Mikel Atxaga, bidegile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko api. 7a, 21:21

Euskal kulturaren sustapenen bidegile edota ekintzaile fin eta amorratua… Esker oneko eta zorion hitzak nagusitu ziren, Mikel Atxaga omentzeko Donostiako Miramar jauregian martxoaren 31n burutu zen ekitaldian.

Urteotan bidelagun izan dituenak, etxekoak, lankideak, lagunak bertaratu ziren. Aurrez aurre zoriondu zuten batek baino gehiagok, beste hainbatek omenaldian zehar eskaini zen bideo baten bidez. Dantzari eta txalapartarien emanaldiarekin hasi eta bukatu zen hitzorduan hainbat aurpegi ezagunek hitza hartu zuten azken berrogei urteotan euskararen langile nekaezin eta profesional bikain gisa aurkeztu zuten Atxagari ohore egiteko.  
Ekitaldi berean, bere idazlanen bilduma liburua ere aurkeztu zen, “Mikel Atxaga bidegilea” izenekoa. Euskaraz, euskaltzaleez, bakeaz eta bestelakoez idatzitako testuen antologia irakur liteke, baita Anjel Lertxundiren gogoetekin batera, Elixabete Garmendiak Atxagari buruz osatutako erreportajea ere. Senezko pertsona gisa definitu zuen kazetariak lagun duen urnietarra. “Senak egin du gizon hau euskaltzale, abertzale eta herrizale”, adierazi zuen Garmendiak. Omenaldia berarekin zegoen zorra kitatzen hasteko ekitaldia zela zioen.  
Azken legealdian Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu lanetan jardun den Miren Azkaratek euskal hizkuntza eta kulturgintzaren alorrean orain arte egindako lana hurrengo belaunaldiei helarazteko dagoen beharra azpimarratu zuen. “Bidea egin dutenen lana jaso eta horren berri ematea”, zioen. Miramarren aurkeztu zen liburuarekin, azken aldian urnietarra berak koordinatu eta zuzendu eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatzen duen Bidegileak bildumako protagonista bihurtu da Atxaga.       
Urte hasieran Merezimenduzko Argia saria jaso zuen omenduak berak idatziz prestatutako hitzak irakurri zituen, ekitaldiko aurkezle lanetan jardun zuen Xabier Euzkitzek. Gogoan izan zituen etxekoak, bere gaztaroko Urnieta, bere lehen jardun urteetako Usurbil, Donostian burututako lana, eta batez ere bide luze honetan ondoan izan dituenak, haiekin izandako harremanek pertsona gisa aberastu zutela azpimarratuz. Azkenik gogoan izan zituen euskaraz dihardutenak: “Euskarari eutsi diozuen, idazle, kantari, kazetariei eskerrik irmoena bihotz bihotzez”.

IBILBIDE LUZEA,
LAN HANDIA
1932: Urnietan sortu.
1971: Zeruko Argian lanean hasi zen.
1977-2007: Deia egunkarian idatzi du.
1997: Bidegileak bildumako koordinazio eta zuzendaritza lanen arduradun.
Bere obrak: Deiadarrak, Gaztetxo, Ezkontza bidean, Xalbador…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!