XIII. Beterriko Liburua Literatur Aipamena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:35

111 Akademiako kideek 2008ko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena zein obrari eman aukeratu berri dute.

126 akademiakideak pasa den urte osoan zehar 2008an euskal idazleek euskaraz argitaraturiko liburuak irakurtzen aritu dira, eta 2009ko urtarriletik apirilera bitartean  buruturiko bozketa txanda ezberdinen bidez irakurritako obra horien guztien artetik gogokoen izan duten obra aukeratu dute 2008ko Beterriko Liburu. Bozketa txanda horietan gutxieneko boto kopurua eskatzen zaio Beterriko Liburu izendatuko den obrari; aurten ere akademiakideen botoak oso sakabanatuak etorri dira eta horregatik, hiru bozketa txanda behar izan dira lan saritua aukeratzeko. Akademiakideek aukeraturiko obra saritu hori ezagutzera emateko ekitaldia maiatzaren 7an izango da, ostegunarekin, Zizurkilgo Olentzo jatetxean (Asteasura bidean).

Sari-emate ekitaldia
Urtero legez, aurten ere, aipamena jasoko duen idazlea sari-emate ekitaldian bertan izango da eta ohiturari eutsiz, larru bereziz koadernatutako bere liburu saritua jasoko du saritzat. Ikusle eta entzuleek gehien itxaroten duten unea idazlearen hizketalditxoarena izaten da eta aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere sarituaren hitzek ez dute hutsik egingo. Zuzeneko musika doinuak ere izango dira eta ekitaldiarekin ondo amaitzeko, jan-edanik ez da faltako. Sari-emate ekitaldia irekia izango da, irakurzale oro dago etortzera gonbidatuta.

Iazkoa, Muñozentzat
Aurtengoa, hamahirugarren edizioa izango du Larramendi Bazkunak abian jarritako Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamenak. Iazkoan, 111 Akademiako kideek Jokin Muñozen Antzararen bidea aukeratu zuten 2007ko Beterriko Liburu; Muñozen obrak beste hainbat sari ere jaso zituen 2008an, tartean, Euskadi Literatura Saria eta Espainiako Kritika Saria. Antzararen bidea 2007ko Beterriko Liburu izendatzeko hiru bozketa txanda egin ziren, eta hirugarrenean Muñozen lanak jasotako botoen %84 bereganatu zuen.

Gainontzeko hamaika edizioek beste hainbat saritu ere utzi dituzte:
1996, Zizurkilen: Joxean Agirre Elgeta
1997, Amasa-Villabonan: Ur Apalategi Iridin Gauak eta hiriak
1998, Asteasun: Koldo Izagirre Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri
1999, Adunan: Lourdes Oñederra eta emakumeari sugeak esan zion
2000, Larraulen: Ramon Saizarbitoria Gorde nazazu lurpean
2001, Andoainen: Joseba Sarrionandia Lagun izoztua
2002, Zizurkilen: Anjel Lertxundi Zorion perfektua
2003, Amasa-Villabonan: Bernardo Atxaga Soinujolearen semea
2004, Asteasun: Pako Aristi Gauza txikien liburua
2005, Adunan: Juan Kruz Igerabide Hauts bihurtu zineten
2006, Larraulen: Karmele Jaio Amaren eskuak
2007, Andoainen: Jokin Muñoz Antzararen bidea
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!