Urnietako pilotarien albistegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 7a, 21:28

USURBIL 35–30 URNIETA
XABIER AMANTEGI-ANTTON JAUREGI. LARRUZKO PALETA. SENIORRAK. Ezustekoa ematear egon ziren, baina azkenean usurbildarrak nagusitu ziren. Txapeldunorde, beraz, Zubietan jokatu zen norgehiagokan. Markagailuan aurkarien aurretik joan ziren urnietarrak. Baina usurbildarrek hautatutako pilotak, partidaren azken txanpa baldintzatu zuen. Denboraldi borobila burutzen ari da Urnietako taldea, kontuan izan behar baita, Udaberri eta Gipuzkoako Txapelketako finalera ailegatu direla. Eta hori gutxi balitz, 2009-2010 kirol denboraldian bigarren mailan jokatzeko aukera izango dute. Udaberri Txapelketa amaituta, hurrengo erronka herri arteko txapelketarako prestatzea izango da. Amantegi eta Jauregirekin batera, Aritz Zubillaga eta Juan Carlos Erasun arituko dira lehia bizian.

 

URNIETA 22–13 ALDE ZAHARRA
JON PAGOLA-MIKEL GARMENDIA. SENIORRAK. Erraz asko hartu zituzten mendean urnietarrek Donostiako aurkariak. Mikelek segurtasunez jokatu zuen arren, ez zen eroso aritu. Pagolak gustura jokatu zuen eta erremateei ohi bezalako amaiera ematen zien. Datorren jardunaldian lan asko izango dute. Andoaingo Gaztelekuko kideak izango dituzte aurrez aurre.

URNIETA1 22–20 URNIETA3
JULEN LOITEGI-AHETZE ETXEBERRIA – ANDER OIARBIDE-AITOR PAGOLA. KADETEAK. Batek finalerako txartela eskuratu eta besteak bidean geratu beharra zuen. Intentsitate maila handiko ordubeteko norgehiagokaren ostean, gorabehera handiak izan ziren markagailuan. Lehia gogorra izan zen. Une erabakigarrienean, garaileak aurrreratu ziren ordea. Lau jokalariek maila ona dutela erakutsi zuten.

ZARAUTZ1 12–22 URNIETA2
UNAI GARIN-ARITZ LIZASO. KADETEAK. Denboraldiko partida onena jokatu zuten urnietarrek. Aurreikuspen guztiak hautsi zituzten, haiek baino helduagoak, eta maila fisiko handiagoa zuten aurkarien aurrean. Aldiz, zuhurtasunez jokatu eta aurkariei min dezente eman zien Aritzek. Garinek erremate  bikainak burutu zituen. Bere azken sakea ere ikusgarria izan zen. Txalo zaparrada artean agurtu zituzten. Datorren igandeko finalean, Urnieta 1 taldearekin lehiatuko dira. Finaleko titulua beraz, etxean geratuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!