Gizartea eta historia, aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 21a, 19:06

Beterri-Aiztondo eskualdeko historia, gizarte, kultura eta hizkuntzaren inguruko gaiak aztertzeko beka deialdia egin zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak iazko urte amaieran.

Bi hautagai aurkeztu ziren deialdira, gai banarekin. Pello Joxe Aranburuk Larraul herriaren historiaren inguruko azterketa egiteko aukera zabaldu zuen, eta Eva Garciak Zizurkilgo Fraisoron egon zen haur-etxea hartu zuen ikerkizun.
Diru-laguntza bi hautagaien artean banatzea erabaki zuen Larramendi Bazkunak eta, dagoeneko, lanean ari dira bi ikerlariak. Eva Garciak bere lanaren berri eman du, eta datorren zenbakian Pello Joxe Aranbururen lana ezagutzeko aukera izango da.

Fraisoroko sehaska-etxea
Gipuzkoako hainbat eta hainbat gizon-emakume Fraisoro etxean jaioak dira. Etxe horrek urtetan eskainitako zerbitzua aztertzen ari da Eva Garcia.
2007an argitaratutako Amasa-Villabonako Erretratu Zaharren Liburuan maketatzaile lanak egin zituen Eva Garciak. Liburu horren harira izan zuen Evak Fraisoro etxearen lehendabiziko erreferentzia: “Fraisoroko haurren argazki batzuk iritsi ziren gure eskuetara eta atentzioa eman zidaten. Ezagun batekin gaiaren inguruan hitz egiten hasi, eta bera Fraisoron jaioa zela esan zidan. Horrek jakin-min berezia sortu zidan eta azterketa sakona egiteko gai egokia zela pentsatu nuen. Larramendi Bazkunaren saiakerazko beka deialdira aurkeztu, eta zenbait hilabete daramat gaiaren hari ezberdinei tiraka”.
Hiru ataletan banatu du Evak ikerketa lana. Fraisoro etxea sortu aurreko egoera batetik, etxearen inguruko datu bilketa bestetik, eta amaitzeko, etxea ezagutu zutenen bizipenak: “Garrantzitsua iruditzen zait Fraisoro etxea sortu aurreko egoeraren inguruko gogoeta egitea. Antzina, sasikume asko zen Euskal Herriko kostaldean, baina ez zen ohikoa haiek uztea. Ume hauek, orokorrean onartuak izaten ziren familietan, bazterketarik gabe, baina XVIII. mendean hasi eta XIX. mendean zehar moralaren aldaketaren eraginez, onartuak izatetik errefusatuak izatera pasa ziren”.
“XIX. mendean milioika ume abandonatu zen Europan. Orduan, Gipuzkoako tornu-etxeetan utzitako haurrak, Deba bailarakoak izan ezik, Iruñako Inklusara eramaten ziren; gero Kalahorrara, eta handik Zaragozako Nª Señora de Gracia ospitalera. Bidaia hauek, astoz, zaldiz edo gurdiz egiten ziren; kasurik onenean, haurrei bularra eman ziezaiekeen emakume batekin. Bidaia horietan emakume horrek bost edo sei ume elikatu behar izaten zituen. Baldintza kaxkar horietan, hilgarritasun-tasa ikaragarria zen”, gehitu du.

Etxearen sorrera
“Arazo honi irtenbidea eman nahian ibili zen Diputazioa XIX. mendearen hasieratik. Horretarako, Probintziako Sasikumeen Etxe Nagusia eraikitzeko proiektua egin zuen, baina, diru falta batetik eta gerrak bestetik, egitasmo hori atzeratzen joan zen. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren Gizartekintzak eman zion egitasmo honi behar zuen bultzada eta dirua. Horrela, gipuzkoarren aurrezkien irabaziei esker martxan jarri zen eraikinaren proiektua”, azaldu du Eva Garciak.
Fraisoroko lurretan eraikitzea erabaki zuten, zenbait arrazoirengatik: “Batetik, inguru naturala eta osasuntsua zelako haurrentzat eta, bestetik, nekazal eskola bertan zegoelako eta han hasiak zirelako erabiltzen lehen aldiz esne pasteurizatu eta maternizatuaren teknikak. Ramon de Cortazar arkitektoak bi medikuren laguntzaz diseinatutako eraikina estatuko onena eta Europako onenetakoa jo zuten handik urte gutxira. Bai aurrerapen pediatriko, ginekologiko eta higienikoen erabilpenagatik, bai  umeen garapenerako edoskitze naturala bultzatzeagatik. Gainera, edoskitze harreman horretan sortzen zen hurbiltasunari esker, ama askok iritzia aldatu eta haurra berekin atxikitzea erabakitzen zuen”.

Datuak eta bizipenak
Aurrekariak aztertuta, Fraisoro etxeak urtetan zehar izan zuen funtzionamendua ere ikertzen ari da Eva, “datu ofizialak biltzen ari naiz: etxearen sorreraren inguruko datuak, araudia, finantziazioa, amen eta haurren kopurua, edoskitzea, inudeak eta elikadura, umeordetzak eta adopzioak… Zenbait artxibategitara jo dut datu horien bila eta, oraindik ere, datu gehiago jasoko dudala uste dut”.
“Saiakeraren hirugarren atalean, jendearen bizipenak bildu nahi ditut; Fraisoron haurra eduki zutenenak, haurtzaroko lehen urteak han pasa zituztenenak, langileenak, haur baten bila hara joandakoenak… Badakit gaia delikatua dela, baina norbaitek bere esperientziaren berri eman nahiko balit, nahiz modu anonimoan eta diskrezio osoz, izugarri eskertuko nioke nirekin harremanetan jartzea. Hauxe da nire telefono zenbakia: 687 334 773”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!