Umeak eta kantua gogoko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:09

Miren Vitoria asteasuarra, urtetan Villabonako ikastolako irakasle izandakoa, jubilatu berria da. Irakasle lanaz gain, kantuarekiko afizioaz ere hitz egin du askorentzat “Mirentxu” moduan ezagunagoa denak.

Zein izan ziren irakasle modura eman zenituen lehen pausoak?
Donostiako Aitor ikastolan hasi nintzen lanean. Bi lagunen artean sortu genuen eta hutsetik hastea izugarrizko lana izan zen. Han lau urte igaro ondoren, Amasa-Villabonako Jesusen Bihotza ikastolara etorri nintzen. Mari Karmen Agote sortzailea, Koro Munduate, Loli Mujika eta Maite Txapela irakasleak ari ziren orduan lanean. Urtez urte irakasleak gehitzen joan ziren eta geroztik, asko handitu zen ikastola. 1972 urtean hasi nintzen Villabonan, urte zailak ziren haiek. Euskarari ez zitzaion halako garrantzirik ematen orduan baina, guraso asko zegoen euskararen alde eta mugimendu handia sortu zen. Poliki-poliki hasi ginen lanean eta merezi izan du. Hor dago orain euskararen indarra.

Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Hasierak gogorrak izan baziren ere, oso oroitzapen onak dauzkat gordeta. Gaztea eta ilusioz beteta nengoen. Ezer arautu gabe zegoen eta guk egin behar izaten genuen dena. Denon artean egiten genuen lana. Guraso, ikasle eta irakasleen arteko harremana estuagoa zen eta ondorioz, baita lotura ere.
Villabonara etorritakoan, Zentroan egin nuen lehenengo urtea, gero Zizurkilgo ikastolan aritu nintzen urtebetez eta Txermingo ikastola eraiki zutenean, bertan hasi nintzen.
Hogeita hamasei urte pasatxo aritu naiz Villabonan lanean. Lehen urteetan nire ikasle izan zirenen umeak eduki ditut azken urte hauetan, oso polita da hori.

Lan egiteko modua nabarmen aldatuko zen ordutik hona…
Baliabideetan nabarmen aldatu da eta baita eskaintzei begira ere. Orain, esaterako, oso umetatik hasten dira ingelesa ikasten. Lehen marrazki libre gehiago egiten zen, mendira gehiago joaten ginen… Gainerakoan, lehengo eta gaurko umeek ume izaten jarraitzen dute. Egungo umeak ekintza gehiegitan sartuta daude seguruenik: dantza, ingelesa… Lehengo umeek gaurkoek baino gehiago jolasten zuten. Hala ere, garai guztiek dute bere alderdi ona.

Horrenbeste urte umeekin lan egitea polita eta, aldi berean, gogorra ere izango da, ezta?
Bai, batez ere txikiekin lan egitea. Ume txikiek asko eskatzen dute eta azkenerako nekatu egiten nintzela konturatzen nintzen. Bizkar gainean 60 urte ditut eta nabaritu egiten da hori.

Otsailean jubilatu zinen. Zer moduz aldaketa?
Umeekiko harreman hori faltan botatzen dut pixka bat baina, oso gustura nago bestela. Iratzargailurik gabe esnatzea gauza handia da. Denerako denbora daukat orain; irakurtzea asko gustatzen zait, soinketa egitera joaten naiz, kantu-jira taldean parte hartzen dut…

Zer nolako esperientzia izan da zuretzat irakasle izatea?
Oso pozik nago nire lana aukeratu izanarekin. Mundu honetan zerbait polita bada, hori umea dela esango nuke. Ederra da umearen mundua eta hori benetan landu egin beharko genuke: ipuin eta istorio asko kontatu behar zaizkie. Gizartea aldatu arren, umeak ume izaten jarraituko du beti. Irudimen handia dute eta umearen egia benetako egia izaten da.

Noiz eta nolatan sortu zenuten Usarrabi kantu-jira taldea Asteasun?
Donostia eta gero, inguruan antzeko ekimena sortu genuen lehenengoetako herria izan zen Asteasu. Hirugarren kurtsoa da aurtengoa eta oso pozik gaude. Ondo abestea baino gozatzea da gure helburua eta betiko kantuei eustea. Antzinako kantuak galtzeko arriskuan zeuden eta ekimen honek berpiztu egin ditu.

Zer moduzko harrera izan du ekimenak herrian?
Hamabost bat lagun biltzen gara taldean eta astelehenero elkartzen gara 19:30etan Kultur Etxean. Musika dakien zuzendaria ere badaukagu eta pozik aritzen gara kantuan, gustatu egiten zaigu. Amasa-Villabonan sortu berri den taldean ez bezala, gazterik ez zaigu gerturatzen. Agian ondoko herrian beti abesbatzen bat egon izanak bere eragina izango zuen jende gaztea erakartzerakoan.

Zein maiztasunekin antolatzen dituzue kantu-jirak?
Alkiza, Zizurkil eta Adunako taldeekin tarteka bildu egiten gara eta herri bakoitzean urtean kantu-jira bana antolatzen dugu. Kantu liburuxka bera dugu eta lau herrietan kantu berdinak abesten ditugu. Apirilaren 4an Asteasun izan zen eta 80 bat lagun bildu ginen. Aiztondo elkartean harrera egin eta hamaiketakoa eman ondoren, ohi dugunez, kanpotik etorritakoei agurra abestu genien: gure artean ateratako herriko kantutxoa daukagu, ongietorria egiteko. Herrian zehar, kalez kale kantuan ibili eta gero, Maria Luisari esker, Santamañan bildu ginen bazkaltzera. Bazkalondoren kantuan jarraitu genuen, luze. Oso egun polita izaten da.

Urteko egun berezietan ere ez duzue kantatzeko aukerarik galtzen…
Herriko festetan, Gabonetan edo Santa Ageda bezperan ere kantuan ateratzen gara. Kantu eskean biltzen dugun dirua Saharara bidaltzen dugu gehienetan. Baserrietara joaten garenean oso harreman polita sortzen da; azken urteetan hainbat baserritara ez da inor abestera joaten eta gu iristeak poz handia ematen die. Iaz izan ginen baserri batean emakumeak hunkituta esan zigun hogeita lau urte zirela inor abestera joan ez zitzaiela. Bailaraka antolatzen ditugu ibilbideak, urtero txandakatuz.

Herrian, bailaran eta eskualdetik kanpo ere abesten duzue…
Donostia edo Iruñeako kantu-jiretan parte hartu izan dugu baina, Donibane Lohitzunera joateko ohitura daukagu urtero. Lau herrietarako autobusa antolatuta, apirilaren 19an egin zen bilkura. Alderdi ezberdinetatik etorritako 500 lagun inguru bildu zen. Euskal Herriko lurralde guztietan biltzen da jendea kantatzera, dudarik gabe indar handia hartu du ekimenak. Argi dago Euskal Herrian kanturako afizioa badagoela eta polita da betiko Anttoni, Anttoni edo Xarmagarria zira moduko kantuak gordetzea.

Hitz egiteko ez ezik, abesteko ere oso ahots polita omen daukazu…
Polita ez dakit, baina asko gustatu izan zait beti abestea. Etxean ere ohitura handia izan dugu: kantuan aritu gara beti.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!