Eskola berritzeko hitzarmena sinatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 20a, 15:33

Pello Errota ikastetxean beharrezko eraberritze lanak egiteko hitzarmena sinatu dute gaur Tontxu Campos hezkuntza kontseilariak eta Iñaki Amenabar alkateak. Udazkenean hasiko dira lanak eta hamalau hilabetez luzatuko dira. 

Herriko haur kopuruaren igoerak, eskola handitzeko beharra ekarri du Asteasura. 229 haur eta 25 irakasle hartzen ditu Pello Errota ikastetxeak eta badira zenbait urte toki falta sumatzen dutela.

Gaur sinatutako hitzarmenaren arabera, eraikin berria egingo dute egungoaren ondoan. 0 urtetik 12 urterainoko hezkuntza zerbitzua gune berean bateratuko da eta irakasle zein gurasoentzako bilera gela berriak ere egingo dira. Horrez gain, psikomotrizitate gela edo beste hezkuntza eskaintzetarako gela bereziak ere egingo dira.

Gaur egungo eraikin nagusian, bestalde, eraberritze lanak egitea aurreikusi dute. Jangela berritu egingo da eta pilotalekuarekin bateratuko duen pasagune bat ere egingo da. 

2,2 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek, horietatik 1,4 milioi Hezkuntza sailak jarriko ditu eta gainerakoa, Asteasuko Udalak. Tontxu Camposek garrantzia berezia eman dio eragile eberdinen arteko elkarlanari: "Gurasoak, irakaslegoa eta administrazioko instituzio ezberdinen arteko lana izan da. Hitzarmenaren sinadurarekin proiektuaren lehen faseari amaiera eman zaiola esan daiteke". 

Udalak, eskola berrirako proiektua aurkeztu beharko du orain. "Udaberrian aurkeztuko da Hezkuntza sailean eta beharrezko baldintza guztiak betetzen baditu, lanak esleitzea izango da hurrengo pausoa. Guztia bere bidetik badoa, udazkenean hasiko dira lanak", gehitu du Iñaki Amenabar alkateak.

Eskolako lanak udazkenean hasi eta 14 hilabetez luzatzea espero dute. "Proiektua lehen aldiz aztertu zenetik, oso garrantzitsua iruditu zaigu datorren ikasturtean eskolaren ohiko  funtzionamendua mantendu ahal izatea. Eraikin berria egiteko lanak ikasturtean zehar egingo dira, eta ahalik eta oztopo gutxien eragiteko moduan egiteko pentsatu dira. Gaur egungo eraikina berritzeko, berriz, udako oporrak baliatuko dira", azaldu du Tontxu Camposek. 

Guraso elkarteko lehendakari den Rosa Saralegi eta Irene Olazabal, Pello Errota ikastetxeko zuzendaria ere sinadura ekitaldian izan dira. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!