Garraio zerbitzua herritik kanpo bizi direnenzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 7a, 21:52

Behemendi Landa Garapen Elkarteak Andoain, Urnieta eta Hernaniko Udalen laguntzarekin zerbitzu berria jarri zuen martxan 2008an. Geroztik baserri eremuetan eta herritik urrun bizi diren adinekoei herrigunera gerturatzeko garraio zerbitzua eskaintzen zaie. Oraindik ere indarrean dago, Bidez bide izenarekin.

Modu honetan, adinekoei aukera eman nahi zaie hainbat eginkizun beren kabuz egin ditzaten. Honetarako, furgoneta egokitu baten zerbitzua eskaintzen da astelehenetik ostegunera, 08:00–12:00 orduen artean. Ostiraletan, berriz, arratsaldez 15:30-19:30 artean.
Zerbitzu hau erabiltzeko Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuekin hrremanetan jarri beharra dago 943 304 343 telefono zenbakian (Urnietarrek, berriz, 943 00 83 49 telefono zenbakian).
Herrigunetik urrun bizi diren Andoaingo eta Urnietako 65 urtetik gorako adinduek erabili ahal izango dute garraio zerbitzu berria. Erosketak egin, paseatu, lagunekin egon edota medikura joatea esku-eskura izango dute aurrerantzean baserri eremuko adinduek. Furgoneta, gainera, etxeraino joango da bezeroaren bila eta berak eskatzen duen tokira eramango zaio. Irteera erosoa bada, itzulera zer esanik ez. Bidaiariak etxerako buelta txoferrarekin adostu ahal izango du.

ZERBITZUAREN HELBURUAK
Herrigunetik urrun bizi diren adineko askorentzat arazo bilakatu da herrigunean dauden zerbitzuetara gerturatzea. Udaletxea, Osasun Etxea, Eguneko zentroa... zerbitzu horiek guztiak herrigunean daude eta herritar asko kilometro batzura bizi dira. Garraio zerbitzu berriarekin distantziak sortzen duen ezintasuna gainditu nahi da. Hori da helburu nagusiena: adinduen autonomia maila handitu eta herrigunera hurbiltzeko zailtasunak saihestu nahi dira.

DIAGNOSTIKOA
Hainbat hilabete dira zerbitzua martxan jarri zenetik. Andoainen, aldiz, oraindik ere erabiltzaile kopurua ez da oso handia. Eta beharra, egon badago. Andoaingo Udalak Behemendi Landa Garapen Elkartearekin batera, landa eremuko biztanleen gizarte beharren diagnostikoa egin zuen 2007-2008 urteetan zehar. Garraio arazoak azaldu ziren bereziki diagnostiko honetan eta baserrira iristeko garraio publikorik eta gidatzeko karnetarik ez izateak isolamendu arazoak sortzen dituztela ondorioztatu zuten. Zerbitzu berri honekin aipatu muga horiek gainditu nahi dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!