Herritarren zerbitzura dagoen udal artxiboa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 7a, 21:25

Karmele Otaegi eta Marta Trutxuelo Andoaingo Udal artxibozainak dira. Zerbitzu ugari eskaintzen da udaleko sail horretan, baina akaso jendearengana gehien iristen dena Leyçaur aldizkaria izan liteke. Andoaingo oroimen historikoa ernarazteko eta zabaltzeko sortutako aldizkaria da bera, eta egunotan eman dute ezagutzera deialdia hamaikagarren zenbakian parte hartu ahal izateko.

Berrikuntza askorekin al dator hamaikagarren deialdia?
Marta Trutxuelo. Aurrekoen ezaugarrien bidetik dator orohar. Andoaingo historiarekin zerikusia duen edozein arlo ikertzeko dirulaguntzak eskaintzen dira; kopurua 2.300 eurokoa da, eta euskaraz datozenei 600 euro gehituko zaie. Epaimahaiak hautatzen dituen proiektuak 2010ean argitaratuko dira. Gainerakoan, benetako interesa duenak oinarriak irakurtzea besterik ez du.

Karmele Otaegi. Gaien aldetik irekia dela deialdia, hori ere azpimarratu beharko litzateke. Aurten ez dugu, aurreko zenbakian bezala, biografiei buruzko deialdi berezirik egin. Izan ere, ematen du eraginkorra izan beharrean atzera egiten duela jendea baldintza horrek.

Herriko historiari buruzko aldizkari historikoa da Leiyçaur...
K.O. Euskal Herri osoan Errenterikoa eta gurea dira horrelako ibilbidea daukaten bakarrak, oker ez bagaude. Erreferentzia da beste herri askorentzat. Badira beste zenbait aldizkari gerora sortu direnak, baina horien oinarriak irakurrita, gurearen antzekoak direla ohartzen zara.

Gaiaren bat buruan darabilen edonor animatuko zenukete proiektuak aurkeztera?
K.O. Bai noski, baina ezin da ahaztu aldizkari hau zientifikoa dela, ez dibulgatiboa. Ziurtasuna eta kalitatea eskatzen da, eta epaimahai kualifikatu batek seriotasuna ziurtatzen du. 18 urte darama aldizkariak, eta jarraikortasun hori edozer gauza ez argitaratzeari esker da.

Aldizkariak herriko ikerlari askori eman dio aukera lanak argitaratzeko...
M.T. Egia da; ez dakigu beste inon ba ote dagoen horrenbesteko ikerlari kopururik. 0tik 10era doazen hamaika aletan 57 lan aurkeztu dira, eta horietatik egile andoaindar ugari topatzen ditugu: Asun Mujika, Susana Trutxuelo, Iñaki Agirre, Leire Ibañez, Sara Caballero, Josean Rodriguez, Javier Bengoetxea, Jose Antonio Etura, Xabier Arruti, Andoni Etxezarreta, gu geu...
K.O. Pentsatzen dut zerrenda luze hori sortzeko motibazio zehatz batek eragin duela bereziki: alegia, ikerlarientzat askoz ere aberasgarriagoa da bere herriko historia ikertzea eta lan hori herriko argitalpen batean argitaratua ikustea.
 
Andoaingo historiari buruzko hainbeste ikerketa egin eta gero, ezer geratzen ote da jorratzeko?
K.O. Deialdia mugatu dela ematen du itxura batean, zaila dagoela ezer berria aurkeztea. Baina, hala ere, harritu egiten gaitu batzuk zenbateko irudimena daukaten gauza berritzaileak aurkezteko.
M.T. Karmelek aditzera ematen duen bezala, oso irekita dago oraindik ikerketaren arloa. Pentsatzen jartzen bazara, ugari topa ditzakezu. Adibidez, ahozko historia hartzen baduzu, istorio pila aterako zaizkizu. Antropologiatik joz gero, lehengo bizimodua eta oraingoa konpara daiteke... Gainera, historiako aspektu jakin bat jorratuta egoteak ez du esanahi gai hori “erreta” edo agortua dagoenik; aitzitik, gerta liteke egindako lanak ikuspegi berriak lantzeko bidea erraztea. Adibidez, Laborde enpresaren ikerketak lantegiaren arkitekturari buruzko ikerketa berri bat ekarri zuen.
 
Ze agiri mota biltzen da artxiboan?
M.T. Udalak sortzen dituen agiriak gordetzen dira batik bat. 1.700 urtetik hasita, badira zenbait liburu hemen. Hala ere, esan behar da Independentziaren gerran (1808-1814) agiri gehienak erre egin zirela eta Lehen Gerra Karlistan (1833-1840), berriz, asko kanpora eraman zirela.
Gaur egun oso gutxi espurgatzen da. Udaleko sail ezberdinek sortu eta espedientatu dituzten agiriak bost bat urtera gordetzen dira artxiboan. Azken aldian agiri horiek paperean ez ezik formato digitalean ere badatoz maiz.
K.O. Horietaz aparte, bestelako agiri historikoak ere biltzen dira. Laborde fondoa, argazkiak (udalak berak zeuzkanak, jaso dituenak edo argazkilariei erosi dizkienak)... Gainera, Andoaingo historiarekin zerikusia duen dokumentazio ezberdina ari gara erosten, artxiboa aberastuz horrela. Orain gutxi, adibidez, “El emigrado” pelikulako kopia bat ekarri da; Labordeko langileak parte hartzen dute bertan, txistua jotzen dute eta dantza egiten. Franco Sapa-ra etorri zeneko NO-DO-a ere eskuratu ahal izan dugu. Interneten izaten diren enkanteen foroetan ere sartzen gara gauzak erosteko, eta aurreko batean, artxiboan falta zen Santakrutzetako esku-programa lortu ahal izan dugu.

Jasotzen duzue herritarrek ekarritako agiri partikularrak?
K.O. Jasotzen ditugu, bai, eta bide horretatik herritarrak animatu nahiko genituzke. Agiri zaharrak ez ditzatela bota zakarretara; ekar ditzatela, eta ez badituzte utzi nahi familiarenak direlako edo beste arrazoiarengatik, lasai, kopia atera eta gero itzuli egingo dizkiegu.
Behin eskritura zahar batzuek eskuan hartuta etorri zitzaigun herritar bat, zabortegi batean topatu zituela esanez. Behar zena ordaindu eta eranskin modura argitaratu egin genuen Leyçaur batean.

Zerbitzu publikoa betetzen duzuen aldetik, kontsulta asko izaten al dituzue?
K.O. Udaletxeko barne kontsultak kenduta, 319 izan genituen iaz. Horietatik 245 ikerketaren batekin zerikusia zutenak eta 17 hezkuntzako ikasleek eginak; gainerako 57ren artean denetarik daude, baina hirigintzarekin lotuak gehienak (etxeko planoak, lur sailak...).    

Xaguak, hezetasuna... etsai izango dituzue...
K.O. Horien arrastorik ez daukagu zorionez. Toki falta da artxiboaren arazoa. Orain beste egoitza batera eramaten ditugu karpeta asko; baina hura ere txikia geratuko zaigu bizpahiru urteren buruan. Udalak beste eraikuntzaren bat egingo balu etorkizunean, hortik letorke konponbidea agian.

Kontsulta xelebreak izango dituzue, kontatzeko modukoak...
M.T. Artxibo guztietan gertatzen dena hemen ere gertatu izan da: “nire familiaren liburua ikusi nahi dut” esanez etorri izan da baten bat, artxiboan herriko gauza guztiei buruzko liburu bat egon behar duela pentsatuta.
K.O. Beste behin, herritar bat aspaldiko udal padroi baten kopia batekin etorri zitzaigun, txukun koadernatuta zekarren gainera. Eskerrak eman genion, baina alkatearen bidez jakinarazi genion padroi originala udalarena zela eta itzuli egin beharko zuela. Hura desiatzen zegoen guk eskatzeko, egia esanda. Aurrekoren batek eman ziolako zeukan agiria etxean, eta bazekien hura udalarena zela. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!