak sortu eta Gipuzkoako herri askotan barrena ibili ziren emanaldiak eskaintzen. Talde hark sortutako zenbait lan Antzerki astearen baitan aurkeztu zen. Horrez gain, herriko ikastetxeek ere badute antzerkia lantzeko ohitura.

Maiatza ere hilabete indartsua izaten da Zizurkilgo kultur eskaintzan. Zer ekarriko du aurtengo Maiatza Saltsan ekimenak?
Oteiza eskultorearen inguruko erakusketa izango da plater nagusia. “Bizi proiektua” izena du erakusketak. Maiatzaren 7an zabalduko da Atxulondo Kultur Etxean eta maiatzaren 26ra bitarte izango da bertan. 2008an Oteiza jaio zela 100 urte bete ziren eta Foru Aldundiak, Oteiza museoarekin batera, erakusketa ibiltaria sortu zuen. Horixe izango da Zizurkilen erakutsiko dena. Hau bezalako herri txiki batentzat, oso polita da horrelako erakusketa indartsua bertan izatea. Gure helburua, erakusketa ahalik eta jende gehienarengana iristea da eta horretarako, bisita gidatuak ere egingo dira. Maiatzaren 9an eta 16an, goizeko 11:30etan hasita, gida baten laguntzaz erakusketa ikusteko aukera izango du interesa duen edonork. Horrez gain, ikastetxeetako haurrek edota jubilatuek osatutako taldeek ere erakusketa bisitatuko dute.

Zer topatuko du Oteizaren erakusketara hurbiltzen denak?
Artistaren inguruko informazioa biltzen duten panelak eta argazkiak izango dira hormetan, eta era berean, hainbat eskultura ere izango da. Bere lana egiteko modua gertutik ezagutzeko aukera emango du.

Oteizaren inguruko erakusketaz gain, zein beste ekitaldi hartuko du Maiatza Saltsanek?
Senidetze eguna sortu dugu. Zizurkil El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin anaieratuta dago eta herriko ikastetxeek ere badute harremana hangoekin. Amasa-Villabona, Asteasu eta Aduna ere anaieratuta daudela ikusita, herri guztien artean senidetze eguna sortzea pentsatu genuen. Zizurkilen izango da lehendabizikoa, maiatzaren 30ean eta egun osoko jaia antolatu da. Urtean behin besterik ez bada ere, El Salvadorrekin anaieratuta gaudela gogoratzea, eta hemendik bidaltzen den laguntzari esker han egiten diren proiektuen berri zuzena izatea da helburu nagusia.
Horrez gain, betiko ekitaldiak ere izango ditugu: Andatza eguna, San Isidro eguna, hitzaldiak…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!