Postontzoa: "Bad Neuenahr-Andoain"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 7a, 21:26

Beldurrak eta urduritasunak gailendu ziren gure gorputzetan hegazkineko leihotik begiratzen genuen bitartean, alde batetik horrelako zerbait egiten genuen lehenengo aldia zelako eta bestetik, hizkuntzak kezkatzen gintuelako. Baina hori guztia alde batera utzita, bi asteetako esperientzia berri bat genuen aurrean, bat Alemanian eta bestea Andoainen.
Kultura aniztasun handiko eskola batean hartu genuen lur: errusiarrak, turkiarrak, albaniarrak, txinatarrak… eman ziguten ongi etorria. Hala ere, beraien artean ez zuten guk gure artean dugun harremana, ez baitira txikitatik elkar ezagutzen. Horrela esperientzia honek, horretarako aukera eman die, egun guztia batera igarotzen baikenuen alde batera eta bestera. Irakasleekin dugun konfiantza ere arrotza egin zitzaien, han oraindik “mister” erabiltzen baitute haiei deitzeko.
Familiari hemen ematen ez zaion garrantzia emateaz gain, etxean denbora asko igarotzen dute. Gainera, goizetan eskolara sartzeko ordua baino bi ordu lehenago esnatzen ziren, eta ordu laurden lehenago atean egoten ziren. Esan beharra dago, otordu guztiak familian egiten dituztela eta nahiko gosari handia egiten dutenez, egun osoa zizka-mizkan igarotzen dutela.
Gauetan oso goiz irteten ginen eta hamabiak aldera etxeratzeak, oso berandu zenaren sentsazioa ematen zigun. Hango eta hemengo parrandak ezin direla alderatu ohartu ginen, ez baitira euskaldunak bezain eroak, festazaleak… eta gainera lege aldetik oso zorrotzak direla iruditu zitzaigun.
Hala ere, diferentziak diferentzia, astea zoragarria izan zen baina hilabete barru zetozela jakinik, gure pena ez zen hainbestekoa izan. Merezi izan zuen itxaroteak, haiek berriro ikusi eta gure ohiturarik errotuenak erakusteko. Azken aste hau hobea izan da denontzat, lehenagotik elkar ezagutzen genuelako eta denbora gehiago igaro dugulako denok batera. Harrera bezala, Irunberrira eraman genituen afaltzera trikitixa eta panderoaren laguntzarekin. Astean zehar sagardotegiak ezagutzeko aukera eman genien eta giro oso ona sortu genuen kanta eta dantza artean. Baina azken gaueko afariak badu zeresana, ehun pertsona inguru elkartu baikinen Zumeatarra elkartean agur esateko aitzakiarekin momentu on bat igarotzeko.
Okerrena, dudarik gabe, azken agurra izan zen. Bi asteko esperientzia bakarrik izan bada ere, betidanik ezagutzen ditugun sentsazioarekin geratu gara eta hori izan da agian, gogorrena. Hizkuntza eta kultura aldetik ere, guztiok  irabazi dugu, oso esperientzia aberasgarria izan baita.
Larunbatean agur esan bagenien ere, gero arte bat bakarrik izatea espero dugu, bi astez gure anai-arrebak izan direnak berriz ikusteko bidaia bat antolatu nahian baikabiltza saltsan egun hauetan.
Tschüss!
 Josune Lizaso, Garazi Igarategi, Amaia Huizi, Garazi Usandizaga
AITA LARRAMENDI IKASTOLA
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!